Euspot lehiaketa: ‘Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan?’
Euspot lehiaketaren 15. edizioa martxan da, gazteen sormena sustatu eta Euskal Herrian sortzen den publizitateak euskara oinarri izatea helburu duena.
Aurtengo gaia honako hau izango da: "Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan?". 30 segundoko iragarki bat sortu beharko da, gazteek sare sozialetan euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzera bultzatzeko.
Antolatzaileek adierazi dutenez, "euskara da gure bereizgarri nagusia mundu globalizatu honetan, eta edukiak euskaraz igotzean, identitate digital propioa eraikitzen dugu. Ez gara kopia bat, begirada berezia eskaintzen diogu munduari. Erdarazko ozeanoan, euskara da gure balio erantsia. Algoritmo guztien gainetik errazagoa da erreferente izatea euskal komunitatean, milioika lagunekin gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez lehiatzea baino". Hori dela eta, indartzen ari den eduki-sortzaile berrien olatura batzeko gonbita egiten dute, kontsumituz zein sortuz. Eta helburu hori izango du sortu beharreko iragarkiak ere.
3.000 euro baino gehiago saritan
Lehiaketan parte hartzen dutenek hainbat sari irabaz ditzakete: spotik onenak 1.000 euro jasoko ditu; publikoaren saria irabazten duenak 500 euro; 18 urtetik beherako partaideen artean aukeratuko den Gazteen Saria lortzen duenak 500 euro; eta musika sinkronizazio onenaren saria eskuratzen duenak, berriz, 300 euro.

Gainera, sari gehigarriak ere izango dira. Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenak 500 euro jasoko ditu, eta Arizmendiko ikasleen spotik onenak 250 euro.
Maiatzaren 25era bitarte
Parte-hartzaileek maiatzaren 25era arteko epea dute iragarkiak bidaltzeko. Lanen iraupena 30 segundokoa izango da gehienez. Edozein formatutan grabatu ahal izango da, horizontalean zein bertikalean.
Lehiaketaren oinarriak Euspoten webgunean daude eskuragai. Lana aurkezterakoan galdetegia bete beharko da.
