Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Zaila egingo zaizu plan zoragarri hauetako bat aukeratzea! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-1568880385.36/@@download/image/zeplan_home.jpg
2019/09/19
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Zaila egingo zaizu plan zoragarri hauetako bat aukeratzea!
Ze plan astebururako?

ERRENTERIA: Atlantikaldia

Asteburuaz gozatzeko helmuga ederra izango da Errenteria; Atlantikaldirako sekulako egitaraua prestatu dute, eta  irailaren 19tik 22ra ospatuko da Marea Biziak lelopean. Jaialdia bi zutabetan oinarrituko dela: kultur topagune itzela eta musika jaialdi bakarra. Kultur topagune den aldetik, kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetuko ditu publikoari ekintza anitzak eskainiz. Musika jaialdia ere izango da, baina ez edonolakoa: kanpotik etorritako eta bertako artisten arteko elkarlanetik sortutako kontzertu berezi eta bakarrak eskainiko baitira. Nathy Peluso (Argentina), The Skatalites (Jamaika), Abdul & The Gang (Maroko/Frantzia), BIM (Benin), Oreka TX (Euskal Herria) eta San Salvador(Okzitania) izango dira agertoki nagusian.

DONOSTIA: Zinemaldia

Iritsi da urteroko zinema zitarik garrantzitsuena; Zinemaldia. Aurten ere, hiriburua zinemaren munduko izarrekin jantziko da, uneko film esanguratsuenak eskainiz. Ostiralean hasiko da jaialdia, eta 67. edizioko Donostia saridunez gain –Penélope Cruz, Donald Sutherland eta Costa-Gavras–, aktore eta zinemagileen zerrenda luzeak baieztatu du Donostiara etorriko dela filmak aurkeztera. Beste hainbat aktoreren artean, Zinemaldian izango dira Javier Bardem(Sanctuary, Beste jarduera batzuk), Laetitia Casta (Le milieu de l’horizon, New Directors),Ricardo Darín (La odisea de los giles, Sail Ofiziala), Anaïs Demoustier (Alice et le maire, Perlak), Gael García Bernal (Chicuarotes, Horizontes Latinos; Ema, Perlak; eta Wasp Network, Donostia sariaren emanaldia), Valeria Golino (Adults in the Room, Donostia sariaren emanaldia), Nina Hoss (Das Vorspiel / The Audition, Sail Ofiziala), Reda Kateb(Hors normes, Perlak), Catherine McCormack (The Song of Names, Sail Ofiziala), Sam Neill(Blackbird, Sail Ofiziala), Tim Roth (The Song of Names, Sail Ofiziala) eta Kristen Stewart(Seberg, Perlak). Gehiago jakiteko, jarraitu urtero bezala Zurriolako Butaka!

SARA: Kalakan

Kalakanek hiru kontzertu emango ditu irailaren 20tik 22ra Sarako haitzuloetan. Hainbat artista gonbidatu izango dira bertan.

Irailak 20

  • Kalakan + Kim Carnie + Innes White

Irailak 21

  • Kalakan + Loinatz abesbatza

Irailak 22

  • Kalakan + Berçaits Anaiak + Andoni Aguirre + Dominique Le Guichaoua

Sarrerak salgai daude dagoeneko www.terreetcotebasques.com webgunean, 18 euroko prezioan.

GASTEIZ: Magialdia

Magialdiaren XXXI. edizioa irailaren 16tik 22ra bitartean egingo da, eta berriro ere Gasteiz magiaren europar hiriburua bihurtuko da. Iaz handitu egin zen erakusleiho kopurua, 11ra, Magialdia Zabalganera eramateko, eta aurten ere hala egingo da. 400 mago profesional eta amateurrek baino gehiagok hartuko dute parte Europa biltzar jauregiko lan jardunaldi espezializatuetan, haientzat ekitaldi esklusiboak antolatzen baitira, magiari buruzko liburuen aurkezpenak, besteak beste. Orobat, mago onenetako batzuek azken ekoizpenak aurkeztuko dizkiete beren kideei. Jarduera hori Magialdian baino ez da eskaintzen!

KANBO: Gure Zirkua

Zirku ibiltaria izateaz gain, zirkuko euskal artistentzako topagunea! Hainbat diziplinatako euskal artistek lan egin ahal izateko zirku bat! Herriz herri ibiltzeko aukera emango du GURE ZIRKUAk; 19tik 22ra Kanbon aurkituko duzue, ez galdu!