Xirri toki bila

Xirri toki bila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xirri-toki-bila/@@download/image/2p26-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Xirri toki bila
Bero-bero zaude eta mutil-neska lagunarekin xirri egin nahi duzu. Badakizu, laztan edo fereka batzuk, musutxoak... edo auskalo zer gehiago! Non, ordea? Gurasoen etxean? Ezta pentsatu ere! Hona hemen xirri egiteko hainbat leku Euskal Herriko bost hiriburutan. Toki mitikoak dira denak, eta batzuk, istorio eta pasadizoz beteak. 

Bilbo
Etxebarria parkea. Joan da lagun bat iluntze partean neska bati etxera bidean laguntzera, lege zaharrean, eta bide erdian musuka hasi dira. Etxebarria parke aldamenetik pasatzean etzan dira biak belartzan eta hasi dira jo eta su, elkar jan beharrean. Handik gutxira, beste bikote bat etzan da, eurengandik gertu.
Gure lagunaren neska ezeroso sentitzen hasi da, are gehiago handik gutxira alboko bikoteko mutilak neskari gonak jaitsi dizkiola eta txortan hastekotan dabiltzala ikusita. Beraz, alde egitea erabaki dute. Joan dira bada... eta beste bikotea ere jaiki eta handik aldendu da! Morboa zuten gustuko, nonbait.
Artxanda. Egia esan, Artxanda da ziurrenik Bilboko xirri toki ofiziala. Tira bada, joan da ezagun bat bere koadrilako lagun baten mutil lagunarekin bertara; egin dituzte egin beharrekoak, eta etxera bueltatze aldera... autoak arrankatu ez. Besterik ezean, garabia deitu behar izan zuten, eta itzulera loriatsu hori tarteko, azkenean neskaren lagunak izan du bi maitaleen abenturatxoaren berri...
Donostia
Urgull. Donostiako toki mitikoetako bat. Kainoi, harresi eta historiaren arrastoen ondoan, bikote asko ibili da xirrietan edo txortan, landare eta zuhaixken babespean. Argi ibili behar da, ordea, maldan behera erori eta sekulako jipoia hartu duenik ere bada eta. Dena den, pasadizorik ederrena neska batek kontatu digu: han, Urgullen, banku batean eserita eta itsasoari begira lehen orgasmoa izan zuen. Ezinederragoa!
Ulia. Donostiako kaskarinek, beste hainbat hiri eta herritan bezala, mendialdera jotzen dute xirri egitera. Ulia toki aproposa da. Dena den, GAZTETXULOko kazetari ausartok badakigu hemen voyeur bat ibili ohi dela zelatan. Kontuz, beraz!
Zorroaga/Miramon. Inguru honek ere badu istoriotxoa. Izan ere, duela zenbait urte gizon bat ahuntz batekin larrutan ari zela harrapatu zuten. Ez pentsa istorioa hor bukatu zenik. Izan ere, ahuntzaren jabeak salaketa jarri zion gizonari epaitegian.
Baiona ingurua
Angelu eta Miarritzeko hondartzak
. Gauza jakina da baionesak, angelutarrak eta miarritzearrak berdin ibiltzen direla herri batean edo bestean. Inguru honetan xirri lekurik ezagunena, zalantzarik gabe, Angeluko hondartza da. Angeluko hondartzan leizezulo bat dago, eta kondairak dioenez, aspaldi bikote bat hara joan zen larrutan egitera. Itsasgora iritsi zen, ordea, eta neska eta mutila bertan hil ziren, itota. Geroztik, inguru honi "Amodio ganbara" deitzen diote lapurtarrek.
Angeluko itsasargia. Gay-en topalekua da toki hau. Zoritxarrez, Iruñeko Takoneran ere gertatu izan den bezala, gazte "zoro" koadrilak (beste izen bat mereziko lukete agian) joan izan dira hara gay-ak zirikatzera eta borrokak ere egon dira.
Irunea
Takonera
. Gaur egun gay jendea ibili ohi da eremu honetan; zenbaitek diotenez, nahikoa da giltzekin zarata sortzea, mutil laguna lortzeko. Hala ere, "heteroak" ere joaten dira noiz edo noiz. Hona hemen behin bikote bati gertatutakoa. Poliziaren ezkutuko auto bat bikote gazte baten zelatan ibili zen. Bikoteak Takonera utzi behar zuelarik, autoa bide erdian jarri eta gidariak, aitaren batean, pistola handi bat paratu zien begi aitzinean. Droga bilatzen zuten, baina amodioa, oraingoz, legezko droga denez, alde egiten utzi behar izan zieten.
Harresiak. Harresiek inguratzen dute Iruñeko Alde Zaharra eta normala da parrandan ezagutu laguna hara eramatea. Toki iluna da, baina honelakoetan ez da argirik behar. Ziudadelako harresien inguruan ere maitale mordoa biltzen da. Antza, harrien irmotasun hotzak bat baino gehiago berotzen du.
Erreniega gaina. Iruñeko gazte askok hiritik bortz bat kilometrora dagoen mendi honetako errepidea hautatzen du xirri egiteko. Arrunt lasaia da eta haize erroten palada konpasatuek dultzemeneoaren erritmoari eusten laguntzen dute. Gero eta auto gehiago joaten dira Erreniegaraino, eta, laster, semaforoa paratu beharko dute.
Gasteiz
Armentiako zelaiak
. Armentiako zelaietara joandako bikote bati gertatutakoa harrigarria da. Belarrean etzan, txortan hasi... eta kaka usaina zegoen arren, aurrera jarraitu zuten. Bero-bero zeuden eta! Bukatutakoan, mutilaren bizkarrak marroi kolore nazkagarria zuen, zakur kaka, alegia. Neska, ordea, ez zen zikindu, txortan egiterakoan goian egotea gustukoa omen eta kakaz libratu zen. Beraz, badakizue, Armentira joanez gero, zozketa egin ezazue, goian nor jarriko den erabakitzeko!
Aireportu zaharra (Salburua ondoan). Bikote bat aireportu zaharrera kotxez joan zen behin egunsenti aldera, larunbat gauean parranda egin ondoren. Ez ziren konturatu, ordea, ordurako igandea zela eta leku horretan, kometa lehiaketa bat egitekoa zela. Kotxean erdi biluzik zeudenean, haurren garrasiak eta barreak entzun zituzten. Lehiotik begiratu eta zeruan kometak ikusi zituzten. Konturatu gabe, jendez inguratuta zegoen kotxea... Arropak azkar batean jantzi eta di-da ospa egin zuten.
Lakuako aparkalekuak. Lakua auzoko aparkalekua hutsik egoten da normalean, eta horregatik aukeratzen dute kotxedun bikoteek asteburuetan bertara joateko. Bikote honek hala egin zuen, bakarrik  egoteko gogo izugarria zuten eta han bakea eta lasaitasuna aurkituko zutelakoan, hara joan eta aparkalekua hutsik zegoen...primeran! Goxo-goxo zeudela, motorrak entzuten hasi ziren, auto askoren motor hotsak, sekulako burrunba... Lasterketak egitera joandako makineroak ziren. Izan ere, Hertzainak taldearen kantuak dioen bezala, "ez dute uzten maitatzen gauean...".

Iparraldean gertatua


Iparraldean beti, larunbat arratsetan izaten dira herri ttipietan dantzaldiak. Hor atzematen dira tokiko mutxurdin (neskazahar) eta donado (mutilzahar) guziak, bai eta gazteak. Hiru mutiko gaztek joko bat asmatu zuten larunbat batez. Neska guziak gomitatzen zituzten xoko ilun batetara eta errefusa gehienik izaten zuenak ondoko besta kitorik egiten zuen. Joko honek bizpahiru astez iraun zuen eta hiru gazteen fama laster barreiatu zen. Horregatik, larunbat batez neska koadrila bat egon zen mutil horien proposamenen zain. Mutilek,  jokoa segitu zuten. Neska taldera hurbildu zen bat, Mattin, proposamen ez katolikoaren egiteko Aitziberri. Aitziberren keinu bat aski izan zen Maritxu, Maider, Pantxika eta Elana hurbilarazteko. Bortzen artean mutila inguratu zuten, erdi biluztu eta eszenatoki aintzinera eraman. Geroztik, Iparraldeko dantzaldiak lasai iragaiten dira, ligatzeko prosesu "normalak" erabiliz.