"Welcome" erakusketa Bilboko San Frantziskoko Hiri Gunean ikusgai

"Welcome" erakusketa Bilboko San Frantziskoko Hiri Gunean ikusgai https://www.gaztezulo.eus/albisteak/welcome-erakusketa-bilboko-san-frantziskoko-hiri-gunean-ikusgai/@@download/image/2010519932Palestina_erakusketa.jpg
2012/12/13
berria
"Welcome" erakusketa Bilboko San Frantziskoko Hiri Gunean ikusgai
Hilaren 23ra arte Bilbon izango diren argazkiek herri palestinarraren sufrimenduaren gordintasuna helaraztea dute helburu  

Bakea Eta Duintasuna elkarteak eta Biladi Palestinar Kultura Zentruak antolatutako erakusketa 18 panelek osatzen dute. Sionistek okupatutako lurretan palestinarrek bizi duten egoera krudelaren lekuko diren argazkiak ez ezik, mapak, testu laburrak eta olerkari palestinarren bertsoak ere balio dute bisitariari errealitateaz ohartarazteko.

Halaxe dio erakusketako sarrera testuak:
Palestinara heltzean, "welcome to Palestine" da entzuten den ongi etorriaren lehenengo
esaldia. Herri palestinarra suntsitu duen erregimen sionista totalitario baten 60 urteko
okupazioak ez du autodeterminazioaren eta onarpenaren alde borrokatzen duen herri baten harrotasuna isildu, nahiz eta nazioarteko erakunde eta gobernuek beste alde batera begiratu".

Bakea eta Duintasuna garapenerako lankidetza, elkartasuna eta giza eskubideen esparruan lan egiten duen elkarte independentea da, nazioarteko harreman justu eta solidarioagoak eraikitzeko asmoz gizartearen sentsibilizazioan eragina izan nahi duena, mundu mailan garapen berdintsuago bat lortzeko.

Bestalde, Biladi Palestinar Kultura Elkartea 2003an sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, herri palestinarraren eta euskaldunen arteko harreman kulturalak sustatzeko helburuarekin. Biladi izena arabiarra da, eta bere esanahia: nire lurra, Lurralde Okupatuetan eta errefuxiatuen kanpamenduetan sakabanatuta bizi diren 8 milioi palestinarren lurra, alegia. Biladi elkarteak palestinarren errealitatea, bizitza, kultura, ohiturak eta tradizioak sustatu eta landu nahi ditu interesa duten erakunde eta pertsonengan.