14 urtetik gorakoak edukiak sortzera gonbidatzen dituen Bziber lehiaketa martxan da TikToken
14 urte baino gehiago badituzu eta sare sozialetan edukia sortzen hasi nahi baduzu edo dagoeneko horretan ari bazara, TikToken egiten den Bziber lehiaketa duzu horretarako aukera aproposa.
Bi kategoria dituzu: orokorra eta BZ Sarea. Orokorrean, 14 urtetik gorako edonork har dezake parte. Lau eduki sortzaile izango dira gidari lanetan: Luma Otaño, Janire Atxurra, Julen Unanue eta Andoni Etxezarreta. Astero eduki sortzaile batek bideo bat igoko du erronka bat proposatzeko. Bideo proposamenak norbere estilora egokitu eta sareetan partekatu beharko dira, jatorrizko bideoaren traola jarrita, lehiaketan parte hartzen ari zaretela jakin dezaten.
Nahi beste bideo igo ahal izango dira. Eduki sortzaile bakoitzak bere kategoriako irabazlea aukeratuko du, eta irabazleek FNACen erabiltzeko 100 euroko opari-txartela eskuratuko dute.

BZ Sarea kategorian, berriz, 17 urtetik gorakoek har dezakete parte. FNAC dendan erabiltzeko opari-txartelaz gain, kontratu profesional bat irabazteko aukera izango da.
Apirilaren 17ra bitarte izango da martxan lehiaketa. Animatu eta parte hartu!
