Ilargi musikariaren 'Jaizkibel' abestia: doluan izandako ametsa kantu bihurtuta

Ilargi musikariaren 'Jaizkibel' abestia: doluan izandako ametsa kantu bihurtuta Azaroan kaleratuko duen diskoko bigarren aurrerapen kantua da, eta aitaren heriotzaren dolu prozesuan izandako amets batetik sortutakoa da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ilargi-musikariaren-jaizkibel-abestia-doluan-izandako-ametsa-kantu-bihurtuta/@@download/image/1.JPG
2025/10/29

Testua: Maitane Legarreta

Azaroan kaleratuko duen diskoko bigarren aurrerapen kantua da, eta aitaren heriotzaren dolu prozesuan izandako amets batetik sortutakoa da.
Ilargi musikariaren 'Jaizkibel' abestia: doluan izandako ametsa kantu bihurtuta

Ilargi musikariak azaldu duenez, umetan sarritan joaten zen Jaizkibelera, aitak asko maite baitzuen txoko hura. Hura hildakoan, Ilargik kantak sortzeari utzi zion eta handik urtebetera, 2023an, aitarekin amets egin zuen. Jaizkibelen kokatutako ametsa izan zen, behin baino gehiagotan bisitatutako Mixintxolan. Jaizkibel kantua sortu zen amets hartatik, eta azaro amaieran kaleratuko duen Dolu(s)min diskoa sortzeko pizgarria ere izan zen.

Abestiaren oinarrian "galera batek eragiten duen hutsunea betetzeko beharra dago". Ilargiren hitzetan, “kanta sortu nuenean ez nintzen kontziente atzetik zegoen minaz, eta hasiera batean, alaia zela iruditzen zitzaidan. Gerora ohartu naiz kantaren atzetik dagoen minaz, nire aitarekin oroitzeko beharraz eta ahazteko beldurraz, eta honi buruz ere hitz egin behar dela uste dut.”

Hil artean bizi  lehen kantu aurrerapenarekin "proiektuaren alderdi soziala" erakutsi nahi izan zuen, eta Jaizkibel-ekin, "diskoaren alderdi pertsonala eta proiektuan honek duen pisua" azaldu nahi izan du. 

Abestia Haritz Harreguyk ekoitzi, grabatu eta nahastu du bere estudioan. Perkusioan Mikel Zubiria aritu da, Manu Moro gitarretan eta elektronikan Ilargi.

Beldurra eta oroitzeko desioa irudi bihurtuta
Kantuarekin batera bideoklipa ere plazaratu du Ilargik. Jon Alberto Lejardik zuzendu du, eta bideokliparen helburua abestiaren atzean dagoen "ahanzturaren beldurra eta oroitzeko desioa" islatzea izan da, baita bizitako prozesua sinbolikoki islatzea ere. Zuzendariak adierazi duenez, “lan honekin Ilargiren gainditze arkua irudikatu nahi izan dut: iraganeko zaurien kontzientzia hartzea, gutuna (kanta) idazteko ekintza, eta azkenik, hori erreta errauts bilakatu eta bizitza berriarentzako elikagai bihurtzea. Bidaia fisiko eta emozionala da.”.

Ilargi aritu da aktore lanetan, Aritz Aranburu izan da ekoizpen arduraduna, Oroitz Arrizabalaga arduradun teknikoa, eta estilismoan Gurutze Alberdi aritu da.

Doluaren inguruko ikus-entzunezkoak lagun
Doluari ikusgarritasuna emateko proiektua, musikatik haratago eraman nahi izan du Ilargik. Horregatik, GAZTEZULOrekin elkarlanean, doluaren inguruko saio bat egin du. Bertan, elkarrizketatuen bidez, hainbat dolu motatara hurbiltzen da abeslaria saioetan zehar.

Astero atalen aurrerapenak izaten ditugu webgunean eta hiru astean behin, atal osoa. Lehen atala ikusgai dago, eta bigarrena azaroaren 4an argitaratuko dugu webgunean bertan.