Olentzeroren zain

Gogoan dut gure etxean nolako Game Boy-a zegoen. Handia eta grisa, orain inork nahiko ez lukeen bezalakoa. Gu, ordea, gustura aritzen ginen kolorerik gabeko pantaila txikiarekin jolasean, Olentzerok ekarri zigun eta. Garai bateko makinek eta oraingoek ez dute zerikusirik. Eta, agian, horrexegatik, guztiz ezberdinak dira gaur egungo umeak eta gure garaikoak. Bai, badakit ez direla urte asko pasatu ni haur izan nintzenetik. Baina denbora asko igaro ez den arren, antzik ere ez daukagu. Urtetik urtera, gero eta ezberdinagoak gara, gainera. Orain askoz arropa dotoreagoak daramatzate, jantziago daude teknologia kontuetan
Hala eta guztiz ere, garaiak aldatzen joan arren, haurrak beti izango dira haur. Bai, ia denek izaten dute gauetan beldurtzen direneko garaia. Ohean sartu eta, argiak itzali orduko, begiak zabaltzen ditu etxeko txikienak. Iluntasunean ezer ikusi ez arren, inguruan mamuak irudikatzen ditu. Horregatik irekitzen ditu begiak, imajinazioari lekua egin eta, bere gogoetetan soilik agertzen diren gaizkileei begirik ez kentzeko. Euri soinua, garbigailuaren karranka hotsa, telebistaren zarata... denak izan litezke susmagarriak ume txikiarentzat, edozerk eragozten dio loa.
Baina abenduaren 24ko gaua iristen denean, hankaz gora jartzen da dena. Ohean sartu eta, argiak itzali orduko, begiak zabaltzen ditu gauero bezala. Ez da, ordea, beldurrarengatik izaten, ilusioagatik baizik. Badaki, Gabon gauean, Olentzero etxean sartuko dela harentzako opariz betetako poltsa handi batekin.
2008ko abenduaren 24a ere iritsi zen, urtero bezala. Haurretan txikienak ez zuen lorik hartu nahi izan, ikazkinaren hotsen bat entzun nahian edo. Baina azkeneko gabonak ez dira besteak bezalakoak izan, hilabete batzuk lehenago, aita lanik gabe geratu zen eta. Bazirudien gabonetako giro zuria guztiz belztu zitzaiela.
Gurasoek, bestela ere, bazuten nahikoa lan etxeko hipoteka ordaintzen, eta ezin izan zuten oparirik erosi. Txikia, zorionez, pozez gainezka sartu zen ohean, biharamuna noiz etorriko. Baina lehenengo aldiz, ez zen izan Olentzeroren zain geratu zen etxeko bakarra. Aitak eta amak ere opariak ekartzera norbait agertuko zen esperantza zuten, ez baitzuten inoren ilusiorik zapuztu nahi.