Oskar Saiz: "Ustelkeria arazo larria da Nikaraguan"

Oskar Saiz: "Ustelkeria arazo larria da Nikaraguan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oskar-saiz-quotustelkeria-arazo-larria-da-nikaraguanquot/@@download/image/59p44-1_1365767760.jpg
2006/01/06
elkarrizketa
Oskar Saiz: "Ustelkeria arazo larria da Nikaraguan"
Oskar Saiz arrasatearra, Mundu Solidarioa Helburu erakundearen sortzaile eta kideetako bat da. Ingeniaria da lanbidez, baina Nikaraguako egoera hobetzeko proiektuak abian jartzen ematen du denbora gehien. Nikaraguan bi urte eman ondoren, Arrasatera bueltatzea erabaki zuen Oskarrek. Dena den, uda partera, urtero itzultzen da Nikaraguara.

Noiz eta nola hasi zinen Nikaraguan laguntza ematen?
Kasualitatez iritsi nintzen Nikaraguara. Nikaragua ezagutzen zuen lagun bat hara joatekoa zen, kooperazio-proiektu bat abian jartzera. Laguntzeko esan zidan, eta elkarrekin joan ginen. Hara iristerakoan, beste mundu batekin egin nuen topo; jende asko ezagutu nuen, eta, harrezkero, Nikaraguari lotuta nabil.

Zerk bultzatuta hasi zinen mundu honetan?

Nikaraguara joan baino lehenagotik ere, kooperazioaren munduan sartuta nengoen: GKE batean parte hartzen nuen, zenbait prestakuntza-ikastaro ere eginak nituen, Txilen izana nintzen... Bestalde, baneraman denbora bat hemengo bizitzan etenaldi bat egin nahian. Zerbait egin nahi nuen, eta ez nekien zer. Beraz, Nikaraguan bizitako esperientziaren ondoren, momentu egokia iruditu zitzaidan beste errealitate bat hobeto ezagutzeko, eta hara bueltatu nintzen pare bat urte bertan pasatzeko asmotan.

Esperientzia horretan, zein izan da pasatu duzun momenturik txarrena?

Momentu txarrena, hango egoera latzaz eta etorkizun-faltaz jabetu nintzenean izan zen. Behin, Maria Lopez Vigilek, Nikaraguako intelektual batek, zera esan zuen: "Gaur egun Nikaraguan itxaropena izatea informazio-falta izatea da". Baina momentu onak ere asko izan dira, hango jendearekin tratua, haurrekin izandako hartu-emana, eta abar. Oso jende jatorra ezagutzeko aukera izan dut.

Konta daitekeen anekdota bitxiren bat…

Mitch urakana izan zenean, han nintzen ni. Larrialdi-lanetarako batzorde bat antolatu genuen, dozena bat lagunon artean. Arrasateko lagun eta senideei dei egin, eta hango egoera nolakoa zen azaldu nien. Hiru egun beranduago, milioi bat pezeta jaso nituen Arrasatetik. Handik gutxira, beste lagun batek etxera deitu, eta beste milioi bat jaso genuen; beste batek beste milioi bat eman zuen, eta abar. Horrela ibili ginen bi astetan zehar. Arrasateko eta inguruko jendearen elkartasuna ikaragarria izan zen. Diru horrekin, egitasmo handi bat abiarazi genuen: lan polita izan zen, baina aldi berean oso gogorra. Azkenean, oso ondo irten zen guztia. Esperientzia gogorra baina oso bizia izan zen.

Gu baino askoz okerrago bizi diren herrialdeetara laguntzaile joateko aukera dutenek, ematen dutena baino askoz gehiago jasotzen omen dute. Zer jaso duzu zuk?

Gauza asko ikasi ditut: momentua bizitzen, nire burua hobeto ezagutzen, gure bizitzeko modua eta balioak bakarrak ez direla ulertzen... Hitz bitan esanda, esperientzia horrek nire bizitza aldatu zuen. Hemengo arazo eta kezka asko erlatibizatzen ikasi dut: orain ez diet inongo kasurik egiten lehenago niretzat garrantzitsuak ziren gauza askori. Askeagoa naizela esango nuke; horrela sentitzen naiz, behintzat.

Zuzena ala okerra da mendebalde aberatsean hegoaldeaz izaten den ikuspegia?

Oso arriskutsua da ikuspegi orokorra ematea. Zer pentsatuko genuke, Gineako batek zaku berean sartuko balitu andaluziarrak eta danimarkarrak, "europarrei" buruz hitz egiterakoan? Klixe asko dago, eta horien arabera pentsatzea ez da batere komenigarria.

Zer irudi duzu herri azpigaratuetara "
laguntza ematera" joan ohi diren famatuez?
Ez zait gehiegi gustatzen besteak kritikatzea. Norberak jakingo du, zergatik eta zertarako joaten den. Batzuk publizitatea egitera joaten direla dio jendeak... Bestalde, halako pertsona ospetsuek egiten dutena jende askori iristen zaion mezua da; beraz, jendea sentsibilizatzeko ere positiboa izan daiteke.

Zein da, gaur egun, Nikaraguan duten beharrik handiena?

Itxaropen-falta. Zergatik ez dagoen itxaropenik? Batetik, azken urteetan egoera gero eta okerragoa delako; bestetik, politikariak ustelak direlako, bai boterean daudenak, eta baita horien atzetik etor daitezkeenak ere. Ustelkeria oso arazo larria da Nikaraguan, maila guztietara zabaldu baita. Hori ikusita, normala da itxaropenik ez izatea.

Zure ustez, nola hobetu daiteke hango egoera?

Ufff! Galdera horri erantzuterik izango banu... epe motzean ez diot irtenbiderik ikusten; horregatik, epe ertainera egiten dugu lan, eta hezkuntza-proiektuak bultzatzen ditugu Mundu Solidarioa Helburu izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez.

Zer esango zenioke, munduaren egoera hobetzeko ezin dela ezer egin uste duenari?

Ezer egin gabe ez dela aldatuko, hori seguru. Edo Gandhiren esaldi hau: "Baliteke zuek egiten duzuena guztiz baliogabea izatea... baina guztiz ezinbestekoa da".

Mundu solidarioa helburu



2000. urtean sortu zen Mundu Solidarioa Helburu izeneko gobernuz kanpoko erakundea, Arrasaten. Nikaraguako egoera hobetzea izan da GKE horrek abiarazi dituen proiektu gehienen helburua. Horien artean daude hezkuntza-proiektuak, ezindu fisiko gazteentzako zentroa, eta arotzen kooperatiba, momentu honetan abian jartzen ari direna. Dena den, sentsibilizazioa da erakunde honen beste kezka nagusietako bat. Arlo horretan, haur eta gazteen kontzientziazio-programa bati ekin diote, Debagoieneko zenbait ikastetxe eta ikastolarekin elkarlanean.