Herrialde honetan lantokian edo eskolan lo-kuluxka egin ahal izango duzu, kaleratua edo zigortua izateko arriskurik gabe

Herrialde honetan lantokian edo eskolan lo-kuluxka egin ahal izango duzu, kaleratua edo zigortua izateko arriskurik gabe Nekea sentitzen denean atseden hartzea ez da alferkeriaren seinale toki guztietan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/herrialde-honetan-lantokian-edo-eskolan-lo-kuluxka-egin-ahal-izango-duzu-kaleratua-edo-zigortua-izateko-arriskurik-gabe/@@download/image/tsutayakaden_231201.jpg
2025/11/27

Testua: Maitane Legarreta

Nekea sentitzen denean atseden hartzea ez da alferkeriaren seinale toki guztietan.
Herrialde honetan lantokian edo eskolan lo-kuluxka egin ahal izango duzu, kaleratua edo zigortua izateko arriskurik gabe

Gaur egungo bizimodu azkar eta geldiezina kontuan izanda, ez da harritzekoa izaten nekea pilatzea. Hori dela eta, lantokian zaudela, behin baino gehiagotan sentituko zenuen atseden hartzeko premia, eta akaso hantxe bertan lo-kuluxka bat egiteko nahia adierazi diezu lankideei. Izaten dira halakoen inguruko adar jotzeak ere.

Bada, Japonian lan egingo bazenu, lasai asko egingo ahalko zenuke lo-kuluxka lantokian bertan. Loari garrantzi handia ematen diote, japoniarrek ez dutelako behar beste lo egiten. 2023an egindako inkesta baten arabera, Japonian lan egiten duen biztanleriaren %40 baino gehiagok sei ordu baino gutxiago egiten ditu lo. 

Hori dela eta, azken urteotan lantokia ere horretarako toki aproposa bihurtu da. Lantokian ez ezik, eskolan, parkean, kafetegian, liburu-dendetan, merkataritza-guneetan edo lotarako toki egokia bilatzen duten toki publikoetan izaten dute aukera. Bost eta hirurogei minutu arteko tartea hartu ohi dute, egoeraren eta testuinguruak uzten dienaren arabera. Ohitura honek badu izena ere: inemuri.  Zera esan nahi du: "norbera bertan, presente, dagoen bitartean lo egitea".

Jardueren arteko loaldi labur hori ez da nagikeria edo alferkeria seinaletzat hartzen. Kontrakoa, gogor lan egin edo ikasten aritu izanak sortutako nekearen ondorioa da haientzat. Arduratsua izan eta betebeharrei behar bezala erantzun diezula adierazten du, eta loaldiaren ondoren berriz ere kemen berarekin helduko diezula zereginei.

Izan ere, loak uste duguna baino garrantzi handiagoa du. Behar beste lo ez egiteak nekea, suminkortasuna, kontzentratzeko eta gogoratzeko arazoak, tentsio altua eta bihotzeko gaixotasunak eragin ditzake. Horretaz gain, immunitate-sistema ahuldu dezake eta energia murriztu. Lo-kuluxkak hainbat onura ekar ditzakeela aipatu ohi da: arreta handiagoa izatea, aldarte hobea, erlaxatuta egotea, nekea gutxitzea eta produktibitatea handitzea. Enpresei ere interesatzen zaie, beraz, langileek atseden hartzea.

Ohikoa den moduan, joera horri etekina ateratzeko hainbat produktu agertu dira merkatuan. Osakako enpresa batek Gogo no Makura izeneko burkoa sortu du, erdian zulo bat duen eta aurpegia sartzeko barru biguna duen euskarria. Burkoa lan-mahaiaren gainean jarri eta, burua haren kontra jarriz, lo egiteko. 

Giraffenap izeneko lotarako guneak ere badira Tokioko kafetegietan. Plataforma hauetan burua, ipurdia, hankak eta berna-bizkarra ergonomikoki sostengatzeko aukera dago, hogei bat minutuko lo-kuluxka egin ahal izateko.