UEU-ren udako ikastaroetan matrikulatzeko epea zabalik

UEU-ren udako ikastaroetan matrikulatzeko epea zabalik Ekainaren 25ean hasi eta uztailaren 16ra arte egingo dituzten ikastaroetan pedagogia feminista, bertsolaritza, pandemia eta zuzenbidea, eta beste hainbat gai jorratuko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ueuren-udako-ikastaroetan-matrikulatzeko-epea-zabalik/@@download/image/udako ikastaroak aurkezpena.jpg
2021/06/04

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Ekainaren 25ean hasi eta uztailaren 16ra arte egingo dituzten ikastaroetan pedagogia feminista, bertsolaritza, pandemia eta zuzenbidea, eta beste hainbat gai jorratuko dituzte.
UEU-ren udako ikastaroetan matrikulatzeko epea zabalik

Udako Euskal Unibertsitateak urtero antolatzen du ikastaro-sorta uda sasoian eta eskaintza zabala izaten dute, gainera. Aurtengoan ere hala izango da. Orotariko gaiak landuko dituzte ikastaroetan: pedagogia feminista, udako bertso eskola, Txikipedia hezkuntzan, pandemia eta zuzenbidea... Baiona, Iruñea, Eibar, Donostia eta Usurbilen izango dira ikastaroak, ekainaren 25ean hasi eta uztailaren 16ra arte. 

Ekainaren 25ean abiatuko da Iruñean, Akademiatik herrigintzara, herrigintzatik akademiara jardunaldiarekin. Ekai Txapartegi eta Lore Erriondoren hitzaldiak izango dira eta mahai-inguruak Sagrario Aleman, Jon Sarasua, Elixabete Garmendia, Hedoi Etxarte eta Ana Galarragarekin, besteak beste.

Ikastaroen artean aipatzekoa da Udako Bertso Eskola. Bertan genero ikuspegia, bertsolarien kantaera eta presentzia, eta saioen nondik norakoak aztertuko dituzte. Tailer praktikoak ere izango dira, bertso saio baterako gaiak sortzea, esaterako. Uztailaren 7an pedagogia feministaren inguruan arituko dira Eibarren. Hezkuntzan sexu-genero eraikuntza eta heteroaraua nola eraikitzen diren aztertuko dute eta hura deseraikitzeko begirada integrala landuko dute. Horretaz gain, zenbait esperientzien aurkezpena ere egingo dute. Pandemiak ere izango du tartea; izan ere, ezohiko zuzenbideak ohiko arauei gain hartu die garaiotan, eta estatuek eta eskualdeek modu ezberdinean erantzun diote egokitzapenari. Ikastaro honetan, Espainian eta Frantzian hartutako neurriak aztertuko dituzte. Uztailaren 16an Donostian egingo duten azken ikastaroan, berriz, Wikipedia-Wikimediaren inguruan arituko dira. Ikastaro guztiak UEUren webgunean kontsulta daitezke. 

Udako ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago eta hala mantenduko da ikastaroa hasi edo taldea bete arte. Taldea betez gero, berriz, itxaron zerrenda irekiko da. Izen-ematea UEUren webgunean bertan egin behar da. Ikastaroen matrikula prezioak 10-25 euro artekoak dira eta ordainketa hamabost egunean egiten ez bada, izen-ematea bertan behera geratuko da.