Maiatzaren 10ean eta 17an, Askapenaren formazio mintegiak Lasarten

Maiatzaren 10ean eta 17an, Askapenaren formazio mintegiak Lasarten https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maiatzaren-10ean-eta-17an-askapenaren-formazio-mintegiak-lasarten/@@download/image/herri_jantzia_1398669163.jpg
2014/04/28
berria
Irakaspena, pentsamendua, hausnarketa eta esperientzia ardatz harturik, formazio mintegiak eskainiko ditu Askapena antolakunde internazionalistak Lasarteko EleBeltz-en laugarren urtez.


Herri jantzia, garaipenaren hazia lelopean, sorkuntza eta eztabaida askerako topagune bilakatuko da Lasarte maiatzaren 10ean eta 17an, larunbatak biak. Kapitalismoak eta inperialismoak Euskal Herrian eta gainerako herri zapalduetan aurrera daramatzaten erasoaldiak ezagutaraztea garrantzitsua dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta horretarako, dozena bat aditu gonbidatu dituzte euskaraz nahiz gaztelaniaz hitzaldiak eskaini eta eztabaidetan parte hartzera, tartean, Gabriel Ezkurdia nazioarteko analista, Luismi Uharte EHUko irakaslea, Martxelo Diaz Gara egunkariko kazetaria, Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak, Iñaki Gil de San Vicente pentsalari marxista eta Nekane Jurado ekonomilaria.

Europa ekialdeko estatu kolpe isilak, transnazionalak, Palestina, borroka feminista eta internazionalista, Venezuela eta Latinoamerika, espainiar estatuko herri zapalduen borrokak, XXI. mendeko sozialismoa eta Askapena antolakundearen jardunbidea izango dituzte aztergai, besteak beste.

Izena emateko, herrijantzia@askapena.org helbidera idatzi behar da ahal bezain laster. Gainera, bertan bazkaltzeko aukera izango da bi egunetan 12 euroren truke, eta hilaren 17an jaialdia egingo dute 20:00etatik aurrera, ekimenari amaiera emateko. Ez galdu!