Telebista kamerak eta barnetegiak

Hasi da Euskal Telebistaren euskarazko orain arteko reality show-rik arrakastatsuenaren denboraldi berria; itzuli da "Basetxea" gure etxeko pantailara. Ikusitakoak ikusita, argi dago bertan lehiatuko direnen arteko batzuek aukera dezente izango dutela datorren udako jaietako saioan aurkezle lanetan aritzeko. Takolo, Aiheko eta Iñigoren oinordekoak izan daitezkeela Eider, Nerea, Esther, Iratxe, Ibai, Aitor, Jose edo Hassan, alegia.
Ematen duenez, baina, datorren urteko oporraldietan herriz-herri jendeari mikrofonoa ahoko zuloan sartzen eta ia-ia hitz egiten ez uzten jarduteko lehia askoz ere estuagoa izango da hemendik aurrera: irailaren 5ean Berria-n irakurri genuenez, beste reality show bat ematekoa da Euskal Telebista 2004. urte hasieratik. Barnetegi bateko ikasleen gorabeherak agertuko omen dira saio horretan. ETBko arduradunek ez dute argitu euskarazko katean euskañol ezinhobean aritzen diren aurkezle txit ezagunak barnetegi horretara joango ote diren, baina eskertuko genuke. Saioaren aurkezlea nor izango den ere ez dute jakinarazi, baina zurrumurruek diote eguraldiaren partea ematetik eta "Bertatik bertara" saioa aurkeztetik aski ezaguna dugun Andoni Aizpuruk beteko duela lan hori.
Ez dizuet oraindik esan, hala ere, barnetegiko kontuok ETBren zein katetan emango dituzten. Euskara ongi ikastea eta euskaraz aritzea erabat normala eta aldi berean dibertigarria izan daitekeela gogora dezakeen saio hori ez omen da entearen erdarazko katean, ETB-2n, eskainiko. ETB-1en emango dute, alegia. Bietan eskain lezakete, gutxienez, euskarak gaztelaniazkoaren jarraitzaileen artean ere bere tokia handitu dezan.
Euskara gutxiago FR 3 telebistan

France 3 telebista kateko programazioa aldatu dute irailean, eta Euskal Herri izeneko albistegiaren errepikapena bertan behera utzi dute. Euskarak albistegi horretan besterik ez du tokirik Frantziako telebista publikoan, eta leku eskasa gainera, izan ere, albistegi bakoitzean minutu bateko presentzia baino ez du gure hizkuntzak.
Kontxan arraunean

Ohi denez, ETBk zuzenean eskaini dizkigu aurten ere Kontxako estropadak. GPSa eta beste izan ditu berrikuntza. ETBk ere berritu behar luke estropadok emateko modua: ikusten ez diren traineruak, distantzia eta helmuga irudi kaskarrak... Akatsetatik ere ikas daiteke, ezta?