Mihise: “Bada zerbait gure gizartean musikariak oraindik ere langiletzat hartzea ukatzen diguna”.

Mihise: “Bada zerbait gure gizartean musikariak oraindik ere langiletzat hartzea ukatzen diguna”. Mihise izenez talde berria da, baina proiektu honen atzean dauden musikariak aurretik jada hainbat taldetan arituak dira. Beharbada horregatik lehen diskoari heldutasuna dario. Euren esanetan kontatzeko gauza asko dituzten “power trio” rockeroa dira eta horregatik eurekin hitz egin nahi izan dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mihise-201cbada-zerbait-gure-gizartean-musikariak-oraindik-ere-langiletzat-hartzea-ukatzen-diguna201d/@@download/image/ib_mihise_web_04.jpg
2020/06/24

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei
Argazkiak: Ibai Arrieta

Mihise izenez talde berria da, baina proiektu honen atzean dauden musikariak aurretik jada hainbat taldetan arituak dira. Beharbada horregatik lehen diskoari heldutasuna dario. Euren esanetan kontatzeko gauza asko dituzten “power trio” rockeroa dira eta horregatik eurekin hitz egin nahi izan dugu.
Mihise: “Bada zerbait gure gizartean musikariak oraindik ere langiletzat hartzea ukatzen diguna”.

Mihise deskribatu behar banu esango nuke Dut eta Lisabök popa ezagutu dutela dirudiela, zati oso dantzagarriak, oso ilunekin aurkitu baitatezke diskoan, ados al zaudete laburpen honekin?
Lisabö eta Dut asko entzun ditugun taldeak dira eta seguru euren eragina dagoela diskoan. Egia da baita ere kontzienteki iluntasunetik pixka bat aldentzeko erabakia hartu dugula, beraz esan duzunak badu zentzurik! Hori bai, ez dugu uste horiek bakarrik direnik gugan eragin zuzena izan duten taldeak.

Nola definituko zenuekete zuek disko hau?
Galdera zaila da. Bidaia bat bezala definituko genuke, sentsazioekin jolasten dugun bidaia bat. Diskoak baditu pasarte gogorrak eta goxoak, argiak eta ilunak, etsipenezkoak eta esperantzazkoak… Bizitzak berak bezalaxe!


Zuen lehen diskoa da Mihise bezala, baina aurretik baduzu esperientzia musikari bezala, zein dira talde horiek?
Hirurok Hotzikara taldeko partaide gara, eta Antton eta Beñat Izebergen aritu ginen. Gaur egun Beñat Iñorkiñak taldeko baxu jolea ere bada. Talde guztiekin ikasten dira gauza berriak eta aitortzen dugu ipurterre xamarrak ere bagarela… Beti saltsan, edo geldi ez behintzat!


Zergatik orain Mihise?
Mihise Hotzikararen jarraipen bezala ikus daitekeela uste dugu, baina 5 urteko denbora tartean egindako eraldaketa prozesu baten emaitza da. Hotzikararen azken diskoko azken kantuan, Azken geltokia izenekoan, nabaritzen da nolabait gaur egun Mihise denaren hazia. Estiloa eta formazioa aldatuta, talde berria sortzeak zentzu handiagoa zuela iruditu zitzaigun Hotzikararekin jarraitzeak baino.


Taldearen izenak hasiera berri bati egiten dio erreferentzia?
Bai, halaxe da. Izena Beñat jet-lag-ak ezin lo harturik zegoen gau batean sortu zen. AEBen oporraldi bat egitetik itzuli eta burua abiadura bizian hasten zaizun horietako momentu batean jo zuen inspirazioak. “Canvas, white canvas izan behar du, zerotik hasten ari garelako!” Ondoren, Google-eko itzultzailean begiratu behar izan zuen canvas euskaraz mihise esaten dela, ez baizitzaion hitza burura etortzen. Hurrengo goizean logo antzeko batekin aurkeztu zuen izena taldeko Whatsappean eta hirurok onartu genuen proposamena.

Zuen lehen diskoa Kronik@ deitzen da, zer dela eta a bildu hori? Eta zeri buruzko kronika da ba diskoa?
Diskoa jarraia da, hau da, kantu guztiak elkarri lotuta daude eta letrak eta musika uztartuta istorio bat kontatzen du. Kronika bat egiten du. Istorioan nolabaiteko ezinegon “lasai” batetik egoera iraultzen duen kolpe bat ematen da eta kolpe horren osteko faseak deskribatzen dira: etsipena, gertaeren barneratzea, berriz ere indartzea, aurrera begira jartzea... Gainera, diskoaren azkeneko kantuak ere lehenengo kantuan du jarraipena, bizitza bera bezalaxe kolpetik kolpera doan buklea edo kronikoki errepikatzen den kontakizuna adierazten dira. Kronika kronikoa.

Zer ikasi duzue aurreko esperientzietatik?
Maila musikalean, estilo desberdinak jorratzen, ikuspegia zabaltzen… Taldekide bakoitzak bere unibertsoa dugu eta elkarrekin partekatzen dugunean besteak haren parte bilakatzen gara. Oso aberasgarria da. Bestalde, zer nahi dugun eta zer ez ere argitzeko aukera eman digu bai musikalki eta baita pertsonalki ere. Ez da erraza zehaztea zer, baina esperientziak laguntzen du gauzak lasaiago eta era ordenatuago batean egiten. 

Zer espero duzue edo zer lortu nahi duzue etapa berri honetan?
Gure helburu nagusia musikaz gozatzen jarraitzea da, norberak bere mugak zabalduz eta ikasketa konstante batean ari garela kontziente izanda gozatzea. Horretarako disko bat kaleratu eta kontzertuak jotzea beharrezkoa da? Bai. Diskoak eboluzioaren mugarriak dira eta kontzertuak ilusioa eta indarra bizirik mantentzeko gasolina. Musikaren bitartez herri desberdin pila bat ezagutu ditugu eta noski jende jatorra hauetako guztietan. Bizi esperientzia aberasten laguntzen digu eta azken finean, hori da behar duguna.

Oraingo egoera kontuan hartua, lortu al duzue kontzerturen bat lotzea?
Zorionez egoera sasi-normaltasun baterantz doa eta antolatzaile batzuk hasi dira lehenengo pausuak ematen. Disko aurkezpena ekainaren 26an egingo dugu Donostiako Doka kafe antzokian, eurentzako ere lehenengo ekitaldi publikoa izango delarik. Bestalde, Uztailak 2an Santixabel egunean, Usurbilgo kiroldegian joko dugu Ezpalak taldearekin. Usurbilgo jai batzordeak festak bertan behera utzi bazituen ere, Kultur Bira izeneko proposamen bat eskaini nahi izan die herritarrei eta uztailean zehar kontzertu eta ekitaldi nahikotxo prestatu ditu. Hori bai, kontzertuetan segurtasun neurriak hartu beharko dira. Dena den, antolatzaileen jarrerarekin oso eskertuta gaude, arriskua badagoelako eta antolatzailearen ikuspegitik agian errazagoa litzatekeelako gauzak guztiz lasaitu arte itxoitea.

Zer aurkituko du zuen kontzertuetara joateko aukera duenak?
Power trio rockero bat topatuko du, baina geruza edo testura asko lantzen dituena. Lan borobil baten bidez sentsazio bidaia bat proposatuko diena entzuleei eta bertan dantza egin eta lepoa astintzeko pasarteak izango dituena. Onena, aukera eman eta bertatik bertara ikustea!

Pandemia egoera honegatik uste al duzue entzuleak gehiago baloratuko duela oro har musikariek egiten duzuen lana?
Pandemian zehar egin dira zenbait greba eta zenbait ekintza musikarien lanak gizartean duen pisua mahai gainean jartzeko eta lan hau baloratzeko. Ziurrenik batek baina gehiagok begiak irekiko zituen, baina bada zerbait gure gizartean musikariak oraindik ere langiletzat hartzea ukatzen diguna. Ez da gure kasua, baina baditugu lagunak musika ikasi eta musikatik bizi direnak eta oraindik entzun behar izaten dutenak: “baina hi zertaz bizi haiz? Zein duk hire benetako lan?” Ziurrenik manager batek gutxiagotan azaldu beharko du musikari batek baino zein den bere lana. Agian errua gurea ere bada, ez dugulako nahikoa defendatzen gure burua, baina zer demontre, nahiko buruhauste badugu bestela ere kantu onak egiten, promozionatzen, kontzertuak lotzen…

 
Oro har, euskal eszena zer moduz ikusten duzue? Osasuntsu al dago?
Inoiz baino talde gehiago daudela eta eszena anitzagoa dela argi dago, baina agian horrenbesteko eskaintzak sortu du entzulearengan nolabaiteko interes galera bat.  Dena hain eskura izateak ere balioa kentzen dio eskuratzen duzun horri eta azkenean, badirudi ez dagoela eskaerarik horrenbesteko eskaintzarentzako. 

Bestalde jaialdiak indartzeko joera bat ikusten dugu eta hauen atzean negozio handiak egiteko asmoa, areto txikiak izugarrizko ahaleginak egiten ari diren bitartean. Oreka mantendu beharko litzakeela uste dugu, jaialdi handiak antolatzeaz-gozatzeaz gain, lokal txikiak eta tabernak ere lagundu behar ditugu, bai eurengatik, baina baita areto txikietan sortzen den magiak gozamen pertsonal izugarria sortu diezagukelako. Mingarria da adibidez, Bukowski bat kontzertuak ezin antolatu egotea.


Diskoak ere melomanoentzat geratzen ari direla dirudi EPen mesedetan, iruditzen al zaizue diskoaren formatua azkenetan dagoela?
Ez da garairik onena diskoarentzat. Erreproduzitzeko gailuak desagertzen ari dira, bai kotxeetako irratietatik, baita ordenagailuetatik ere. Kontsumitzeko modua asko aldatu da eta horregatik musikaren argitaratzeak ere single-etarako joera hartu duela dirudi. Zahartzen ariko gara, baina guk ezin dugu ulertu kontsumitzeko modu hau eta izugarrizko pena ematen digu gainera. Pelikulak 15 minutuko bideotxoengatik ordezkatuko zenituzke? Guk ez behintzat! Diskoa ateratzen duenak lan hori pentsatu eta prestatu egin du, mimo haundiz aukeratu du kantuen ordena eta abar. Bada, eman diezaiogun merezi duen denbora diskoari eta baita gure arimaren elikadurari. Jaitsi gaitezen dena presaka eta era kaotikoan kontsumitzera bultzatzen gaituen gurpiletik! (Bai, hippie xamarra atera da, kar kar kar!) 

Zer ari zarete entzuten azkenaldian?
Ni, Beñat, berrogeialdian gauza zaharretara begira jarri naiz, etxeko goxoan sentiarazten nauten kantuetara. Musika klasikoa (Mozart, Smetana…), Luciano Pavarottik ere ileak puntan jarri dizkit maiz, Tom Jobim-en bossa nova, Benito Lertxundik pizten dizkigun barne suak, Kuraia... Eta bestalde, bada gaur egungoagoak diren kontuak ere: Koban, Pelax, Physis versus Nomos, Raitx, Gogo Penguin, Kiasmos, Wilco, Michael Kiwanuka, Floating points…