Sexua dantzatuz

Sexua dantzatuz https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexua-dantzatuz/@@download/image/73p40.jpg
2007/04/06
erreportajea
Aitziber Iartza
Sexua ohean, sexua autoan, sexua saunan, sexua Buenos Airesen, sexua New Yorken, sexua hirian… sexua Euskal Herrian. GAZTEZULO-k Ilaski Serrano esataria, Aitziber Garmendia aktorea, Sara Cozar aktorea eta Larraitz Arando sexologoa elkartu ditu, sexuaz hitz egiteko. Sexua, natural dantzatzeko. 

Zerk eragiten dizue pertsona batekiko sexu grina?
Sara: Nik uste dut gauza askoren batuketak eragiten duela.
Aitziber: Niri, usainak.
Larraitz: Niri ere bai. Ez perfumearenak, baizik eta norberarenak.
Ilaski: Nik uste dut gu ez garela beti berdinak. Hala ere, sekretu bat kontatuko dizuet: niri zelan egiten duten berba gustatzen zait. Gogoan dut zelan oraingo mutil laguna, sanferminetan, Lesakan, nafarreraz berbetan hasi zitzaidan, eta ufa!
Sara: Topikoa da, baina egia ere bada; argentinarren kasuan, esaterako. Hitz egiten hasi orduko, hara!
Aitziber: Bai, niri duela gutxi gertatu zitzaidan tabernari argentinar batekin. Berriro bere hitz egiteko modua entzutearren, beste zerbait eskatzekotan egon nintzen.
Ilaski: Harrigarria iruditu zait biek usaina aipatzea. Izan ere, horretarako hurbildu behar duzu, ezta?
Aitziber: Hitz egiteko, askotan, hurbildu beharra dago, eta hurbilpen horretan jada usaindu egiten duzu bestea.
Ilaski: Nire ustez, oso polita izate hutsak ez du balio, adibidez.
Sara: Zertarako den ikusi behar da. Ez da gauza bera harreman baterako, edo Brasilen oporretan zaudela, gau baterako. Gau batez nirekin izandakoetako batzuekin ez nuke bestelako harremanik izan nahi.
Ilaski: Nik, gau baterako ere ez. Ez bazait majoa iruditzen, gau baterako ere ez dut nahi. Pertsona bat majoa bada eta barre eragiten badit, berdin zait itsusia izatea.
Sara: Dena dela, badago jendea gau bakar baterako erakar zaitzakeena, baina ez harreman luzeago baterako.
Larraitz: Bai, baldintza ezberdinak eskatzen dituzu gau baterako edo harreman baterako.
Ilaski: Tipo bat oso polita edo erakargarria izan arren, ni nazkatzeko moduko zerbait esaten badu, ez. Beharbada, garai batean bai, baina orain ez.

Gazteagotan, beraz, gehiago joaten zineten politenaren atzetik?

Aitziber: Zalantzarik gabe. Oso gaztetan prototipoen atzetik joaten zara, eta orain, zure gustuko pertsona bilatzen duzu.
Sara: Bai, gazte-gaztetan modari jarraitzen diozu, eta herriko Xabi badago modan, denak haren atzetik.

Sexu jarreretan zuentzat bada mugarik? Zein?

Sara: Nik mugak baditut. Ez da gauza bera bikotekidearekin duzun konfiantza, edo gau bateko harremanean sor daitekeena…
Larraitz: Ni konturatu naiz nahi baino muga gehiago ditudala. Hori gorputzarekin nabaritzen dut. Deseroso sentitzen hasten naizenean, hori da niretzat muga. Hala eta guztiz ere, jarrera bera egun batean muga izan daiteke eta beste batean, ez. Adibidez, egun batean taberna batean ibil naiteke muxuka, ukitzen… eta beste batean ez. Auskalo zergatik.
Aitziber: Mugak ez ditugu guk aukeratzen. Deseroso sentitzen hasten zarenean, gorputzak markatzen dizu muga.
Ilaski: Niretzat errespetu falta da oso muga garrantzitsua. Jolasean ari zarela, ezezkoa ematen badu batek, hori errespetatu egin behar da. Bestalde, nik muga sexua zerbaiten truke egitean jarriko nuke. Hau da, diru truke edo zerbait lortzeko izateak nazka ematen dit. Gauza zoragarri bat nazkagarri bihurtzeko era da, nire ustez.
Larraitz: Batzuek ez dute horrela ikusten.
Aitziber: Hori norberak ikusi behar du, baina nik ere ez nuke sekula egingo. Niretzat interesak tarteko izatea bada muga.

Gizartean, tabu asko dago sexuaren inguruan?

Sara: Egon badaude, baina gero eta gutxiago. Nire inguruan tabu asko desagertu dira.
Ilaski: Heziketa, filmak, nobelak… Badakizu ez dela egia, baina haurtzaro osoa pasatu duzu Edurnezuri entzuten, eta "niri ere printzea etorriko zait" pentsatzen… Eta filmeetan bikotea haserretzen denean, neskak buelta ematen du eta mutila atzetik joaten zaio; nik behin hori egin nuen, 19 urterekin, eta noski, inor ez zen etorri atzetik. Horrek guztiak eragina du; pentsatzen duzu bikoteka egon behar dugula, harreman heterosexualak izan behar ditugula… Zorionez, aurrera joan ahala, beste aukera batzuk daudela ikusten duzu.
Aitziber: Inguruko jendeak, hezkuntzak… zerikusi handia du.
Sara: 18 urterekin ingurua inportantea da. Herri txikietan, esaterako, neska batek gaizki pasa dezake bi edo hiru mutilekin ibili bada, jendea hor ibiltzen baita ez dakit zer dela eta badakit zer dela esanez.
Ilaski: Gizarte honetan, neskak eta mutilak guztiz ezberdin epaitzen gaituzte, baina hori aldatzen ari dela uste dut
Aitziber: Gai horretan, erabat harrituta geratu nintzen duela pare bat hilabete. Espainian inkesta bat egin zuten institutuetan, eta %70ak esan zuen homosexualitatea senda zitekeen gaixotasuna zela!
Larraitz: Nik uste dut diskurtsoa aldatu dela, baina gero, gaztetxoekin ibilita, konturatu naiz denek dutela arazotzat homosexualitatea. Diskurtsoaz gain, bizipenak daudenean, aldaketa ez da hain handia izaten. Neska batek "niri neska hau gustatzen zait" pentsatzen duenean, bizipenak ez dira errazak izaten.
Ilaski: Espero dut hurrengo belaunaldietan gauzak aldatzea. Nik badakit nire etxean neskak gustatzen zaizkidala esanez gero, ez legokeela arazorik, baina ez naute horretara bultzatu. "Zure mutil laguna nor da?", galdetzen dizute txikitatik. Nik seme-alabei beste modu batera irakatsiko niekeela uste dut, horretan sinesten dudalako.
Larraitz: Bai, beste aukera batzuk eskaini behar zaizkie. Dena dela, gaur egun diskurtsoa aldatu da, baina praktika aldatzea zaila da.

Askok sexua koitoarekin identifikatzen dute. Identifikazio horretaz zer diozue?

Sara: Orain txorakeria dela uste dut. Baina 18-19 urterekin, koitoarekin lotzen nuen sexua. Ez badizu inork esaten, eta bizitzak irakatsi behar badizu, denboraren poderioz ikasten dituzu gauzak. Niri inork ez zidan irakatsi; ez gurasoek, ez irakasleek… Uste dut institutura behin etorri zela sexologo bat, eta kondoia nola jarri irakatsi zigula. Sexu harreman bat izatea koitoa zen; kondoia jarri eta listo. Gero ikasi egiten duzu. Garrantzitsua litzateke aurretik irakastea.
Aitziber: Ekuazioak, logaritmoak eta abar irakasten dizkigute, eta nik horiek ez ditut ezertarako erabili, baina sexua, berriz, denok erabili behar dugu. Ni, gazteagotan, ziur nengoen sexua koitoa zela.
Ilaski: Badakigu ez dela horrela, baina horrela sentitzen dugu. Mutilarekin egon zaitezke, laztanak egon daitezke, zuk zazpi orgasmo izan ditzakezu… Baina bera ez bada hustu, badirudi ez dela bukatu. Lotura bat barneratuta daukagu.
Aitziber: Lagun artean ere gertatzen da. Batek kontatzen badu ligatu duela, galdera beti izaten da: "Dena?". Zer da, bada, "dena"? Koitoari egiten dio erreferentzia.
Ilaski: Nik joan den egunean sentitutakoa ikaragarria izan zen. Egun txar baten ondoren, etxera iritsi nintzen, leher eginda. Mutil laguna ohean zegoen, lo. Ni ohera sartu nintzen, heldu egin nuen, eta ni-retzat, egun hartan, hura izan zen maitasuna egitea.

Sexuaren eta maitasunaren artean zein lotura dago, zuen ustez?
Aitziber: Beti ez dago loturarik. Izan dezakegu sexua maitasunik gabe, eta baita maitasuna sexurik gabe ere.
Sara: Ekuazioak amaigabeak dira.
Ilaski: Nik lotzen ditut, baina ez zentzu itxian. Nik maite izan ditudan eta erakarri nautenegaz izan dut sexua, batetik, eta bestetik, sexua ezezagun bategaz izan badut, zerbaitegatik da, ezta? Erakarpenen bat dagoelako.
Sara: Baina, zer da maitasuna? Mugak oso zabalak dira.
Ilaski: Nik betirako maitasunean sinesten dut, baina hainbat pertsonagaz. Nik beti egon nahi dut maiteminduta, eta nik sinesten dut beti maiteminduta egongo naizela, eta horren alde lan egingo dut, ehuneko ehun. Horrek zer esan nahi duen? Hamar urtetan zazpi bikote, edo bat, edo 35 edo 107 izango ditudala.
Sara: Erabat ados.
Larraitz: Bai, nork bere erara ikusten ditu egoerak.
Sara: Ilaski, zuk esan duzu beti maiteminduta egon nahi duzula, eta bada zure marka edo ezaugarria maiteminduta egon nahi hori. Nik koadrilan ikusten dut 26 urterekin asko ezkonduta daudela, baina 15ekin ere bide horretan zihoazela.
Ilaski: Etxetik ez bazara inoiz irten, oso zaila da beste aukera batzuk ikustea.
Aitziber: Bai, probatu eta aukeratu.
Sara: Herriko asko 15 urterekin hasi ziren mutil batekin, orain ezkondu egin dira, eta esango nizuke ni bezain zoriontsuak edo zoriontsuagoak direla, nahi dutena egiten ari direlako.
Larraitz: Hori heziketak baldintzatzen du. Bide bat markatuta dago, eta hor goaz. Gero, kanpora irteten bazara, ikusten duzu beste modu batera ere izan daitekeela.
Ilaski: Sarak aipatutako jende horrek bidea markatuta du, eta hortik doa. Sinesten du horretan. Baina benetan aukeratu du?
Larraitz: Aukera gutxi dagoela uste dut nik ere. Bide bat oso markatuta dago, eta hortik irtetea zaila da, dena kontra baitago. Azken aldian, jende asko irten da bikote finko batetik, beste bikote finko batera joan da zuzenean, eta handik hiru urtera berdin dago; zer egin behar du?
Ilaski: Bikote jokoa hori dela uste dut; behintzat, bikote gisa egon nahi baldin baduzu. Auskalo gu hamar urte barru nolakoak izango garen… Bikotekideari zu maitatzea eskatu behar diozu, aldaketa gustatu ez bazaio? Edo, zuk berdina izaten jarraitu behar duzu, bestearen gustuko izateko? Nik beti eduki dut markatuta bide hori: mutil laguna izan behar dela eta abar. Gaztetatik mutil batekin ibili, harekin utzi, eta beste batekin… baina beti mutil lagunarekin. Askotan pentsatzen nuen zein zoriontsu izango nintzatekeen nahi nuen guztiegaz egonda. Eta garai batean, nahi nuen jende guztiagaz ibili nintzen. Pasatu zen urte bat, urte bi, hiru urte… eta nazkatu eta aspertu egin nintzen. Oso dibertigarria da une batzuetan, baina egun txarra duzunean, eta baten batek eskutik heltzea baino nahi ez duzunean? Horregatik, bat-batean, topatu egiten duzu norbait, eta harekin gustura egongo zarela pentsatzen duzu. Nik, momentu honetan, bikotean sinesten dut, hori nahi dudalako eta gustura nagoelako.
Aitziber: Garai bakoitzean gauza jakin bat nahi izatea normala izaten da.
Larraitz: Beste ibilbide batzuk ere posible dira. 15 urtetik bikotekidearekin dagoen horrek ez du, agian, ibilbide hori behar.
Ilaski: Bai, baina ez gaituzte hezi jendea ezagutzea ona dela esanez; aitzitik, jende asko ezagutzea txarra dela adierazi digute.
Sara: Bai, hala da. Amak zenbat aldiz ez ote didan esan: "Beste mutil bat?".

Sexuan pertsona aktiboak zarete?

Sara: Bai, zalantzarik gabe.
Larraitz: Garaiaren arabera. Sexu jolasak modu zabalean hartuta, oro har, nahiko aktiboa.
Ilaski: Nik garrantzia ematen diot horri. Ni 18 urtegaz hasi nintzen sexua praktikatzen, eta bikotekiderik ez dudanean, baditut oso lagun onak, eta horretarako geratzen gara.
Aitziber: Ni baino hobeto zaude, bada!

Sexua praktikatu duzuen lekurik bereziena edo arraroena?

Aitziber: Horrelako galderekin konturatzen naiz nahiko mugatua naizela. Bereziena, asko jota, autoa.
Sara: Hondartza eta mendia ez dira arraroak, ezta?
Aitziber: Horietan egin al duzu?
Sara: Bai, tabernaren bateko komunean ere bai. Baina horiek tipikoak dira.
Larraitz: Desberdinenak, garraiobideak: hegazkinak, trenak, autobusak.
Ilaski: Nik, behin, gazteagotan, jendaurrean. Paseatzeko leku nahiko ezkutu batean, mutila eserita eta ni gainean, gona bategaz. Jendea pasatzen zen, baina inor ez zen ezertaz konturatu. Kristoren morboa izan zen.
Aitziber: Horrek askori morboa eragiten dio, baina niri, kontrakoa. Norbaitek ikus nazekeela pentsatzeak moztu egiten nau.

Eta fantasian?

Sara: Sauna batean.
Ilaski: Hori mareoa.
Sara: Izerdia, izerdiaren gainean.
Larraitz: Ez dut fantasietako leku berezirik.
Ilaski: Nik ez dut fantasia askorik. Nik, lekua baino gehiago, honekin edo beste harekin egingo nukeela.
Larraitz: Bai, nik hori ere bai.
Ilaski: Eta ez nintzen George Clooneyn pentsatzen ari.
Aitziber: Bada, ni bai.
Ilaski: Niri ez zait gustatzen.
Aitziber: Niri asko.
Ilaski: Ez, ondokoez ari nintzen. Irratian zaude, esaterako, eta ziklista bat azaldu da; begiratu… eta hara! Lokartzerakoan, irudikatu egiten duzu irratiko pasilloan kafearekin datorrela zuregana… Lokartu aurretik horrelako istorio bat asmatzen duzu.
Sara: Nik ere fantasia asko lokartu aurretik izaten ditut; lokartzeko sistema ere bada.
Aitziber: Nik horretan pentsatzen badut, ez dut lorik hartzen!
Larraitz: Ilaski, eskerrak fantasiarik ez zenuela, bestela… Nik fantasia larregi ditudala uste dut.

Sexu jolasetarako, tresnak gogoko al dituzue?

Aitziber: Ez ditut probatu, baina ez ditut baztertzen.
Sara: Probatu ditut. Gainera, Donostiako koadrilakoak oso zaleak dira, eta askotan, horrelako opariak egin dizkidate. Gero praktikan, gutxi erabiltzen ditut.
Ilaski: Nik ez ditut erabili. Joan den egunean lotsatu eta guzti egin nintzen. Irratian badut lagun bat, ni baino dezente gazteagoa, eta horrelako kontuez hasi zen, Japonian lehen postuan zein dagoen eta abar esanez, eta pentsatu nuen: "Ai ama, ez dut honetaz ideiarik ere".
Sara: Gu Donostiako Gros auzoko denda batera joaten gara. Ez da beti irekita egoten, eta saltzailea etorri zain egon behar izaten da.
Larraitz: Ezkutuko gauza dirudi horrek, zerbait txarra egiten ariko bazinate bezala.
Sara: Bai, hala dirudi. Saltzailea azalpenak ematen hasten denean, dena erosi nahi izaten duzu, horrek zure bizitzako orgasmoa eragingo dizula baitirudi. Behin krema bat erosi nuen, emakumeak izugarrizkoa zela eta berak aldiro ematen zuela esan zidalako; probatu egin nuen eta erre egin ninduen.
Aitziber: Gurina balitz bezala emango zenuen eta!
Sara: Beste batean, txokolate gozo-gozoa erosi nuen, luma batekin igurtzeko eta, gero baten batek jateko. Bada, martxa honetan, azkenean, txokolatea txartu aurretik koilarakadaka jan beharko dut.

Izarapeko kontuak oholtzan



Ttanttaka antzerki taldeak "Emakumeak izarapean" lana estreinatu du, eta bertan ari dira Sara Cozar eta Aitziber Garmendia. Izarapean zer gertatzen den jakin nahi izan du GAZTEZULO-k

Sexuari buruzko antzerkiak ez dira oso ohikoak Euskal Herrian. Zer pentsatu zenuten Emakumeak izarapean laneko gidoia lehen aldiz irakurri zenutenean?
Sara: Mireia Gabilondok eman zidan obraren berri: adin ezberdinetako emakumeak jarri nahi zituen sexu kontuez eta maitasunaz hizketan. Gidoia irakurri aurretik, baiezkoa eman nion; gaia gogoko nuen, planteamentua gustatu zitzaidan, eta Mireiak idatzi izanak konfiantza eman zidan. Gidoiak hori baieztatu zidan.
Aitziber: Gidoia irakurri nuenean, koloreak ere atera zitzaizkidan. Gero ohartu nintzen hori gure tabuen ondorio baino ez dela. Lana zoragarria da.  
Sara, eszena batean larrua jotzen azaltzen zara. Zaila al da eszena hori egitea?
Sara: Mireiak oso ongi landu du eszena hori, Asier Hernandez aktorearekin lan egitea oso erraza izan da, eta eszenak ez dit batere burukominik eman.
Eta, zer diote ikusleek?
Sara: Eszena horretan izugarrizko isiltasuna sortzen da aretoan. Bestela, oro har, antzezlana gustura ikusi dute. Bizitza bezalakoa da lana; barretik negarrera pasatzen da etengabe.
Antzezlaneko zuen pertsonaiek ba al dute Sararekin eta Aitziberrekin zerikusirik?
Sara: Bai. Nire adineko emakume baten rola jokatzen dut: sexua kontuetan ez du lotsarik, batetik bestera ibiltzen da, arina dirudi… Benetan oso maitabera da, ordea; erraz maitemintzen da. Ez du sinesten bikote bizitzan, baina gauza asko pasatzen dira... Nik ere beti esaten nuen ez nintzela inorekin kateatuko, teilatupe batean biziko nintzela katu askorekin… Baina hiru urte daramatzat mutil batekin, eta bi urte berarekin bizitzen, eta oso gustura nabil.
Aitziber: Hasieran, antzekotasunik ez zutela pentsatzen nuen, baina orain baietz uste dut. Batez ere euskarazko bertsioko pertsonaiarengandik hurbil sentitzen naiz ni. Pertsonaia nahiko muturrekoa da; oraintxe barrez, oraintxe negarrez. Eta ni ere halakoxea naiz. 

Aitziber Garmendia



Aitziber Garmendia (Zaldibia, 1982) Idiazabalen bizi da gaur egun. Beasaingo Antzerki Tailerrean hasi zen 13 urterekin, eta Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean hiru urteko ikasketak egin zituen. 18 urterekin bukatu zituen ikasketa horiek, eta berehala, Terralurtarrak antzezlanarekin ukitu zuen antzerki profesionalaren lurra. Ondoren, Xomorroak eta Pizti domatzailea obrak egin zituen, haurrentzat. Gaur egun, Emakumeak izarapean antzezlanean ari da buru belarri. Telebistan, Martin telesailean ari da duela bost urtetik. Antzezpena afiziotzat du Aitziberrek, eta badaezpada, Zuzenbide ikasketak hasi zituen duela ia bost urte; ondo bidean, ekainean bukatuko ditu. “Nik, gaur egun, lanean disfrutatu egiten dut, eta ahal dela, Zuzenbide arloan lan egin behar ez izatea espero dut, baina zaila izango da”.

Sara Cozar



Sara Cozar (Ordizia, 1980) Publizitate ikasketak egiten hasi zen Leioako campusean, baina bide hark publizitatera eraman beharrean telebistara eraman zuen. Ikasketetako hirugarren urtean, Goenkalen aktore izateko castinga egin zuen, eta aukeratu egin zuten; jada zazpi urte egin ditu Goenkalen. Hasieran lana eta ikasketak uztartu zituen, baina azkenean, Publizitatea utzi zuen. Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean hasi zen ondoren, eta gaur egun bitxigintza ikasten ari da. Antzerkigintzan lehen urratsak Ordizian eman zituen, Urrup taldean. Ondoren, Adosekin, Las mujeres de verdad tienen curvas egin zuen. Eta une honetan, Emakumeak izarapean antzezlanean ari da. Kutsidazu bidea, Ixabel filmean ere lan egin du. Orain arte bezala, telebistan, antzerkian eta zineman aritzea du buruan. 

Larraitz Arando, Gaztezuloko sexologoa



Larraitz Arandok (Aretxabaleta, 1979) Psikologia ikasketak egin zituen Donostian. Sexologia gustuko zuenez, urtebete pasatu zuen hori ikasten Urtxintxa eskolan, eta ondoren, beste bi urte, Madrilen. Orain, Terapeuta ikasketak egiten ari da, eta Arrasateko Sexologia Zerbitzuan ari da lanean. Sexologia Zerbitzuan, aholkulari lana egiten du astean hiru egunetan, eta jendearen galderei erantzuten die. Erne: aurrerantzean, arrasatearren galderei erantzuteaz gain, GAZTEZULOko irakurleen kezkak argitzen lagunduko digu Larraitzek. Beraz, sexuarekin lotutako edozein zalantza baduzu, bidali zure galdera gaztezulo@gaztezulo.com helbidera, eta bere aholkuak jasoko dituzu. Ez lotsarik izan, eta galdetu beharrekoak galdetu.  

Ilaski Serrano



Ilaski Serranok (Bermeo, 1976) Kazetaritza ikasketak egin zituen Leioako campusean. Ikasketak bukatu aurretik, 21 urterekin, Euskadi Gaztean hasi zen lanean, eta gaur egun ere bertan jarraitzen du; astelehenetik ostiralera du saioa. Dena den, telebistan ere askotan ikusi dugu. Besteak beste, KTM!, Betizu eta Kuxkuxeroak saioetan aritu da aurkezle lanetan, eta gaur egun, ETB1 kateko saiorik arrakastatsuenean ikusten dugu: Mihiluzen. Kike Amunarrizekin batera dabil aurkezle, eta datorren denboraldian ere saioa aurkezten jarraitzea espero du. Alaia, berritsua eta atsegina.