Opera eta musikari gazteak, Hamabostaldiaren aste honetako menuan

Opera eta musikari gazteak, Hamabostaldiaren aste honetako menuan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/opera-eta-musikari-gazteak-hamabostaldiaren-aste-honetako-menuan/@@download/image/2010825595boris_godunov_01.jpg
2012/12/13
berria
Opera eta musikari gazteak, Hamabostaldiaren aste honetako menuan
Donostiako musika klasikoaren jaialdian Boris Godunov opera antzeztuko dute bihar eta etzi, Kursaal auditorioan, 19:00etan. Errusiako operarik liluragarriena da, adituen arabera. Bestalde, abian da Interprete Gazteen Zikloa, Miramar Jauregian.



Ensemble Interludiok joko du gaur Interprete Gazteen Zikloan, 20:00etan. Frantzia eta Errusiako doinuak elkartuko ditu talde honek. Bihar, ordu berean, Sextuor A&M taldearen txanda izango da.

Hona hemen, iraila hasiera bitartean Musika Hamabostaldiaren barruan ikusi eta entzun ahal izango diren beste emanaldi batzuk:

Kursaal
Ensemble Krater bihar, osteguna, ariko da eta larunbatean Ensemble Recherche taldearen txanda izango da (Musika Garaikidearen Zikloak Luis de Pablo musikari bilbotarraren lanak ekarri nahi ditu gogora). Datorren astean, astelehen eta asteartean, Monte-Carloko baletak aterako dira oholtzara.
Hamabostaldia bukatzeko, irailaren 2an, osteguna Euskadiko Orkestra eta Andra Mari korala besoz beso ariko dira eta hurrengo egunean Tolosako (Okzitania) Orkestrak joko du.

Victoria Eugenia
Rafael Blechacz  piano jotzaileak (ostiralean, 20:00etan) eta Tokyo soka laukote entzutetsua (hilaren 29an) ariko dira.

Chillida Leku
Iwona Sobotka sopranoak  bere sorkuntzak erakutsiko ditu igandean 19:00etan.

Aurten ere Ordu Gaztea izeneko ekimena jarri dute indarrean; 30 urtetik beherakoek hiru euroren truke eskuratu ahal izango dituzte sarrerak Kursaal eta Victoria Eugeniako emanaldietarako, kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago, betiere sarrerak geratzen badira.