Markel Irizar: "“Minbizia, gorputzetik ez ezik, burutik ere kendu beharra dago”"

Markel Irizar: "“Minbizia, gorputzetik ez ezik, burutik ere kendu beharra dago”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/markel-irizar-quotminbizia-gorputzetik-ez-ezik--burutik-ere-kendu-beharra-dagoquot/@@download/image/2010345385markel_irizar7.jpg
2010/03/05
elkarrizketa
Testua: Raul Perez. Argazkiak: Lander Garro.
Flandesko tourra, paris-roubaix eta tankerako klasiko handiak ditu buruan Markel Irizarrek. Proba horietan galtzak bete lan ibiliko da, taldekideei laguntzen. Nagusia, Lance Armstrong Estatubatuarra, ordea, ez da ariko, frantziako Tourra baitu begiz jota. Irizar eta Armstrong talde berean daude lehen urtez. biek minbizia gainditu dute.  


Arrasateko ospitalearen atarian elkartu gara Markel Irizar txirrindulariarekin. Emaztearen bizikletarekin iritsi da hitzordura. Ospitaletik gertu bizi dira Markel, Olatz emaztea, Xabat txikia eta Aimar etorri berria. Gertu, baina aldapa igo behar da. Argazkilaria eta kazetaria oinez igo gara, eta bera ondoan, pedalei eragiten. Zutik jarrita, baina solasean. Inguru horretan egin beharreko berritze lanen berri eman digu. Argazkiak baserriaren atarian atera ditugu. Horretarako bizikleta dotorea atera,  kirol jertsea kendu eta RadioShack taldeko mailota erakutsi du.

Lance Armstrongek sortu duen taldean dabil Irizar, aurreko urteetan Euskaltel Euskadin egon eta gero. Ezbeharrak lotu zituen duela urte batzuk Texaskoa eta Oñatiakoa: barrabiletako minbizia gainditu dute biek, Armstrongek lehenik eta Irizarrek ondoren. Denboraldi hasierako egonaldian Armstrongekin elkartu bai, baina gaixotasunari buruz gehiegi ez zutela hitz egin kontatu du Irizarrek.

Etxearen epelean, mahaiaren bueltan, txirrindularitzari buruz, gaixotasunari buruz, familiari buruz, lagunei buruz, eta etorkizunari buruz mintzatu gara, luze eta zabal. Berba egitea gustuko duela dio. Esan beharrik ere ez zuen. Bizipoza ezizena bere egin du; merezita, alaitasuna baitu barra-barra.

Euria, hotza, haizea denboraldi hasierako entrenamenduak ez dira samurrenak izango…...
Desatsegina bada, bai. AEBetan 12 egunez egon ginen urte hasieran eta horrek negua moztu zuen. Benidormen ere izan gara; neguari beste egun batzuk kendu genizkion.

Zein txirrindularirekin entrenatzen zara?
Arrasatetik Iban Velascorekin abiatzen naiz, beheraka. Elgoibar aldean, Aitor Hernandez eta Aitor Galdos ermuarrekin bat egiten dugu. Amets Txurruka San Migel igo eta Elgoibarren ere batzen zaigu. Deba aldera abiatzen gara orduan eta Haimar Zubeldiarekin elkartzen gara. Igor Romero afizionatua ere gurekin dabil eta Txetxu zikloturista xelebreak ere ez du sekula hutsik egiten! Astarloza ere gurekin aritzen zen.

Berriketaldi luzeak izango dituzue entrenamendu saioetan, ala?
Amets Txurrukak esan ohi du koadrilakoei baino gauza gehiago kontatzen dizkiogula elkarri grupetako edo taldeko kideok. Txirrindularitzaz hitz egiten dugu batzuetan; Velasco eta bioi asko gustatzen zaigu. Autoez ere dezente hitz egiten dugu, eta baita norberaren arazoez.

Eta atsedena hartzeko kafetxorik, bai ala ez?
Bitxia da. Zikloturistak barritak jan eta ez dira gelditu ere egiten, baina gu, aldiz, bai. Lau edo bost orduko saioak egiten ditugunean, txiza egiteko gelditzen gara eta, hotz egiten badu, kafe bat hartzeko aprobetxatzen dugu. Lehen ez zegoen horrenbesteko ohiturarik, baina orain bai. Australian, adibidez, taldekide guztiak elkartzen ginen iaz kafearen bueltan, zuzendari eta guzti.

Urte hasieran AEBetan egonaldia egin zenuten, taldekide guztiek elkar ezagutzeko. Zer moduz?
Oso ondo. Ni ingelesez nahiko ondo moldatzen naiz eta iruditu zait taldean oso ohituta daudela txirrindulari berriei harrera egiten. Gainera, nahiko jende apala iruditu zait. Harrokeria zantzurik ez nuen ikusi. Hori bai, azpiegiturekin harrituta gelditu naiz: afariak babesleekin, txirrindularioi eginiko elkarrizketekin osatutako bideoak... Hamaika tokitako txirrindulariak elkartu gara. Daryl Impey hegoafrikarra, adibidez, ez nuen ezagutzen talde honetan hasi arte, oso jatorra iruditu zait. Baita Geoffroy Lequatre frantziarra ere.

Haimar Zubeldia taldekide izatea lagungarria izango zaizu.
Bai, baina proba gutxitan elkartuko gara. Taldekide guztiak bi multzotan banatu gaituzte, eta Haimar batean dago eta ni bestean. Steegmani lagundu beharko diot Paris-Roubaix, Flandesko Tourra eta tankera horretako klasikoetan, baina atzean bukatuta ere lankidea garaile edo podiumean ikusten badut poztuko naiz. Multzo horretan Yaroslav Popovitx Popo ukrainarra, Vaitus lituaniarra, Steegman eta Rosseler belgikarrak, Impey hegoafrikarra, Lequatre frantziarra, Rast suitzarra eta Muravyev kazahastandarra daude.

Eta Babelgo dorre horretan, euskal herritar bat: zu.
Bitxia da. Mekaniko gehienak, bestalde, flandestarrak dira eta haien mentalitatea gurearenaren antzekoa da. Taldekoek Espainiako bandera jarri ziguten kaskoan nahiz bizikletan Haimarri eta bioi denboraldi hasierako egonaldian, eta guk kendu egin genuen.  Zaharrenari, 72 urte dituenari, zirikatzen diogu: "Aizu Julian, Espainiako bandera guri jartzea ere..." Eta berak, barrez, barkatzeko eskatu zigun, eta hurrengoan erneago ibiliko zela. Entrenamendu batean, Zubeldiarekin nindoala, Armstrong parean jarri, zer moduz gindoazen galdetu eta haren ondokoari euskal herritarrak ginela esan zion, eskua bularraldera eramanda; egoskorrak garela esan nahian, alegia.

Armstrong da, inolako zalantzarik gabe, taldeko izarra. Zer moduz harekin?
Harrigarria da zenbat jende mugitzen den haren inguruan. Bere arropa markako eta minbiziaren aurkako fundazioko pertsona bana dago bere aldamenean uneoro. Kristoren jenioa du, horixe baietz, baina hori gabe ez zuen egingo egin duena. Taldekideekin umil jokatzen du, atsegina da. Nirekin bere garaian ondo portatu zen eta beste batzuekin ere bai. Armstrong txirrindularitzara itzuli izana kalterako izan dela diote batzuek, baina nik galdetuko nuke ea nori egin dion kalte. Talde berria sortuta niri behintzat lana eman dit, eta baita beste askori ere. Armstrongen eta Contadorren arteko borrokak gainera, on egin die bizikleta markei; bata batekin dago eta beste bat bestearekin.

Gaixotasunak elkartu zintuzten duela urte batzuk.
Hamabost bat urte izango nituen bera gaixotu zenean eta gutuna bidali nion. Ondoren, ni gaixotu nintzen eta berak idatzi zidan; Kepa Zelaia galdakaotarra da Armstrongen medikua, eta haren bitartez iritsi zitzaidan eskutitza. Gainera,  medikuarekin harremanean jartzen zenean niri buruz, 'this young basque'-ri (euskal herritar gazte hori) buruz galdetu ohi zion. Gaixotasuna gainditu eta profesionaletara igaro nintzenean, lasterketa batean topo egin genuen Armstrongek eta biok, haren taldeko autobusera igotzeko esan zidan eta elkar agurtu genuen.

Burua atzera, urte latz haietara, botaz gero, zer?
Bakarrik errebisioetan, parkinetik ospitalea ikusten dudanean etortzen dira oroitzapenak bueltan. Egia esan, nahikoa ahaztua dut. Gaixo nengoenean, behintzat urte batzuk gehiago bizi nahi nuen. Orain bi seme ditut. Unean unekoa topera disfrutatu nahi dut. Detaile txikienekin, semeekin jolasten dudanean edo edozer gauza polit esaten didanean, asko hunkitzen naiz. Oso garrantzitsua da fisikoki gaixotasuna gainditzea, baina are garrantzitsuagoa da psikologikoki gainditzea. Ezin duzu pentsatu buruko mina duzun bakoitzean minbizia egon daitekeela horren atzean. Hori bai, minbizia duen norbait aurrera ez ateratzeak oso gogor eragiten dit. Gogoan dut gaixotasuna guztiz gainditu nuela 2003ko otsailean, maiatzean hasi nintzela korritzen eta gurasoek Zilarrezko Ezteiak bete zituzten egunean, ekainaren 3an, irabazi nuela lehen lasterketa (Gipuzkoako Txapelketako erlojupekoa irabazi zuen Alegin).

Aspanovas Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartea laguntzen zabiltza.
Minbizia eduki dut, atera naiz, aita naiz orain eta minbizia haur batekin lotzea oso gogorra egiten zait. Halako kasu bat gertutik ikusi nuen eta laguntzeko beharra ikusi nuen. Pirritx eta Porrotxekin ere aritu ginen ekitaldi batean, Zarautzen, duela hilabete batzuk eta helburua Aspanovas ezagun egitea da. Pailazoak umetatik asko miresten genituen eta  are gehiago orain.

Eta txirrindularitza utzitakoan, zer?
Amets Txurrukark eta biok hortaz hitz egin dugu azkenaldian. "Hi, Irizar, zer edo zer montatu behar diagu", esaten dit. Batzuetan baietz esaten diot, baina egia esan, ez dakit zer egingo dudan… Kafetegia jartzea nahiko zabalduta dago txirrindularien artean. Kafetegi bat jarrita, agian, 15 urtetan berreskuratuko nuke jarritako dirua, baina ordurako 50 urte izango nituzke! Familiari orain kentzen ari natzaion denbora itzuli nahi nioke, batez ere emaztea bera ari delako orain semeak zaintzen. Nire ustez, txirrindularitza utzita bera hasiko da bizikleta egiten!

Eta jaioterria, Oñati?
Ez naiz nahi beste joaten; korrika eta presaka ibiltzen naizenez, ama, osaba eta lagunak etortzen zaizkit etxera. Gainera, lagunengana  joaten naizenean tabernan sartu eta, hitz egitea asko gustatzen zaidanez, bata eta bestea galdezka hasten dira, eta azkenerako lagunei ezin izaten diet jaramonik egin. Egia esan, Oñatin bizi nintzenean pentsatzen nuen oñatiar asko itsututa zeudela herriarekin, munduko toki politenean biziko balira bezala.  Egia esan, Arrasaten bizi naizenetik horrela ikusten dut nik ere Oñati! Pentsatzen dut aurrerantzean ere Arrasaten biziko naizela, baina ni oñatiarra naiz eta hor egongo da beti.

Krisia txirrindularitzan ere eragina izaten ari da. Txirrindulari asko nahi baino lehenago hasi dira bizimodua bilatzen bizikletaz aparte.
Bai, asko uzten ari dira: Galparsoro, Agirre, Gaztañaga, Aranaga, Albisu... Euskal txirrindularitzarentzako kristoren kolpea da. Talde bat osatzeko adina ziklista erretiratu dira. Mundu guztiak ahotan duen krisia iritsi aurretik heldu zen txirrindularitzari eragiten ari zaion txakalaldia. Babesle asko joan dira. Nik profesionaletara jauzia eman nuen garaiarekin alderatuta, askoz ere txirrindulari gipuzkoar gutxiago dago. Euskaltelekin zer gertatuko den ere ikusteke dago, Gobernu berriak erabaki behar duelako zer egin. Espero dut jarraitzea, bestela… Zaila ikusten dut buelta ematea, baina baikor izateko arrazoia ikusten dut: zikloturismoak sasoi ona du, Quebrantahuesos eta horrelako probak dira horren adierazgarri. Horrek bizikleta markak txirrindularitzan dirua sartzera bultzatzen ditu nolabait; zikloturistek Tourreko bizikletak nahi dituztelako ez dakit zein haren gainean dabilelako. Nire belaunaldiko makarrenek eta punkienek ere bizikleta erosi dute!

Dopinaren mamuak ere hor jarraitzen du.
Arraroa egiten zait oraindik batzuek positibo ematea horrenbesteko kontrolekin! Ni lotan harrapatu izan naute. Gertatu izan zait emazteak UCI Nazioarteko Txirrindularitza Federaziokoa atarian dagoela esan eta nik ez sinestea. Korrika batean jantzi, jaitsi eta odola eta gernu azterketa egitera.

Mikel Astarloza lagunmina duzu. UCIk zigortu zuen joan den denboraldiaren bukaeran, nahiz eta berak errugabea dela behin eta berriz esan.
Orain lehen baino gehiago nago berarekin. Berak argi du errugabea dela eta ideiak oso garbi ditu. Prest dago ahaleginak eta bi egiteko hori demostratzeko. Mentalizatuta dago bi urtez korrika ez egiteko, UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak ez duelako sekula atzera egingo. Niri horrelako zerbait gertatuz gero, ziurrenik ez nuke horrenbesteko kuraiarik izango, nahiz eta jakin errugabea naizela. Begira, gainera, Patxi Vilari egiten ari zaiena; erruduna edo errugabea izango da, baina zigorra bete du eta, hala eta guztiz ere, UCI bera ari da taldeei deika, Patxi fitxatu ez dezaten. Horretarako hobe da bizitza osorako zigortzea eta hiprokrisiaz ez jokatzea. Zertarako balio du, bada, bi urtez korrika ez egin arren zaintzea eta egunero entrenatzea, denbora tarte hori pasatuta trabak jarriko badizkizute?

Bizikletatik jaitsita. Sagardozalea omen zara. Sagardotegien tourra egiten duten horietakoa?
Mikel –Astarloza– bai da ona horretarako! Sasoi txarra da txirrindulariontzat, hilabeteotan argaldu behar izaten dugulako. Familiarekin urtean behin joaten naiz.

Pedalei eragiten ari ez zarenean, zer egiten duzu gustura?
Mendia pila bat gustatzen zait eta baita autoak ere. Txirrindulari gehienoi gustatzen zaizkigu autoak.

Dantzari ere bazaitugu.
Aita, osaba eta lehengusua Oñatz Oñatiko dantza taldean aritutakoak dira. Ni hamar urte izan arte ere ibili nintzen dantzan, eta utzi banuen ere, aurreskua gorde dut. Lagunen bat ezkontzen bada, adibidez, dantza egiten dut et

Markelen kutunak:



Liburua: The Da Vinci Code (Dan Brown)
Filma: John Q (Nick Cassavetes)
Abestia: Ken Zazpiren Zapalduen olerkia
Ihesalditxoa: Bakarra esan dezaket? Bada, Suitza
Txirrindularia: Miguel Indurain eta Mikel Astarloza