ZE PLAN ASTEBURURAKO?

ZE PLAN ASTEBURURAKO? Oraindik astebururako planik gabe? Hementxe GAZTEZULOk zuretzat mimo handiz aukeratutako zenbait proposamen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-1553153678.73/@@download/image/ze plan irudia.jpeg
2019/03/21

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Oraindik astebururako planik gabe? Hementxe GAZTEZULOk zuretzat mimo handiz aukeratutako zenbait proposamen.
ZE PLAN ASTEBURURAKO?

MARGOLARIA

Martxoak 22 zinema aretoetan.

Oier Aranzabalek iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen pelikula zinema aretoetara iritsiko da ostiralean. Mikel Urdangarin sortzaile moduan ardatz baldin badu ere sorkuntza, bere obraz bizitzearen erabakia, sorkuntza prozesua, bakardadea edota fama bezalako gai unibertsalak jorratzen ditu. Dokumentalaz gehiago jakin nahi baduzu hemen GAZTEZULOk Oier Aranzabal zuzendaria egindako elkarrizketa.

 

ESKEAN KRISTÖ ETA HARTZ TALDEAK DEBAN

Martxoak 22, 21:30etan Debako gaztetxean.

Sarrera: 5 euro.

Neguko Gudak ekimenak bere laugarren edizioa ospatuko du martxoaren 22an eta ospatzeko Eskean Kristö talde bizkaitarrak betiko rock and roll zikin eta lotsarik gabea eramango du Debako gaztetxera. Beraien aurretik Hartz taldeak gogoak berotuko ditu bere melodia ilun eta sentikorrekin. Rock'n'roll!

 

JOSEBA IRAZOKI, THE LOOKERS, EKIZA ETA GARTXOT UNSAIN BIARRITZEN

Martxoak 22, 20etan Atabal aretoan.

Sarrera: Aurretik 10 euro, bertan 13 euro.

Biarritzeko Atabal aretoa ezaguna da nazioarteko hainbat eta hainbat talde bikainek bertan jo ohi dutelako, baina bertakoez ere ez dira ahazten eta jaialdi txiki bezain oparoa eskainiko du martxoaren 22an. Bertan arituko dira Joseba Irazoki ipurterrea, The Lookers energiaz beteriko hirukotea, Ekiza bere melodia intimistekin eta Gartxot Unsain bere errima ero eta bertsio bereziekin. Aniztasuna da bidea.

 

KORRIKA KULTURALA BAIONAN

Jada Korrika kulturalaren barruan bete-betean sartuta gaude. Apirilak 4a bitarte, berotzen jarraitzeko Baionan zenbait ekitaldi interesgarri antolatu dituzte.

Martxoak 22, 18:00etan Baionako Euskal Museoan.

Korrika Munduan erakusketa egongo da bertan, Diaspora berria pelikula ikusi ahal izango da eta Aguxtin Alkhat, Pantxitx Bidart eta Patxi Amuleten kontzertuez gozatu ahal izango da.

 

Martxoak 23, 20:30etan Herriko antzokian

Kalaportu - Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz ikuskizunaz gozatu ahal izango da. Ikuskari honen oinarri artistikoa musika izango da. Horretarako hamar bat musikarik (Audience, Eñaut Elorrietan, Mikel Urdangarin, Xendarineko Ahizpak, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Dana, Gorka Urbizu eta Ruper Ordorika) kantu berriak plazaratuko dituzte. Audience oinarrizko banda bezala erabiliz kantariek euren sormena aurkeztuko dute. Horrez gain, poemen berbek eta irudiek lagunduko dute Sarrionandiaren lurralde poetikoa irudikatzen. Ikuskariaren idazleak Uxue Alberdi eta Harkaitz Cano izan dira, ikus-entzunezkoaz Mireia Gabilondo arduratu da.

 

EÑAUT ELORRIETA & KAABESTRI STRING ENSEMBLE

Martxoak 23, 22:00etan Azpeitiako Soreasu antzokian.

Sarrera: Aurrez 15 euro. Bertan 18 euro.

Eñaut Elorrietak popa doinu klasikoagoengatik ordezkatu du Oscar Lopez, Igor Torre eta Arkaitz Martinez biolinistak, Joan Arraz txelo jotzailea eta Paloma Torrado kontrabaxu jotzailea lagun dituela. Jose Luis Otamendi edota Joseba Sarrionandiaren poemak hartu eta musikatu dituzte, besteak beste. Horretaz gain, Elorrietaren hainbat abesti moldatu dituzte.

 

ARTEAK IREKI MOBILIZAZIOAK

Arteak Ireki plataformak mobilizazio artistikoak deitzera animatu ditu kultur-zale guztiak martxoaren 23an. Zuzeneko emanaldi, jarduera, ekintza eta ikuskizunen gainean Eusko Jaurlaritzak publiko egin duen dekretuak lizentzia ez duten aretoetan urtean 12 kontzertu baino gehiago egitea debekatu nahi duten. Bidegabekeria honen aurka egiteko mobilizazioak deitu dira larunbat honetan. Informatu Arteak Irekiko sare sozialetan zure inguruan non egingo diren. Kulturaren kontrako erasorik ez!

 

PETTI ITZIARREN

Martxoak 23, 22:30tan Itziarko Burugorri ostatuan.

Sarrera: Doan.

Petti berako bakarlariaren kontzertua izango da Itziarko Burugorrin. Nafarraren ahots sakon, indartsu eta emozio beteaz gozatzeko aukera egongo da bertan. Kontzertu hau, Burugorri ostatuaren lehenengo urteurrena ospatzeko egitarauaren parte da. Gaua luzatzeko asmoa duenarentzat hemen programazio osoa:

14:30tan bazkaria

19:00tan txotx + luntxa herriko bertsolariekin (Ander Zulaika eta Aitor Zubikarai)

22:30etan Petti (Burugorri gainean)

23:30etan DJ Elba (Burugorri ostatuan)

 

KORRIKA KULTURALA GASTEIZEN

Baionara iritsi den bezala, Korrika kulturala ere Gasteizera iritsi zen joan den martxoaren 15ean. Oraindik Arabako hiriburuan da eta asteburu honetan kontzertu interesgarriak dakartza.

Martxoak 22, 20:00etan Le Coup-en.

Anita Parker eta Zazkel taldeen kontzertuak.

Anita Parkerrek ez du aurpegirik, ez eta bigarren izenik ere. Swing zalea da eta talde bat du ber erritmo dantzagarri eta alaiak oholtza gainean erreproduzitzen dituztenak. Zazkel taldearekin ere dantzan jarraituko duzu pop estiloko abesti itsaskorrak eskainiko baitituzte.

Martxoak 23, 13:30etan Bodegon Gorbean.

Eneritz Furyaken kontzertua.

Eneritz Furyak irundarrak 2014an hasi zuen bere bakarkako bidea Karsenarat taldea desagertu zenean. Folk, rok eta blues ukituak dituen gitarra akustikoaren gainean, bere ahots bereziak letra sakonak abestuko ditu.

 

OLATZ SALVADOR ERRENTERIAN

Martxoak 24 Olatz Salvador Errenterian Korrika kulturalaren barruan.

Sarrera: 2 euro.

Skakeitan taldeko teklatu ere bada baina azkenaldian bere bakarkako bidean buru belarri dago. Pop kutsuko musika lasaiaren gainean bere ahots goxoak abesti giro paregabea sortuko du. Igande arratsalde baterako plan ezin hobea.

 

 Asteburu on!