Janus Lesterrek 'Popera' film musikala estreinatuko du Donostiako Antzoki Zaharrean

Janus Lesterrek 'Popera' film musikala estreinatuko du Donostiako Antzoki Zaharrean Azaroaren 26an aurkeztuko du, eta sarrerak bihar jarriko dira salgai, 11:00etatik aurrera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/janus-lesterrek-popera-film-musikala-estreinatuko-du-donostiako-antzoki-zaharrean/@@download/image/janustxikia.png
2026/10/26

Testua: Maitane Legarreta
Argazkia: Andoni Beristain

Azaroaren 26an aurkeztuko du, eta sarrerak bihar jarriko dira salgai, 11:00etatik aurrera.
Janus Lesterrek 'Popera' film musikala estreinatuko du Donostiako Antzoki Zaharrean

Janus Lesterrek disko berriko Popera aurrerapen kantua aurkeztu du duela gutxi, eta orain sorpresa berri bat dakar eskuen artean: izen bereko film musikala. Aurreratu dutenez, Popera musika eta zinema elkartzen dituen bidaia da, "bizitzeko eta harremanak izateko bestelako moduen bila".

Popera-k bestelako bizitza bat irudikatzeko gai ez den pertsona baten bidaia kontatzen du. Bidean topatzen dituen pertsonek ustekabeko norabidea emango diote ibilbideari. Haiekin bizitakoak ezaguna dena beste begi batzuekin begiratzera eramango du: ziurtasunak zalantza bihurtuko dira, eta ordura arte ikusten ez zituen aukerak agertzen hasiko dira.

Kantuak eta irudiak aurrera doazen heinean, protagonistaren bilaketa beste pertsonen bizitzekin gurutzatuko da. Harreman horietan jarriko du filmak arreta, irudimenak guregan zer eragin dezakeen arakatzeko. "Izan ere, batzuetan, norbaitekin topo egitea nahikoa da ordura arte ezinezkoa zirudiena beste era batera ikusten hasteko", azaldu dute.

Honako hauek agertuko dira filmean: Ainhize Echevarri, Aiora Zulaika, Aizpea Goenaga, Ane Gabarain, Antton Telleria, Bittor Kas, Joxe Mari Agirretxe, Maite Eskarmendi, Mertxe Rodriguez, Onintza Enbeita, Oinkari Dantza Taldea, Ruper Ordorika eta Unax Hyden.

Aitor Arangurenek zuzendu eta muntatu du filma, eta Jokin Pinatxo eta Edurne Azkarate arduratu dira sormen zuzendaritzaz. Mugak egin du ikus-entzunezko ekoizpena.

Filmak 50 minutu inguruko iraupena izango du, eta euskarazkoa da, azpititulurik gabe.

Estreinaldia azaroaren 26an
Publikoak azaroaren 26an ikusi ahal izango du, 20:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean. Lehen aldiz disko osoa entzun eta, horrekin batera, haren istorioa pantaila handian ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek. Gainera, diskoko abesti bat ere estreinatuko du zuzenean. Jokin Pinatxok aurkeztuko du emanaldia.

Sarrerak zortzi euro balioko du eta bihar, hilaren 27an, jarriko dira salgai, 11:00etatik aurrera,  donostiakultura.eus/sarrerak webgunean, eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan. Antzoki Zaharreko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira emanaldi egunetan.