Tximadun jainkoak

Tximadun jainkoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tximadun-jainkoak/@@download/image/9p14-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Alberto Irazu eta Rafa Cabeza
Tximadun jainkoak
Udako festetan Asgarth, Hira eta Idi Bihotz bezalako taldeak nonahi ikusi eta entzungo ditugu. Su ta Gar eta Latzen bezalakoen lekukoa hartu duten talde hauek izugarrizko arrakasta dute euskal gazteen artean. Beren kantuetan ageri ohi diren hitz mitologiko samarrak erabiltzekotan, euskal tximadun jainkoak dira.

Ez dago zalantza arrastorik. Datuei erreparatuz gero, argi eta garbi baiezta daiteke heavya dela Euskal Herriko gaztetxoenek gehien atsegin duten musika estiloa. Ez gara edozein heavy motaz ari, Alemaniako eta Ingalaterrako metal klasikoaren sustraietatik edaten duen euskal heavy belaunaldi berriaz baizik. Asgarth, Idi Bihotz eta Hira taldeak dira gaur egungo olatu berri honen erakusgarri indartsuenak, baina beste asko ere badaude: Hiru Beltz, Noraezean, Luther…        
Bitxia da. Mundu osoan "metal berria" nagusitzen ari da, askok "txandal rock" deitzen duten eta estilo askoren nahasketatik edaten duen hori. Limp Bizkit edota Slipknot dira nazioartean korronte berri honen ordezkari nagusiak. Euskal Herrian, aldiz, heavy klasiko melodiko eta zaharrak berebiziko arrakasta du: punteo doble luzeak, ahots agudo eta zorrotzak. Letra errebindikatzaileekin batera, iraganeko gertakariek eta antzineko pertsonaia mitologikoek leku handia dute abestietan: ezpatak, gerlariak, leizeak, aztiak, otso eta piztiak… ez adiskideak, hau ez da "Excalibur" edo "Arturo erregea", hau Euskal Herria da.
Paranormala?
Datu askok erakusten dute euskal heavy berri bezain klasiko honek egun duen indarra. Lehenik eta behin, taldeok gazte mordoa erakartzen dute beren kontzertuetara. Kontzertuetan dena emanda egoten diren gazteak dira, maiatzaren 27ko Ibilaldian Idi Bihotz eta Asgarth-en emanaldietan egondakoek badakite zertaz ari garen.
Bigarren datu dat. Euskal Herrian gazte entzule gehien dituen Euskadi Gaztea irratiaren top-zerrendetan taldeok erabat nagusi dira (azken hiru hilabeteotan Asgarth, Hira eta Idi Bihotz izan dira alde handiz talde bozkatuenak).
Hori gutxi balitz, tankera honetako taldeak perretxikoak bezala ugaltzen ari dira nonahi.  GAZTETXULOk kontsultatutako disketxe guztiak bat datoz gehienbat estilo honetako taldeen maketak heltzen zaizkiela esaterakoan. Metak disketxe irundarraren ordezkari batek adierazi digunez, "fenomeno paranormala da". Disko salmentetan ere ondo funtzionatu ohi dute taldeok.
Asgarth eta idolomania
Taldeotako partaideen batez besteko adina 22 urtekoa da, eta beren jarraitzaile sutsuena 14-22 urte bitartekoa. Jarraitzaile sutsuak diogu, horixe baita definizioa. Euskal musikan gutxitan jazo izan da, talde hauekin bezala, musikariak jarraitzaileen idolo eta amets bihurtzea. Asgarth talde donostiarra da belaunaldi berri honetan indartsuen jo duen taldea, eta beren kontzertuetan pasadizo harrigarriak gertatzen dira. Gorka Etxeberria beren managerrak dioskunez, "astakeria da. Ez bakarrik Gipuzkoan, baita Bizkaia eta Nafarroan ere. Kontzertu berean ikusita nago mutiko gazte bat pua bat eman zaiolako negarrez eta beren onetik ateratako neska ugari. Telefono mugikorra beti joka dut".
Iban Fernandez Asgarth taldeko baterijolearen ustez, "harrigarria da Euskal Herria hain txikia izanik, jendea puak eskatzera etortzea edo neskak abeslariarengana joatea… baina guk gauza bera egin genuen Iron Maiden Donostiara etorri zirenean. Ulertzen dugu, beraz". Asgarthekoei ia kontzertu guztietan horrelakoak gertatzen zaizkie. Donostiako Aste Nagusian, esaterako, jarraitzaileek aldagelen inguruko hesiak bota zituzten musikariengana iristearren. Bilboko Kafe Antzokian ere, kontzertua bukatutakoa, aldagelara korrika eta presaka ihes egin behar izan zuten, jarraitzaileak eskenatokira igotzen hasi zirelako.
Heavya - leialtasuna
Baina zein da Su Ta Gar, Latzen eta abarrek ereindako haziaren ondoren euskal gazteen artean hainbeste sustraitu den heavyaren arrakastaren arrazoia? Euskal gazteria berezia ote? Asgarth-eko Ibanen ustez, "heavya bera berezia da, fideltasuna du jendearen aldetik. Jendeak, musika bezala baino, mugimendu bezala ikusten du". Zentzu horretan taldearen proposamena zintzoa izan dela dio Ibanek: "argi esan dugu beti gure estiloa heavya dela, bai pentsakeran, bai hitzetan, bai musikan eta baita estetikan ere. Jendeak baloratu egin du hori".
Hira taldeko Ibai Marin gitarrajole eta kantariak ez du garbi arrakastaren zergatia. Kontua da, duela hiru hilabete "Nortasuna" izeneko lehen diskoa argitaratutako talde hau ere heavy berriaren Olinpoan dagoela gaur egun: "Ez dakit hau ote den estilo arrakastatsuena -diosku Ibaik-, baina argi dago arrakasta gehien duten taldeak estilo honetakoak direla. Horrek ez du esan nahi beste estiloek jarraitzailerik ez dutenik, esaterako, oso nabaria baita DJ-en eta musika elektronikoaren mundua ere oso modan dagoela. Baina egia da: euskal heavyak leialtasun handia du".
Adi, beraz, GAZTETXULOko irakurle maite; udako festetan garai batean punkiek zioten hura oihukatzea modan egon daiteke eta: "Heavy´s not dead!" Ez horixe!

kronologia ttipia



1980ko hamarkadan, punk musika nagusi zen garaian, heavy klasikoan eta rock gogorrean aitzindari izandako talde asko sortu zen Iruñean: Sparto (1982), Satira eta Camelot (1985), Mephisto (1986) eta Salem (1987). Gipuzkoa eta Bizkaian ere izan zen talde azpimarragarririk: Leize (Zestoa, 1982), Thor (Donostia, 1983) eta Exodo (Bilbo, 1984).

1983 Barricada iruñearren "Noche de rock and roll" diskoa danbateko handia izan zen. "Euskal rock erradikala" delakoan murgildutako lehen talde metaleroa izan zen Barricada, gai sozial eta abertzaleak rock gogorrarekin nahastuaz.

1984 Angeles del infierno lasartearrek "Pacto con el diablo" lehen diskoa kaleratu zuten, Obus eta Baron Rojo talde espainiarren ildotik. Taldeak arrakasta handia lortu zuen Espainiako estatuan. Egun Miamin finkaturik dago taldea, eta Hego Ameriketan futbol zelaiak betetzen dituzte.

1986 "Descarga Norte" diskoa argitaratu zen, Rock Dam, UTM eta BO2 talde gasteiztarren abestiekin. Bildumako laugarren taldea Zarauzko Estigia talde bikaina zen. Estigia izan zen thrash musika egin zuen Euskal Herriko lehen taldea, Slayer, Metallica eta antzeko taldeen eraginpean. Anestesia taldearen, eta orokorrean metal gogorraren aitzindariak izan dira. Lau pistatan grabaturiko Estigiaren maketak mitiko bihurtu dira egun. Baita "Fuerzas de seguridad" doinu ezaguna ere.

1989 Su Ta Gar eibartarrek lehen maketa plazaratu zuten, heavya eta euskara uztartuz. "Mari", "Gudari", "Basamortuetako zalduna" eta "Jo ta ke" kantuak ordukoak dira. Euskarazko heavyaren sorrera izan zen. Su Ta Gar-ek irekitako bidea talde askok jarraitu dute. 

1990eko hamarkada
Urtz, Latzen, Ehun kilo… dira hamarkada honek emandako talde esanguratsu batzuk. Denak  desberdinak, baina guztiak  bandera bera haizatuz: metala.

Heavy berriaren erregeak



Asgarth
1998an Donostiako Añorga auzoan jaiotako boskotea: Unai Zabala eta Ander Kañas (gitarrajoleak), Joxean Perurena (baxujolea), Iban Fernandez (bateria), Asier Enbil (abeslaria).  1999ko abenduan "Jainkoaren egoitza" lehen diskoa kaleratu zuten, Euskadi Gaztea maketa lehiaketa irabazi ondoren. 2000eko abenduan "Etorkizunaren sustraia" bigarren lana argitaratu zuten. Batez beste 22 urte dituzte.
Gustuko taldeak: Iron Maiden, Su Ta Gar, Angeles del Infierno, Helloween. IZ disketxean ari dira.

Hira
1999an jaiotako Donostiako taldea. Hasieran Angar izena zuten, eta egun laukotea dira: Alain Fernandino (bateria), Urtzi Olaziregi (baxujolea) eta Borxa Fernandez (gitarrajolea), Ibai Marin (gitarrajolea eta abeslaria). Duela hiru hilabete kaleratu zuten "Nortasuna" izeneko lehen diskoa (hauen kasuan ere, Euskadi Gaztea maketa lehiaketan entzulegoaren saria irabazi ondoren). Batez besteko adina: 21 urte.
Gustuko taldeak: Metallica, Helloween, Ehun Kilo, Su Ta Gar, Saratoga. Iz disketxean ari dira.

Idi Bihotz
1996an Bilbon jaiotako taldea. Laukotea dira: Albaro (bateria), Iban (baxujolea), Gorka (gitarra eta ahotsak), Mikel (gitarra eta ahots nagusia). 1997an “Herriaren taupada” lehen diskoa plazaratu zuten, 1999an "Arima erratu" eta iaz "Negarraren amorrua". Batez besteko adina: 24 urte.  Gustuko taldeak: Helloween, Iron Maiden, Slipknot, Su Ta Gar, Urtz. Ohiuka disketxean ari dira.