Patri Pinedo: "“Lizarra taldeari emana dago”"

Patri Pinedo: "“Lizarra taldeari emana dago”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/patri-pinedo-quotlizarra-taldeari-emana-dagoquot/@@download/image/2011554701patri_1361450747.jpg
2011/05/06
elkarrizketa
TESTUA: Raul Perez
Patri Pinedo: "“Lizarra taldeari emana dago”"
Espainiako hiru liga eta bina Kopa eta Superkopa, Europako EHF Kopa... Europako Kopako finala tokatzen zaie orain; joanekoa hilaren 8an eta itzulikoa 15ean Norvegiako Larvik taldearen aurka. Euskal Herriko Dream Team-a da Itxako, eta Patri Pinedo taldeko motorretako bat. 

1990ean sortu zen Itxako taldea eta 2000. Urtean lortu zuten Ohorezko mailara igotzea. Klubaren historian letra larriz idatzita dauden bi data. 2007-2008 denboraldia, berriz, zetorrenaren aurrerapena izan zen: Liga eta Europako Kopako txapeldunorde. Hurrengo denboraldietan tinko eutsi diete garaikurrei; taldea gora eta gora ari da egiten. 9 zenbakia ere ederki ari da biribiltzen Bera Beran hasi zuen ibilbidea. Taldean bigarren denboraldia izan du aurtengoa.

Zerutik gertuago egoterik ba al dago?

Ez, ezta? Taldeak orain arte oso ondo erantzun du, bai Ligan, bai Kopan eta baita Championsen ere. Batez ere egun batzuk libre dauzkazunean zelako zortea daukagun pentsatzen dugu, oso pozik gaude.

Zer da Itxako garaile egiten duena?

Talde lana da gakoa; denok berdin konsideratzen gaituzte eta denok gara garrantzitsuak. Kantxatik kanpo giro ona dugu eta hori emaitzetan igarri egiten da.

Izarren bat egongo da...

Guardiolaren moduan erantzungo dizut: Messi, Xabi, Iniesta... inportanteak dira denak. Gurean beste horrenbeste gertatzen da. Erasoan zein defentsan garrantzitsuak gara guztiok.

Eskubaloi usaina al dario herriari?

Herria taldeari emana dago. Jende asko etortzen da gure partidak ikustera, batez ere Europako neurketetara. Lizarra herri txikia da, eta kalean jendeak ezagutu egiten zaitu. Sukar Horia lagunartekoek, bestalde, ez dute hutsik egiten, taberna askok taldea laguntzen dute eta gure posterra edonon dago ikusgai.

Liga hirugarrenez irabazi berri duzue. Zer du Ligak?

Kopak eta Ligak ez dute elkarren artean zer ikusirik. Ligan edozeinek gal dezake zortzigarren edo hamabigarren sailkatuaren aurka. Hortaz, txapelketa hori irabazteak esan nahi du erregularra izan zarela denboraldi osoan.

Europak, ordea, beste xarma bat du, ezta?

Europako sona handiko kantxak ezagutzea dakar Europan  jokatzeak eta bertako giroa ezagutzea. Eta dudarik gabe, noski, talde onenen kontra aritzea. Hainbatek telebistan baino ez ditu ikusiko jokalari nahiz talde horiek eta gu hor barruan gaude. Hori guztia oso aberasgarria da.

Telebista aipatu duzula ez da oso erraza zuen norgehiagokak zuzenean ikustea.

Esate baterako, Championseko finalaurrekoa ez zuten Teledeporte katean zuzenean eman NBA eman behar zutelako. Telebista kate horretan balantza berean NBA eta Itxako eskubaloi taldea jarriz gero, bada ikusleek nahiago omen dute NBA. Hala ere, Euskal Telebista hurbil zitekeen geuregana eta partida eskaini. Nafarroako Canal 6 kateak eman zuen finalaurrekoa behintzat. Kontuak kontu, gu irabazten saiatu ginen. Dela zuzenean dela diferituan, zaleek gure partidak ikusteko aukera izango ahal dute!

Sona handiko pistak aipatu dituzu. Hungarian jokatu berri duzue eta duela aste gutxi Montenegroko Buducnost taldeko kiroldegia lepo bete zen, 4.000 ikuslerekin.

Berez ezaguna nuen pista, Bera Bera taldean nenbilenean Errekopako partida jokatu nuelako han eta Itxakoko taldekideei esaten nien zur eta lur geratuko zirela giroarekin. Zale batzuk kamisetarik gabe egoten dira harmailetan, partida guztia ematen dute abesten... Beste modu batean bizi dute kirola, bai gizonezkoena bai emakumezkoena. Gure kiroldegian ez dira hainbeste zale elkartzen, baina kontua da 2.000 lagunentzako tokia dagoela. 3.000tik gora eserleku exijitzen dituzte Europako Kopako finalean; hori bete ezean, beste nonbaitera joan beharra dago.

Alemania, Errusia, Montenegro... Herrialde horietakoak dira Europako talde indartsuenetako batzuk eta gutxitan itzultzen zarete aipatu herrialde horietatik pozik epaileen lanarekin. Giroak kikiltzen al ditu epaileak? Ze demonio gertatzen da?

Montenegron harrituta geratu ginen (30-22 galdu zuten martxoan); ez genuen uste Champions-en halako epailerik izango genuenik... Etxean edo kanpoan jokatzea zeharo desberdina da, baina horretara ere moldatu behar duzu. Aitortu behar dugu aurten behintzat, eta Montenegrokoa kenduta, ez dugula kexatzeko motiborik.

Euskal Herriko emakumezkoen eskubaloia eztitan dago. Izan ere, Itxakoren lorpenei zure aurreko taldearenak, Gipuzkoako Bera Berarenak gehitu behar zaizkio. Zein da sekretua?

Etxekoak, hau da harrobia, asko zaintzen dituzte. Hori oso garrantzitsua da, azken batean oraingo gaztetxoak izango direlako urte batzuk barru kantxan. Bi Itxakok bai Bera Berak etxeko jokalari batzuk dituzte eta haiek dute taldearekiko engaiamendu gehien.

Ez gipuzkoarra, ez nafarra. Amurriokoa zara.

Berez Bilbon jaio nintzen, baina bai, Amurrion eman ditut urte gehien. Eskolan kirol asko probatu nituen eta futbola ere oso gustuko nuen. Amurrioko eskolan hasi ginen eskubaloian jokatzen Eli ahizpa eta biok –bixkiak gara- eta Arabako Ligan parte hartzen genuen. Kadete eta jubeniletan Eibarren aritu ginen, Arraten, eta handik Bera Berara.

Eli ahizpa aipatu duzu. Ia-ia beti egon zarete elkarrekin, harik eta denboraldi honen hasieran bera Danimarkara joan zen arte.

Gogorra ari zait egiten. Datorren denboraldian Bera Beran jokatuko du berriz ere Elik, eta beraz gertu egongo gara elkarrengandik.

Ibilbide bikaina, bai, baina halere, ez al zaizue iruditzen zuen lorpenek oihartzun apala dutela?

Barneratuta dugu. Tristea da Kopa irabazi edo Europan jokatu behar izatea jendea erakartzeko. Baina gu profesionalak gara, Realeko edo Athleticeko gizonezkoak bezala; egunero entrenatzen gara, batzuetan goiz eta arratsaldez... Hala ere, zoriontsuak gara gustatzen zaigun horretan lan egiten dugulako.

Taldearen garaipen zerrenda bikaina da, baina zurea ere ez da apalagoa. Espainiako lau Kopa, hiru superkopa, bi Liga... Zurea bezalako garaipen zerrenda duen gizonezko batek erretiroa patxada handiz hartuko luke ziurrenik.

Gizonezkoen eskubaloiari dagokionez, ez dut uste, nahiz eta soldatak ezberdinak diren. Hala ere, oso garbi dut eskubaloia utzitakoan lan egin beharko dudala. Euskal Filologia eta Lehen Hezkuntza ikasi dut eta lan munduan sartuko naiz.

Beno, 29 urte besterik ez dituzu. Bide luzea duzu oraindik aurkariaren atea zulatzen...

Ez pentsa. Gizonezkoak 35 urtera arte egon daitezke, ez dutelako ama izan behar... Agian urtebete gehiago jokatuko dut, baina ez askoz gehiago.