'Jumanji’
Euskal Herriko edozein hiriburu. Behin eguna erorita dator gaua. Koronabirusak eragindako konfinamenduak hutsik utzi ditu hiriko kaleak. Gizartearen parentesi partekatu eta bitxi batean murgildurik gaude. Bat-batean, asfaltoan trostan, sastraka artean eta zebrabidea gurutzatzen basurde bat. Antzerako beste bideo batean bi azeri, autoz gainezka egoten den biribilgune bat zeharkatzen. Jumanji berezi hau, gainera, ez da soilik geure inguruan gertatzen ari; Japoniako hainbat hiritan edota Erresuma Batuan ehunka orein agertu dira, adibidez. Martxoaren amaieran, ahate talde bat Parisko erdiguneko plaza batetik ibili zen. Thailandian dozenaka tximino agertu dira janari bila, eta Ipar Amerikako San Frantzisko eta Hego Carolina hirietan koioteak eta kaimanen irudiak ere zabaldu dituzte.
Animalien irudien bideoak biralak bihurtzen diren bitartean, hustutako hiri horietako biztanle berriak eurak izango ote diren galdezka ari natzaio neure buruari. Ez litzaidake axolako egia esan. Urteen poderioz animaliei, eta naturari oro har, lapurtu diegun lurra berreskuratzen hasiak dira. Beraiena dena nahi dute, besterik ez. Pandemia hau naturak hartu duen justizia poetikoa izan ote da? Lezio hau ikasiko dugu eta hau guztia amaitzean natura eta animaliak gehiago errespetatu eta maitatuko ditugu? Kutsadura maila ikaragarria murriztuko ote dugu, bizitza jasangarri baten aldeko apustua egingo dugu eta arduratsuak izango ote gara ingurumenarekin?
Ni bai inozoa. Lehen bi paragrafo horiek, konfinamendu erdian murgildurik geundela buruan bueltaka nuen ideia zoro bat besterik ez zen. Zoroa diot kalera irteteko askatasuna berreskuratzen ari garen honetan itxialdiaren aurreko espezie bera garela frogatzen ari garelako. Apurtxo bat berreskuratu genituen paisaia berdeak, ur gardenak edota kale garbiak, maskaraz eta eskularruez gainezka daudelako adibidez. Sarritan pentsatzen dut, gizakiok dugun jarrera suntsikor eta berekoia ikustean, ez litzaidakeela axolako animalez inguraturik bizitzea.
Polita izan da bizi dugun aldi baterako Jumanji berezi hau baina zoritxarrez 1995. urteko film ezagun hori bezala, fikzio hutsa izan dela uste dut. Hiru hilabetez bizi izan dugun ameskeria.