Hamasei urtetik beherakoei legez sare sozialetan sartzea debekatzeko joera zabaltzen ari da

Hamasei urtetik beherakoei legez sare sozialetan sartzea debekatzeko joera zabaltzen ari da Danimarkako gobernuak neurriak hartuko ditu, eta Europako Batasunak ere norabide horretatik jotzeko adostasuna erakutsi du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hamasei-urtetik-beherakoei-sare-sozialetan-sartzea-debekatzeko-joera-zabaltzen-ari-da/@@download/image/pexels-olly-3755754.jpg
2025/11/28

Testua: Maitane Legarreta

Danimarkako gobernuak neurriak hartuko ditu, eta Europako Batasunak ere norabide horretatik jotzeko adostasuna erakutsi du.
Hamasei urtetik beherakoei legez sare sozialetan sartzea debekatzeko joera zabaltzen ari da

Hamabost urtez azpiko gaztetxo eta umeek sare sozialetan sartzeko aukerarik ez izatea erabaki du Danimarkako gobernuak, "haiek babesteko" helburuz. Hala ere, zenbait kasutan, gurasoek salbuespena egiteko aukera izango dute 13 urtetik aurrera sar daitezen. Horrekin batera, beste hainbat ekimen ere jarri nahi dituzte martxan, tartean informazio kanpainak eta gaztetxoentzako bestelako eskaintzak sustatzea. 

Dinamarkan ez ezik, beste hainbat herrialdetan ere bide beretik ari dira jotzen. Frantziak hamabost urtetik beherakoei sare sozialetan ibiltzeko debekua ezartzeko lege-proiektua aurkeztu du. Horretaz gain, 15 eta 18 urte arteko gazteek sare sozialak 22:00etatik 20:00etara ez erabiltzea, institutuetan adimendun telefonoak debekatzea, eta gurasoen "arduragabekeria digitala" kontzeptua aurkeztea ere badute asmoen artean.

Malasiako gobernuak ere hamasei urtetik beherakoek sare sozialak erabiltzea saihestu nahi dute lege bidez. 2026ra begira, plataforma guztiek erabiltzaileen identitatea egiaztatzeko sistema martxan jartzea espero dute. Erabiltzaileek dokumentu ofizialen bidez ziurtatu beharko dute haien adina. Neurri honen bidez, haurrak sare bidezko iruzurren, ziberjazarpenaren edo sexu-esplotazioaren biktima izatea eragotzi nahi dute.

Australian iaz onartu zuten sare sozialetan 16 urtetik beherakoen presentzia debekatzeko legea, eta 30 milioi eurora arteko isunak aurreikusi zituzten hori betetzen ez zuten plataformentzat. Puerto Ricon, berriz, 18 izan behar dira sare sozialetan kontua egin ahal izateko.

Europako Parlamentuaren proposamena
Aste honetan Europako diputatuek adinez nagusiak ez direnek inguru digitalean dituzten osasun arriskuen inguruko kezka adierazten duen txostena onartu dute aldeko 483 bozkarekin. Eduki digitalen "adikzioa handitzeko manipulazio estrategien" aurrean, gaztetxoek "babes handiagoa" behar dutela nabarmendu dute, "online edukiekin hartu-eman osasuntsua eduki ahal izatea" eta "kontzentrazio gaitasuna kaltetzen" baitute.

Hori dela eta, Europar Batasun osoan sare sozialetara sartzeko gutxieneko adina ezarri nahi dute: 16 urte. Gurasoen baimena izanez gero, hamahiru urtetik aurrera ere baimendurik izango lukete. Europako Batzordeak adina egiaztatzeko aplikazioa bat garatzea proposatu du eta diputatuek babesa eman diote ideia horri. Sistemaren fidagarritasuna ziurtatzeari garrantzia eman diote, eta baita adinez nagusiak ez direnen pribatutasuna babesteari ere. Hala eta guztiz ere, plataformek haien produktuak adin-tarte bakoitzarentzat aproposak izatea bermatu beharko dutela azpimarratu dute.

Txostenean emandako datuen arabera, gazteen % 97 egunero konektatzen da Internetera, eta 13 eta 17 urte artekoen % 78k gutxienez ordubetean behin begiratzen du mugikorra edo gailu digitala. Era berean, adin txikikoen lautik batek adimendun telefonoarekin duen harremana "disfuntzionala" da, hau da, adikzioarekin zerikusia duten jokabide-ereduak dituzte.