Zein ondorio psikologiko dituzte distantzia sozialak eta besarkaden gabeziak?

Bestearen berotasuna inoiz baino gehiago behar dugun honetan, besarkada batek hil egin gaitzake. Ukondoak elkar jo besterik ezin dugu egin, eta Munduko Osasun Erakundearen arabera, hori ere ez. Baina nola eragiten digu debeku honek?
Neurobiologia ikertzaile nagusietako bat den Robin Dunbar-ek argi du honek izango dituen ondorioak. Estimulazio sozialaren gabeziak arrazoinamenduan eta memoriaren funtzionamenduan eragina du, baita hormonen orekan ere eta garuneko materia gris zein zuriaren konexioen artean ere. Finean gaixotasun fisiko eta mentalei ganoraz aurre egiteko gaitasuna gutxitzen da.
Dunbar-ek dio ziur dagoela harreman sozialen gabezia honek hilkortasun aukerak igotzen dituela tabakoak, alkoholak edo ariketa fisikoak ez egiteak bezain beste. Horren froga dela dio, gure harreman sozialak mehatxupean aurkitu izan diren bakoitzean gure segurtasun fisikoa arriskuan daudeneko garuneko guneak lanean jartzen direla.
Biziraupenerako eta bizi-luze baterako mehatxu gorena izan liteke isolamendu soziala Dunbar-en ustez. Izan ere, besteekiko kontaktua jaisten denean, gure sistema immunitarioaren defentsak ere jaitsi egiten dira. Dirudienez, besarkatzean azalean ditugun ukimen nerbioak aktibatzen dira eta hauek garunera endorfinak ekoizteko seinalea bidaltzen dute, plazera sortuz, eta gainera sistema immunitarioa indartuz. Horregatik, adituek ondorioztatzen dute besarkadak mugatuz eta pertsonak isolatuz kanpoko mehatxuentzat ikusgarriago bilakatzen garela.