Mendiko eskia

Mendiko eskia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mendiko-eskia/@@download/image/58p52-1.jpg
2005/12/02
erreportajea
Orkatz Goenaga
Mendiko eskia
Abenduarekin batera, iritsi dira lehen elurteak mendi tontorretara. Dagoeneko, eskizaleak jaiegunei begira daude: bada garaia neguaz eta elurraz gozatzeko! Mendiak garai honetan hartzen duen itxura triste eta eder honetan, eski pistetako jendetza alde batera utzi, eta paisaia zuri ederrez gozatzeko beste bide bat bada: mendiko eskia edo trabesiako eskia.

Abendua da jada, eta negu guztietan bezala, bat baino gehiago elurretara joateko eta eskiak hartzeko irrikan egongo da. Eski pistak ireki orduko, ia denak joango dira arrapaladan, elurretan abiaduraz gozatzera. Hala ere, aldapa izugarriak jaisteaz gain, bada mendi tontor elurtuez gozatu nahi duenik ere. Hauek, tele-aulkiez ahaztu eta pistetatik at ibili ohi dira, mendi tontor elurtuetara igo beharrean: honi mendiko eskia edo trabesia eskia esaten zaio.

XIX. mende amaiera aldera, Norvegiako Telemark eskualdeko Fritjof Nansen izan zen eski mota honen sortzailea. Garai haietan eskia ez zen kiroltzat hartzen, garraiobidetzat baizik. Hala ere, Fridtjot Nansen-ek Groenlandia eskian zeharkatu zuen, eta orduan egin zen ezagun jarduera bera. Izan ere, handik gutxira zabaldu zen eskia, eta horrekin batera, ospea hartu zuen eskiekin mendi tontorrak igotzen jarduteak. Gurera XX. mende erdialdean iritsi zen eskia, baina azken 30 urteotan berebiziko gorakada izan du.

Ingurua ondo ezagutu

Ezbairik gabe, eski alpinoa da euskaldunen artean jarraitzaile gehien dituena, baina badira mendiko eskiaren maitaleak ere.

Mendi eskiaren ezaugarri nagusia mendi tontorrak eta eskiak uztartzea da. Funtsean, mendiko eskiatzaileak mendia igotzea du helburu, eta horretarako, eskiak tresna besterik ez dira. Ondoren, gozamen handia da aldapa izugarrietatik eta elur birjinean mendi tontorretik behera jaistea.

Baina honek guztiak, ez du mendi-eskia kirol zail eta arriskutsu bilakatzen. Mendi eskia egiterakoan, ongi ezagutu behar dira ingurua, elurra, igo beharreko mendia, eta abar. Hala ere, mendiko eskian arriskua norberak ezartzen du; eski alpinoa egiterakoan, norberak pistaren kolorea aukeratzen duen gisara. Mendiko eskian kirolariaren esku dago erabaki oro: tontorraren garaiera, luizien arriskua, egunpasa egitea edo astebeteko trabesia egitea. Kirolaria bera da burujabe,  arriskuaren jabe eta arduradun. Mendiko eskia egiteko, ez da beharrezkoa Pirinioetako 3.000 metroko tontorra igotzea; elurraz gozatuz, edozein muino, tontor edo basotik eskiatzea da mendiko eskia.

Material berezia

Kirol hau egitekotan, material berezia behar da. Mendi tontorrak igotzeko, lehenik material arinak izango dira, eta horrez gain, aldapatzarretan hankaz gora ez erortzeko, ezaugarri bereziak izango ditu.

Lehenik eta behin, eski bereziak behar dira. Jada eski-etxe guztiek egiten dituzte mendi eskirako eski bereziak. Eski hauek alpinokoak eta iraupenekoak baino arinagoak izan ohi dira; izan ere, mendiko eskian, elurrik gabeko gune bat zeharkatzeko, eskiak kendu eta eskuetan eraman behar baitira.

Mendiko eskian, oina eskiari lotzeko lokailu bereziak erabiltzen dira. Lokailu hauek orpoa aske uzten dute igoeretarako, eta jaitsieretan, aldiz, orpoa lokailuari lotzen zaio, segurtasuna bermatuz.

Lokailuen arabera, elur izoztuetan eta gogorretan aurrera joaten laguntzen duten labanak aukeratuko dira. Bi eratako lokailuak daude, bakoitza bere berezitasunekin: eskian finkatzen direnak, seguruagoak baina motelagoak, eta lokailuaren plakari finkatzen zaizkionak, eskiatzeko arinagoak, baina segurtasun txikiagokoak.

Foka larrua, eskiari itsasten edo lotzen zaion ehun sintetikoa da. Elurretan gora egiterakoan, larru honek ekidin egiten du atzerantz joatea. Gaur egun, itsaskorrak dira denak.

Bota egokiak aukeratu

Mendian gora eta behera ibili behar dela kontuan hartuta, bota egokiak aukeratzea ezinbestekoa da. Eskiatzailearen arabera, igoerarako bota egokiak, edo jaitsierarako seguruak aukera daitezke. Hala ere, ibilbidearen zatiren bat oinez egin beharko dugunez, zola egokia izan behar dute.

Azkenik, eski mota gehienetan makilak ezinbesteko dira. Mendian oinez egin beharko dugunez, makil eramangarriak izan behar dute. Egun makil bereziak daude, tolestagarriak eta eraman errazak, eta material onekoak.

Mendian ibiltzea gustuko baduzu, eta eskiatzailea bazara, mendiko eskia duzu aukera onena denboraldia ahalik eta gehien luzatzeko. Izan ere, eski mota honetan, lehen elurretatik azkenekoak urtu arte luzatzen da denboraldia.