ISTORIO MISTERIOTSUAK (IV): Bilboko jauregiko pasabide sekretuak

Bilboko Zazpikaleetan dago Yohn jauregia edota "Burtsa" izenez ezaguna den eraikina. Hiru kaleetara zabaltzen den eraikin barrokoa da, eta ikusgarriena Pilota kalera ematen duen aurrealdea da. Begoñako Amaren irudia ere badago horma-hobi batean. 1987az geroztik udalarena da jauregia, eta kultura eta gizarte ekintzetarako erabiltzen da. Ezkutuko istorio asko ditu ordea, tartean kontrabandoarekin lotutako pasabide sekretuen inguruko legenda bat.
XVIII. mendean eraiki zutela uste da, zenbait historialarik 1727an kokatzen dute sorrera. Geroztik hainbat belaunaldi eta familiaren bizilekua izan da. Eraikina negoziorako toki ere bihurtu zen, eta negoziogile horietako bat izan zen Leandro Yohn. Negozioetan abila zen nonbait, eta bere arrastoa utzi zuen, oraindik ere haren abizenez izendatzen baita jauregia.
Zenbaiten ustez, jauregiaren "Burtsa" ezizenak Yohn-en negozioekin du lotura. Antza, "La Bolsa" (Burtsa) izeneko burdindegia izan zuen bertan. 1980ko hamarkadan negozioa itxi behar izan zuten, 1983ko uholdeek ekarritako ondorioengatik, eta azkenik, udalaren esku geratu zen.
Baina jauregiaren misterio handietako bat pasadizo ezkutuekin loturikoa da. Pasabide sekretuen bidez, ardoaren kontrabandoa egiten zuten ustea zabaldua dago hirian.
XX. mende hasiera aldera ardoaren zergak nabarmen handitu zituzten eta, ondorioz, tabernek negozioa ixtea erabaki zuten eta inori ardorik ez saltzea. Hala, merkatu klandestinoa hasi zen eta Yohn jauregia izan zen partaide nagusietako bat. Bertako pasadizoa itsadarreraino iristen zen eta ardoaren kontrabandoan inork ikusi gabe aritzeko toki eta modu aproposa zenez, sarritan erabiltzen zen.
Oraindik ere hor omen dira igarobideak. Marea baxua dagoen egunetan, itsadarreko hormetan ikus omen daiteke bobedaren aztarnaren bat. Legenda honek bizirik dirau, guztiz egiazkoa ote den ez jakin arren. Baina zer litzateke bizitza misteriorik gabe, ezta?
Istorio misteriotsuak (I): Andresito, Gasteizko ogasunaren eraikineko mamu gaztea
Istorio misteriotsuak (II): Koilaratxoa airean Nafarroako Museoan
Istorio misteriotsuak (III): Neskatoa eta eskua miazkatzen zion txakurra