Ostegunean estreinatuko da Aitziber Garmendia, Anjel Alkain eta Iker Galartzaren umorezko telesaila
Euskarazko fikziozko umoregintzan ezagunak diren hiru lagun izango dira ostegunean, hilaren 29an, Primeran plataforman estreinatuko den Superra telesailaren protagonistak: Anjel Alkain, Aitziber Garmendia eta Iker Galartza.
Herri euskaldun bateko familia-negozio txiki baten bueltako gorabeherak kontatuko ditu telesailak, eta zortzi atal izango ditu. Karmelo (Anjel Alkain) eta Luixito (Iker Galartza) anaiak dira Super Manterola dendaren arduradunak, eta baita Bakartxo (Aitziber Garmendia) iloba ere.

Karmelo eta Luixito profesional beteranoak dira eta lanerako gogotsu daude, baina supermerkatu kate handi bat zabalduko dute haien dendaren ondoan. Horrek buruhauste eta liskar ugari sortuko dizkie. Hala ere, herriko negozio txikiak hobeak direlakoan daude, eta Euskal Herriko supermerkaturik onena izateko gogoz ari dira langileak haien onena ematen. EITBk aurreratu duenez, haien "gehiegizko motibazioa" eta gertatuko zaizkien egoerak tarteko, "momentu surrealistak eta umoretsuak" biziko dituzte.
Alkain, Garmendia eta Galartzak idatzi dituzte gidoiak, eta Alkain bera eta Jon Garate aritu dira zuzendari lanetan. Aktore lanetan, berriz, beste hauek ere arituko dira: Sara Cozar, Iñake Irastorza, Zuhaitz Gurrutxaga, Ekain Ibarguren, Ainere Tolosa, Telmo Irureta, Ugaitz Alegria, Libe Aranburu, Erika Olaizola, Mikel Ibarguren, Onintza Enbeita, eta Oinatz Bengoetxea.
Aurrestreinaldia bihar, Azpeitian
Ostegunean Primeran plataforman estreinatu aurretik, Azpeitiako Soreasu antzokian aurrestreinaldia egingo dute. Izan ere, Azpeitian egin zituzten grabaketak otsailean eta martxoan. Han izango dira lantaldeko kideak eta gainerako gonbidatuak. Lehen hiru atalak emango dituzte bertan. Alfonbra gorrian agertuko dira partaideak 18:45etik aurrera, eta 19:30ean izango da emanaldia. Aurrez hartu behar dira sartzeko gonbidapenak.
