Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Asteburu honetan beharbada azken aldiz aldatuko dugu ordutegia, beraz, ondo aprobetxatu ordu estra! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-93/@@download/image/BIME-publico-1.jpg
2018/10/25
berria
Asteburu honetan beharbada azken aldiz aldatuko dugu ordutegia, beraz, ondo aprobetxatu ordu estra!
Ze plan astebururako?

DONOSTIA: Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

Udazkenero Antzoki Zaharra eta bere inguruak festa bilakatzen dira fantasiazko eta beldurrezko zinemazaleentzat. Larunabtean, hilak 27 hasi eta azaroaren 2a arte, urteko genero-film onenak, erakusketak eta bestelako jarduerak elkartzen dira Donostian, eta kaleak kolorez, dibertsioz eta fantasiaz betetzen dira. Zeren zain zaude zinemaren jaialdi beldurgarri honen parte izateko? Eman begiratu bat EGITARAUAri.

BIZKAIA: Udagoieneko Ostera

Euskaltzaleen Topaguneak zortzi zuzeneko emanaldi antolatu ditu, urriaren 27tik azaroaren 23ra bitarte, Bizkaiko antzoki banatan gozatzeko. Hemeretzi urte bete berritan eta hogeigarren edizioan begia jarrita, aurtengo Ostera berezia dator, ziklo berri baten iragarle. Haize freskoa dator, euskarazko sortzaileen aniztasuna eszenatokietan erakusteko asmoz. Publikoaren eta sortzaileen arteko konexioa plaza berrietan, formatu txiki eta handietan; Bizkaia osoan zehar zabaldu nahi du Udagoieneko Osterak hemen euskaraz egiten denaren uzta. Bilbo, Durango, Gernika, Sopela... Jarraian duzue egitaraua osorik!

BILBO: BIME Live!

Urtero bezala, hemen da musika elektronikoaren festa handia. Asteburu osoko plana duzu beraz Barakaldoko BEC aretoan. Oraindik ez dakizu nor datorren? Adi kartelari! Sarrerak eskuratzeko, sakatu hemen.

DURANGO: Zazpi Senideko

Ostegunean, hilak 25, ez galdu Artedramaren antzezlan paregabe hau. Emanaldia Durangoko San Agustin kultur gunean izango da, 19:00etan, eta sarrerak 8 euro balio ditu. Anaitasunarena, txikitatik eraikitako labirintoa da, ihesbiderik gabekoa, lotura bat. Odolekoak ala biziak eskainitakoak, senideak norbanakoa osatzen du.

Baina nola aritu anaia, ahizpa, neba edo arreba ebatsia izan zaigunean? Presondegiak, auto istripuak edo gaixotasunak bete ezinezko hutsunea sentiarazten duenean, nola dirau gurea dugun GU horrek bizirik?

Bi aktore. Bi anaia. Eta zazpi istorio antzerkira ekarriak.

Fitxa artistikoa

  • Zuzendaria: Ander Lipus
  • Aktoreak: Ximun Fuchs, Manex Fuchs
  • Testigantzak: Lander Garro, Gaizka Sarasola, Lorentxa Beyrie, Aitzaro Arano, Argi Perurena, Unai Iturriaga, Eñaut Castagnet

GASTEIZ: Maider Zabalegi

Maider Zabalegi da urriko Eskilarapeko Soinuak formatu txikiko musika kontzertuen zikloko protagonista. Musikaren munduari betidanik estuki lotuta egon da Maider Zabalegi eta aurreko urtean bere bakarkako lehen lana estreinatu zuen: “Zuei”. Bere zuzeneko ederraz gozatzeko aukera duzu ostegunean, hilak 25, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, 19:30ean.

BIARRITZ: Neskatoak

Jon Abril Olaetxeak antolatutako ikus-entzunezko emanaldi hau ezin duzu galdu. Biarritzeko Mediatekan eskainiko dute ostegunean, hilak 25, 19:00etan.

1940 eta 1975 urteen artean emakume anitzek euren etxea utzi eta Ipar Euskal Herrira zein Frantziako bertze hainbat tokitara joan behar izan zuten neskame edo neskato lanetan aritzera. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia utzi zuten gibelean. Maiz, mendiz joan ziren, gordeka. Frankismoaren urterik gogorrenak ziren. Ipar Euskal Herriko hoteletan eta jatetxeetan aritu ziren lanean, baina baita etxe partikularretara ere, zerbitzari moduan. 12 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, pasaporterik gabe, lanerako baimenik gabe, eta frantsesik jakin gabe.

Gaur egungo migrazio-prozesuetan bezala, emakumeek paper hagitz aktiboa izan zuten orduko gizartean, bertan gelditzen ziren gurasoei eta etxekoei ekonomikoki berebiziko laguntza eman baitzieten.

 

 

DONOSTIA: "Euskal Emakume Konpositoreak: Ondare ezkutu baten egoera"

Bazenekien ERESBILek 2.100 musikagileen obrak gordetzen dituela bere funtsetan, eta horietatik, soilik 80 emakumeenak direla? Musikagile emakumeen ikuspegia azaleratzeko hiru emakume musikagile bilduko mahai inguru batetan. Ostiralean, hilak 26, Mazarredo, Peñafloridako kondesa, Julie Adrienne Carricaburu eta Emiliana Zubeldiaren obrak entzungo dituzu Leire Rivas (sopranoa) eta Gotzone Higueraren (pianoa) eskutik. Ekitaldia Tabakaleran izango da, 19:00etan, doan.

IRUÑEA: Hemengo Antzerkiaren Erakustaldia

Iruñean sekulako plana antolatu dute datozen egunetarako: Hemengo Antzerkiaren XXI. erakustaldia Iturrama, Mendillorri eta Sanduzelaiko Civivoxetan, urriaren 24tik azaroaren 12ra.

Sarrera librea da, eta antzerkizaleok Nafarroako antzerki amateurreko taldeen 14 emanaldirekin gozatuko duzue. Hemen duzue EGITARAUA!