'Baby box'-ak, jaioberriak utzi eta artatuak izateko kutxa termikoak
Umeak hezteko aukerarik ez zuten pertsonek eliza edo ospitale atarietan utzi izan dituzte haurrak, baina baita zabor-ontzietan, zabor-poltsetan eta bestelako lekuetan ere. Umeen bizitza arriskuan egon ez dadin, Txekiar Errepublikan, Pragan, ekimen bat jarri zuten martxan 2005ean: "babybox" izeneko jaioberrientzako kutxa termikoa. Haurrak leku hotz eta osasungaitzetan utzi beharrean, kutxa termiko honetan sartzea da helburua.
Bertako zenbait erakundek, The Foundation For Abandoned Children Statim eta Civic Association For Abandoned Children-ek, jarri zuten martxan elkarlanean, testuinguru konplexua zela-eta haien haur jaioberriak zaindu ezin zituzten gurasoak eta amak, zein umeak eurak, laguntzeko asmoz.
Amek edo gurasoek kutxa-termiko horietan utz ditzateke haurrak, modu anonimoan. Inkubagailu horiek medikuntza-zentroetatik gertu egon ohi dira. Haurra kutxan sartzean, berogailua piztu eta aparatua aireztatzen da. Bertako botoia sakatzerakoan, medikuei jakinarazten zaie automatikoki. Berehala artatzen dituzte jaioberriak, eta gurasoak agertzen ez badira, adopziorako zerrendan ematen dute izena.
Txekiar Errepublikan abiatu bazen ere, 85 kutxa inguru dituzte bertan, munduko hainbat herrialdetara zabaldu da, tartean Alemania, Suitza, Italia, Hegoafrika, Estatu Batuak, Japonia, India eta Pakistanera.
Horren aurkako kritikak
Nazio Batuen Erakundeko Haurren Eskubideen Batzordeak praktika hau salatu izan du, umeek jatorri biologikoa ezagutzeko duten eskubidea urratzen dela eta. Horretaz gain, nabarmendu dute ez dagoela kutxa hauek jaioberrien hilketak edo kalean utzitako umeen kopurua murrizten duela baieztatzen duen datu edo froga zientifikorik. Haien arabera, muturreko egoeran dauden amek askotan ez dute kutxa hauen berri izaten edo ezin dute toki horietara iritsi.
Horrekin lotuta, umea adoptatu duten gurasoek ez dute umearen mediku-historiarik izaten, gaixotasun genetikoen eta bestelako informazioaren berri izateko. Horrek haurraren osasun-zaintza oztopa dezake.
Umeak anonimoki utzi dituenak askotan ospitaletik kanpo erditu du, mediku laguntzarik eta laguntza psikologorik gabe. Horrek amaren osasuna arriskuan jartzen duela eta "ama bakarrik eta babesgabe" uzten duela ohartarazi dute praktika honen aurkakoek.
Bestetik, inguruko hirugarren pertsona batek, amaren borondatearen aurka, haurra bertan utzi dezakeela salatu dute, amari erabakitzeko eskubidea kenduta. Gainera, giza salerosketaren edo sexu-abusuen ondorioz jaiotako haurrak izanez gero, delitua ezkutatzeko erabil daitezkeela nabarmendu dute.
Bestelako alternatibak
Nazio Batuen Erakundeak eta erakunde kritikoek baby box edo umeentzako kutxak debekatzea eskatu dute. Horren ordez, erditze anonimo edo isilpekoen aldeko hautua egiten dute, zenbait herrialdetan egiten den bezala. Amak ospitalean erditu dezake doan eta seguru, anonimotasuna mantenduta edo isilpean gordeta, eta haurraren historia-klinikoa eta etorkizunean, hala nahi izanez gero, jatorria ezagutzeko datuak gordetzen dituzte. Zenbait tokitan anonimotasuna mantentzen da eta ez dute jatorriaren inguruko daturik ematen.
