'Piztiak' telesaila Primeran atarian duzu: suspensea, fantasia, drama eta komedia beltza
Gaur iritsi da Piztiak telesail berria EITBren Primeran plataformara. Thriller fantastikoaren, errealismo magikoaren eta landa eremuko dramaren giroa du ikus-entzunezkoak. Hori guztia komedia beltzak eta ironiak jantzia.
Iraia Eliasek gorpuztutako Karmen Lumazulo baserriko jabea da. Karmenek ez du izpirituetan sinesten, familiaren baserria sineskeriez eta mamu-istorioez inguraturik egon arren. Ekiñek, iloba gazteak, kutxa bat aurkituko du ganbaran. Ordutik aurrera, iraganean galdutzat zituen pertsonak agertuko dira Karmenen bizitzan, eta familia sekretua ere aterako da argitara.

Karmen eta Keparen tramak zeharkatzen ditu atal guztiak, baina bizilagun eta bezero asko agertuko da baserrian. Atal bakoitzak bere izaera propioa eta protagonistak ditu. Eliasez gain, honako aktore hauek egin dute lan: Iñigo Aranbarri, Miren Gaztañaga, Olatz Ganboa, Yune Nogueiras, Erika Olaizola, Xabier Lopez Jabato, Urko Redondo, Zorion Egileor, Jon Mendia eta Sambou Diaby, besteak beste.
Sortzaileek azaldu dutenez, emakumeak izango dira erdigunean, eta pertsonaien "alde basatia eta askea" azalduko dute. "Emakumeen ahalduntze prozesuen inguruko hausnarketa" ere badela adierazi dute.
Amancay Gaztañagarena da ideia originala, hark idatzi ditu gidoiak, eta Xanti Rodriguezekin batera zuzendu du telesaila. EITBren Sortzaile Berriak deialdiaren baitan sortu dute lan berri hau.
Eñaut Gaztañaga eta Alejo Orbegozo arduratu dira soinu bandaz, eta beste zenbait musikariren abestiak ere badira, tartean Mice, Sara Zozaya, Rodeo eta Txatar.
Sei atal izango ditu guztira. Lehen hirurak argitaratu dituzte eta hurrengo hirurak datorren ostegunean, hilaren 30ean, izango dira ikusgai. Atalek 25-30 minutuko iraupena dute.

