Sexualitatea, naturala?

Sexualitatea, naturala? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexualitatea-naturala/@@download/image/71p20_1_1364901925.jpg
2007/02/02
erreportajea
Larraitz Arrondo. Sexologa
Sexualitatea, naturala?
Gai askok zalantzan jartzen dute, etengabe, sexualitatearen naturaltasuna. Zuri dagokizu sexualitatea era naturalean ala ez-naturalean bizitzea. Zer diozu?

Zu pertsona sexuduna zara. Jaio zinenetik baitaukazu sexua. Denok gara sexu bateko nahiz besteko, denok sentitzen gara emakume edo gizon. Neska sortu eta emakume bilakatzea bizitza osoko ibilbidea da. Ibilbide horretan, gorputz aldaketak, beste pertsona batzuekiko harremanak, izaera gorabeherak, rolak... tartekatzen dira. Zuk bilakaera hori garatzeko era propioa duzu; bizipen horiek sentitzeko eta bizitzeko nork bere modua duelako, alegia. Bizipen horien guztien batura sexualitatea da. Sexualitatea, beraz, oso kontzeptu zabala da.

Aurreko belaunaldi batzuentzat gai tabua izan da sexualitatea; sexualitateari buruz ez zuten adierazpen askatasunik, ezta hitz egiteko eskubiderik ere. Gaurko jendartearentzat, berriz, sexualitatea gai naturala omen da.

Sexualitatearen inguruko mezuak eta irudiak leku guztietan daude, eta badirudi gaur sexu praktikei buruzko infomazio gehiago dagoela. Sexualitatea gai natural bilakatu delako ote?

Sexualitateaz solasean

Itxura denez, XXI.  mendean, sexualitatea gai arrunta da. Beste edozein gai bezala lantzen omen da: kirola, ikasgaiak, musika, gastronomia... Egia da? Oro har, sexualitatearen inguruan hitz egitea nahikotxo kostatzen da. Sexualitateaz berba egiteko, talde txikiak nahiago izaten ditugu. Horrelakoetan besterik ez ditugu plazaratzen gure bizipen pertsonalak.Talde handiagoetan, ordea, sexualitateari buruz txisteekin, barreekin edo era orokorrean hitz egiteko joera izaten da. Horrelakoetan,  norberaren esperientziak baztertuta gelditzen dira. Beste gai batzuekin, aldiz, ez da horrelakorik gertatzen. Kasualitatea ote?

Etxean

Gazte gutxik hitz egiten dute haien sexualitateaz gurasoekin. Eta haien esperientziak etxean kontatzen dituzten gurasoak ere gutxi izaten dira. Guraso askok sexualitateaz hitz egitea antisorgailuez hitz egitea dela uste dute. Beraz, sexu praktikek izan ditzaketen arriskuez besterik ez dute hitz egiten. Eta konturatu gabe, seme-alabak koitora begira jartzen dituzte. Gurasoen bizipenak, zer duten gogoko, zer baztertzen duten, zertaz lotsatzen diren, nola gozatzen duten...  Aberatsa litzateke beraien esperientziaz zuzenean seme-alabekin hitz egitea. Errealitatean, ordea, etxean, sexualitateaz hitz egin behar denean, urduri jartzen gara. Saihestu egiten dugu.

Ikastetxean

Azken hamarkadetan ikastetxeak ere ohartu egin dira sexualitatea oso gai garrantzitsua dela. Horregatik, ikastetxe askok ahalegin handia egin dute hainbat lanketa egiteko eta bide horretan, aletxoa jartzeko. Hala ere, gaia sexu praktiketara eta haiek ekar ditzaketen arriskuetara mugatzen da sarri. Lehen aipatu bezala, sexualitatea askoz kontzeptu zabalagoa da, eta sexu praktiketatik kanpora gelditzen direnak lantzea ere beharrezkoa da: bizipenak, sentimenduak, urduritasuna, gustuak... Beste zenbait gairekin lotutako aholkuak jasotzen ohituta gaude: “Azterketa garaian, kirol pixka bat egitea eta txokolate pixka bat jatea lagungarri izaten da”. Sexualitatearekin lotuta, ondorengo gomendioa eman liteke, esaterako: “Selektibitate azterketara lasai joateko, atseden hartzea eta masturbatzea lagungarri izaten da”. Noizko horrelako gomendioak?  Berez, gomendio aproposa litzateke, masturbatzeak tentsioa askatzeko eta erlaxatzeko balio baitu.  

Koadrilan

Lagunartean ere, askotan, ez dugu sexualitateaz hitz egiten. Gaia sakontzeko baldintza jakin batzuk bete beharko lirateke; betiko lagunak,  giro lasai eta goxoa, sexu bereko lagunak, talde txikia...  Denok esperientzia eta bizipen ezberdinak ditugu, eta askotan, haiek azalerazteko lotsa eta beldurra izaten dugu. Norberak bizi duena “normala” ote den, desira batzuk sentitzearren zer pentsatuko duten besteek, gauza guztiak zailtzen ote ditudan nik... Sarri, ondokoak zer nolako bizipenak dituen ere ez dugu jakiten. Geure esperientzietatik abiatuta, agian, ideia bat izan dezakegu, baina ideia okerra izaten da askotan. Horregatik komenigarria da gure desira, beldur, sexu praktika eta nahiez mintzatzea.

Neskak gustatzen zaizkit, eta zer?



Mutil ala neska batek “Neskak gustatzen zaizkit” esatea ez da gauza bera.  Baten kasuan, horixe espero da. Eta besteak, berriz, hautsak harrotu egiten ditu. Bai, azken aldian horrelako asko entzuten dugu: “Bizilaguna homosexuala da”, “Nik ez dut ezer haien kontra”, “Sexu berekoena ongi iruditzen zait”, “Gure etxean era naturalean bizi dugu”…  Egia da homosexualitatearen inguruan mugitzen diren taldeek lan handia egin dutela, eta haiei esker, jendartearen sentsibilizazioa eta inplikazioa nabari handitu dela. Baina benetako hitzak al dira?  Norberaren etxean, ondokoan, edo norberarengan, mota horretako egoera bat bizitzea egokitzen bazaigu... lehen aipatutako esaldiak eta barneko bizipenak bat al datoz? “Ama neskak gustatzen zaizkit” edo “Aiora, zurekin maitemindu naiz” edo “Ander, neskak gustatzen zaizkit”, neska baten ahotan entzuteak zer sorrarazten dizu? Ziur, antzeko egoera bat bizi duen edonork zure sentsazio eta sentimendu horiekin zintzo izatea eskertuko lukeela. Hala eta guztiz ere, horrelako kasuetan, zeuk ere zeure aletxoa jar dezakezu. Izan kemena.

Zergatik kosta egiten zaigu sexualitateaz hitz egitea?



Sexualitatearen inguruan nahasketa handia dago. Alde batetik, kontzeptu nahasketa: sexua, sexualitatea, erotika… Sexualitatea ez da guk egiten dugun zerbait, egiten gaituena baizik; denok baikara izaki sexudunak. Sexudun izatearen bizipenei “sexualitate” esaten zaie; bizipenok asko diren arren, sarri genitalekin lotutakoetara mugatu eta haiek mitifikatzen dira. Mitifikazioek sortutako morboak, antsietateak eta beldurrek sexualitateaz lasai mintzatzea eragozten dute.

Beste sexuaren sexualitatea…
Lehen, jende askok beste sexuko pertsona baten gorputza ezkondu ondoren deskubritzen zuen; beraien erantzun fisiologikoak, nahiak, gozamenak... Gaur egun, hondartzetan, argazkietan, familian...  ikusten ditugu gorputzak. Gure gorputzen desiren eta erreakzioen inguruan ere aritzen gara batzuetan langunartean. Dena dela, zenbateraino ezagutzen ditugu beste sexukoen gorputzen sentsazio eta erantzun fisiologikoak? Nesken sexualitatea Mutil nahiz neska taldeek, nesken sexualitateaz hizketan aritzerakoan, behin eta berriro, kezka hauetako zenbait errepikatzen dituzte.

· Neska askok zergatik ez dute onartzen masturbatzen direnik?
· Zer egin behar da neska batekin ligatzeko?
· Kitzikatzerakoan zer gertatzen zaie? Titiak gogortzen al  zaizkie?· Hilerokoarekin sexu praktiketarako gogorik izaten al dute?
· Neskek isurtzen al dute ezer?Mutilen sexualitatea Makinatxo bat neska eta mutili mutilen sexualitateak buruko minak sortzen dizkie. Haien artean, ondorengoak.
· Zerk kitzikatzen ditu mutilak?
· Zergatik hitz egiten dute sexualitateaz broma balitz bezala?
· Egunero masturbatzen al dira?
· Fantasiak gertuko pertsonekin edo famatuekin izaten al dituzte?
· Masturbatzen direnean, beti isurtzen al dute?

Horrelako kontuekin jakin mina izatea erabat bidezkoa da. Neska eta mutil bakoitzak bere sexualitatea, bere gorputza eta bere izaera duenez,  bakoitzaren erantzuna haien araberakoa izango da. Erantzunak, beraz, errepikaezinak izango dira. Oro har, kezka hauen inguruan zuzenean aritzeko ohiturarik ez dugu. Horregatik, kezkak argitzeko eta gorputzak sakonago ezagutzeko, haiei buruzko solasaldiak oso aberasgarriak izan daitezke.