XIII. Gaztezulo Bideo Lehiaketa martxan!

Istorioak irudi bidez kontatzea gustuko baduzu, nagiak atera eta hasi filmatzen!
LANAK ENTREGATZEKO EPEA
Bideoak apirilaren 4tik maiatzaren 20ra aurkeztu behar dira, eguerdiko 12:00ak baino lehen. Ondoren, epaimahaikideek lan guztiak baloratu eta ekainean sari banaketa ekitaldian garaileen izenak jakinaraziko ditugu.
NOLA PARTE HARTU?
- FORMULARIOA BETE HEMEN.
- Bideoak online bidalketa sistema baten bidez (tori.eus edo wetransfer.com) bidali zuzendaria@gaztezulo.eus helbidera.
- Ikusleen botoak eta iruzkinak maiatzaren 27ra arte jaso ahal izango dira gaztezulo.eus webgunearen bidez. Jasotako bideoak GAZTEZULOren YouTubeko kanalera igo eta gaztezulo.eus webean publikatzen joango gara. Beraz, zenbat eta lehenago bidali, Ikuslearen Saria irabazteko orduan eta aukera handiagoa!
Ze baldintza bete behar dituzte lanek?
Aurkezten diren bideoek aurten filmatuak, originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute. Ez da onartuko aurrez beste lehiaketaren batean aurkeztutako lanik.
- Iraupena
Gutxienez minutu 1 eta gehienez 3 minutu (kredituak barne). - Gaia
Nahi duzuna konta dezakezu, mugarik ez! - Objektua
Film labur bakoitzean, EZINBESTEAN, GAZTEZULO PAPEREZKO aldizkaria, aldizkari DIGITALA edota GAZTEZULO.EUS webgunea azaldu behar dira (zeharka zein istorioaren elementu garrantzitsu gisa). - Hizkuntza
Bideoak hizkuntza edukiren bat izatekotan (ahotsa, musika, kartelak, elementu grafikoak...), honek EUSKARAZKOA behar du izan. EZ DUGU ONARTUKO baldintza hau betetzen ez duen bideorik.
Epaimahaia
Hiru adituk osatutako epaimahaiak lanak ikusi eta baloratuko ditu kalitate teknikoa, originaltasuna eta sormena kontuan hartuta. Aurtengoan Olaia Urtiaga kazetaria (Donostia, 1983), Ibai Zabala ikus-entzunezko teknikaria (Lekeitio, 1996) eta Marga Berra grafista (Baiona, 1990) izango ditugu lan hori burutzen.
Sariak
- 1.go saria: bideo onenaren egileak 1.200 euroko saria jasoko du*.
- 2.saria: bigarren bideo onenaren egileak 300 euroko saria jasoko du*.
- Ikusleen saria: gaztezulo.eus webgunean maiatzaren 27an 12:00etan ikusleen boto gehien dituen lanaren egileak hainbat produktuz eta GAZTEZULO materialez osatutako opari-sorta irabaziko du.
Sara banaketa ekitaldia
Ekainean izango da eta, iaz bezala, sari banaketa ekitaldia zuzenean emango dugu geure Twitch kanalaren bidez (twitch.tv/gaztezulo); irabazleekin zuzeneko konexioak egingo ditugu, epaimahaikideen hitzak jasoko ditugu eta sorpresak ere egongo dira.
Aurtengo irudia: Alice Guy
Zinemaren sorreraz ari garenean, Lumière anaiak edo George Meliès aipatu ohi ditugu sarritan. Inor gutxik daki, ordea, haien garaikidea izan zen Alice Guy-Blaché frantziarra aitzindaria izan zela zinema-arloko hainbat kontutan. Zinema narratiboaren lehen zuzendaria Alice Guy frantziarra izan zela aldarrikatu nahi dugu eta horregatik keinu eta omenaldi txiki hau aurtengo Gaztezulo Bideo Lehiaketako iruditerian. Aitzindaria izan zen, zinemak istorio-fabrika gisa duen ahalmen ikaragarria aztertzen lehena. Bere talentu eta gaitasunetik sortu ziren fikziozko lehen filmak, nahiz eta gero ia inork ez zuen horretaz hitz egin. Historia ofizialean kontatzen da Mélièsek egin zuela fikziozko lehen pelikula, baina ez da horrela. 1895. urtean, Lumière anaien lehen proiekzioetako batean, hantxe zegoen Guy, eta proiekzioa ikusi zuenean, konturatu zen zinematografoak bazeukala historiak kontatzeko gaitasuna. Bera izan zen historian fikziozko pelikula bat egin zuen lehen zine-zuzendaria, baina emakume izateagatik itzalean geratu zen.
JARRI MARTXAN!
SARI POTOLOAK DITUZU ZAIN!