Ibai Llanos eta pixelatutako objektua: gaur argituko ote du misterioa?
Azken egunotan gauza bitxiak ari dira gertatzen Ibai Llanos streamer ezagunaren sareetan. Partekatutako irudietan urdin turkesa kolorez estalitako objektu bat ageri da.
Jakin-min handia sortu du horrek bere zaleen artean, eta zer ote den asmatu nahian ari dira. Zenbaiten ustez, proiektu berriren batekin izango du zerikusia. Beste batzuk, berriz, uztailean Sevillan antolatutako 'La Velada del año'-rekin lotutako sorpresaren bat delakoan daude. Bada ekitaldi horretarako ikusmin handiagoa pizteko trikimailua dela uste duenik ere.
Llanosen sareetan ez ezik, haren lagun influencerrek ere ezohiko gauzak zabaldu dituzte haien sareetan. Badirudi pixelatutako objektua dela guztia argituko duena.
Bien bitartean, streamerrak hitzordua jarri du zaleekin. Gaur elkartuko dira Madrileko Principe Pioren kanpoaldeko gunean, 18:30ean. Antza denez, han jakinaraziko du sareetako kanpaina honen atzean zer dagoen benetan.
