Loreto Mauleon: "Nork bere erara kontatu behar ditu istorioak"

Loreto Mauleon: "Nork bere erara kontatu behar ditu istorioak" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/loreto-mauleon-quotnork-bere-erara-kontatu-behar-ditu-istorioakquot/@@download/image/loreto_8_1357822277.jpg
2013/01/04
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Thor Castro
Antzerkia eta dantza landu zituen gaztetxotan, bikoizketa geroago, kameren aurrean modelo lanetan aritzeak grazia handirik egiten ez dion arren, flashen argipean ongi moldatzen da, eta uneotan telebistan ari da. Guztiarekin ausartzen da Loreto Mauleon.

24 urteko donostiarra Madrilera erbesteratu zen kurtso hasieran eta eguneko ordu guztiak harrapatuta ditu geroztik. Langile fina, beti bere lekuan egoten den horietakoa; baita beharretik kanpoko kontuez hitz egiteko ere. Unibertsitatean goi mailako injinerutza ikasketak amaitu dituen arren, bizitzak antzezpenaren bidea jarraitzeko gonbita luzatu dio, eta ezin aukerari muzin egin. Sartu-irten azkarrekin eman diogu errepasoa bere ibilbideari, gehiago luzatzeko tartea beste batean izango dugulakoan.

Zurriola Antzerki Eskolan hasi zinen haurra zinela, eta urte luzez aritu zara bertan. Antzerkia omen da aktoreen eskolarik onena, baina prestatzen jarraitzea eta etengabe ikastea ere ezinbestekoa izango da, ezta?
Zurriola Antzerki Eskolan ibili nintzen txikia nintzela eta orduko oso oroitzapen onak gordetzen ditut. Ondoren ikastaroak egiten aritu naiz, eta denbora dudanean nire burua prestatzen jarraitzen dut bai, baina egia esan lana izan da eskolarik onena.

Hain zuzen, ballet eskolak jasotakoa zara zu. Aktore lanarekin uztartzea gustatuko litzaizuke, ala zaletasun hutsa da?
Beti gustatu izan zait dantza, ikastolan hasi nintzen euskal dantzak egiten, eta gero balleta eta jazza ikasi nituen. Zaletasuna da, baina aktoreentzat oso garrantzitsua dela iruditzen zait nork bere gorputza hobeto kontrolatu, ezagutu eta pertsonaiak sortzen lagun dezakeelako.

Binahi agentzian sartu zinen gero…
Bai, bikoizketa ikastera, eta han hasi nintzen castingetan parte hartzen. Agentzia honek gauza desberdinak eskaintzen ditu: kantua, antzerkia, bikoizketa... Ez dut uste aktore batek horrelako leku batetik abiatu behar duenik derrigorrez, baina nire kasuan hala izan zen.

Orain Antena3 telebista kate espainiarrean zabiltza lanean. Bigarren denboraldiarekin batera sartu zara ‘El Secreto del Puente Viejo’ telesaileko aktore zerrendan, ‘Goenkale’ utzita.
Castinga egin nuen eta, hartu nindutenez, Goenkale utzi behar izan nuen, bai. Joana, nire pertsonaia, kanpora bidali dute ikastera, baina nork daki, agian momenturen batean itzul daiteke!
 
Orain, aldiz, Maria zara, pasiozko neska gaztea. Zuk zeuk esan duzu ez duela antzekotasun handiegirik zurekin.
Ez, Maria pasiozko neska da, bizitza erraza izan duen arren, orain zailtzen hasi zaiona. Niretzako oso dibertigarria da bera antzeztea, eta baiezkoa eman nuen aktore moduan hazten jarraitzeko aukera paregabea iruditu zitzaidalako. Horrelako lan bati ezin nion pasatzen utzi.

Telenobelek, antzezpenaren aldetik, izango dituzte beren berezitasunak, beste mota bateko saioetatik bereizten dituztenak…
Haien ezaugarri nagusia, esango nuke, jendea "engantxatu" beharra da, eta horretarako emozioak muturreraino eraman behar dira. Azken batean, ikusleei momentuan iritsi behar zaie kontatzen dugun drama, egunetik egunera jarraitzeko gogoa izan dezaten; efektiboagoa izan behar du. Planoak ez dira filmetakoak bezain motzak, eta sentimenduak behar bezala transmititzeko gehiago azaleratu behar dugu. Bestetik, egunero grabatzeak ere zailtasunak ditu, denbora gutxi dagoelako pertsonaia eta sekuentziak lantzeko, eta horrek, era berean, azkartasuna ematen du, baita uneoro zerbait ikasteko aukera ere. Baina tira, Goenkale ere telenobela da!

Zure pertsonaia, gainera, ez da oharkabean pasa: Facebooken fan edo jarraitzaile talde pare bat duzu, eta 250 lagunek batean eta ia 200ek bestean sakatu dute ‘Atsegin dut’ botoitxoa.
Lagun batek komentatu zidan! Egia esan, hasieran oso arraroa egin zitzaidan jarraitzaile talde bat edukitzea… baina seinale ona da, norbaiti nik egindako lana gustatzen zaiola esan nahi du!

Teknologia berriek ahalbidetutako txorakeriak dira, ala errealitatean horrenbeste jende mugitzen du halako telesail batek?
Lehengo astean –abenduan elkarrizketatu genuen– bi milioi ikusle baino gehiago izan omen genituen, beraz, uste duguna baino jende gehiagok jarraitzen gaitu! Zergatik? Agian errealitatetik urruntzeko beharra dutelako, auskalo, baina kontua da jendeari gustatzen zaiola eta momentu onak pasa ditzaten lortzen dugula, hori da garrantzitsuena.

XIX. mende hasierako istorioa da, baina ez da iraganera salto egiten duzun lehen aldia: zure lehen filma –‘La Maquina de Pintar Nubes’– frankismo garaian kokaturik zegoen, eta ‘Bi Anai’ filmean ere hainbat urtez egin zenuen atzera. Kasualitatea?
Baietz esango nuke! Telesail hau 1920an kokatuta dago, eta egindako ia lan gehienetan ere iraganera joan behar izan dut… Baina ez dut intentzioz egin. Guztietan ikaragarri disfrutatu dut eta oroitzapen onak besterik ez dauzkat. Bereziki gogoan ditut La maquina de Pintar Nubes filmeko grabaketak, kariño berezia diot nire lehena izan zelako. Oso esperientzia polita izan zen, eta lan talde hartako aktore askorekin berriro lan egiteko aukera izan dut, hala nola, Asier Oruesagasti, Lander Otaola eta Bingen Elorzarekin.

Donostiako Zinemaldian aurkeztu zenuten gainera; zuzenean goreneraino heldu zinela esan daiteke!
Ilusio berezia egin zidan pelikula Donostiako Zinemaldian aurkezteak, dena zen berria niretzat eta asko disfrutatu nuen. Aurten ez dut bertan egoteko aukerarik izan Madrilen nintzelako, baina espero dut beste urteren batean ikusteko edota parte hartzeko aukera edukitzea.

[Bernardo Atxagaren eleberri homonimoan oinarritutako Bi anai filmean hartu zuen parte 2011n. Imanol Rayo zuzendari iruindarraren lehen lana izan zen, eta ikusleen artean iritzi banaketa eragin zuen: filma ikaragarri gustatu zitzaien askori, eta beste hainbatek ez zuten erabat ulertzerik lortu. Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailaren baitan aurkeztu zuten, eta Zerbitzu Saria jaso zuen.]

Zuk esango didazu, baina uste dut hori izan dela orain arte egin duzun proiekturik bereziena.
Dudarik gabe, proiekturik berezi eta interesgarrienetako bat izan da. Jende askok ez zuen ulertu, baina zuzendaria oso pozik gelditu zen eta nik ere asko disfrutatu nuen berau egiten eta ikusten. Agian ez da publiko guztiei zuzenduriko pelikula, baina aukera bat eman behar zaio, harritu egingo zaitu eta.

Hainbat kritikok "oinarri-oinarrizko euskal zinema" kategoriaren baitan kokatu zuten filma, Atxagak eta Rayok erabat aurkako ikuspegia zuten arren. Ba al dago zinema euskaraz egiteko modu konkreturik?
Ez dut uste zinema egiteko modu konkreturik dagoenik, hori da interesgarriena. Nork bere erara kontatu behar ditu istorioak, batzuei gehiago gustatuko zaizkie eta beste batzuei gutxiago, baina nork bere buruarekin zintzoa izan behar du.

Euskal zinemagintzaz ari garela, parte hartu duzun egitasmoetako asko gaztelerazkoak dira, hala nola, ‘Making Of’ film laburra. Euskal aktoreen errealitatea. Zer egin euskarazko zinemagintza indartzeko?
Euskal zinemagintza bultzatu behar dugu, noski, baina nik edozein hizkuntzatan egindako proiektuetan lan egiteko aukera aprobetxatuko dut, beti dago-eta zer ikasia.

Beharbada, zine ekoizpen handiez gain proiektu txikiagoei ere so egin beharko genieke.
Bai. Hainbat film laburretan parte hartzeko aukera eduki dut eta oso aberasgarria izan da. Gogo handiz egindako lanak izaten dira, bakoitzak duena eskaintzen baitu trukean ezer espero izan gabe, eta jendea erabat konprometitzen da. Iaz Ekaitza lanean parte hartu nuen Aitor Beltranekin batera, Alberto Gastesiren zuzendaritzapean; gustu handiz egindako lana, hainbat sari jaso dituena.

Lehenago aipatu duzu zenbait aktorerekin hainbat proiektutan topo egin duzula, eta ez da kasualitatea: badirudi euskal ekoizpenetako aktoreen zerrenda beti bera dela. Zer gertatzen da?
Euskal Herria ez da hain handia, baina aktore on asko daude. Zoritxarrez, baina, ez dago guztiontzako lanik, eta proiektu bat lortzea pozgarria bada, are pozgarriagoa da lagunekin lan egitea tokatzen bazaizu!

Baina ez al da nekagarria ikusleentzat? Pertsonaia ezberdinak egiten dituen aktorea etengabe ikusteaz aspertzen hasiko gara…
Bai, nik ere sentsazio bera izan dut noizbait. Antzerkian, esaterako, askotan gertatzen da konpainia batek aktore berak etengabe hartzea pertsonaia ezberdinak antzezteko. Eta pentsatu izan dut "Jesus, horren aktore gutxi al ditugu?". Baina era berean, zuzendariak eta aktoreek bere lana ongi egiten badute, pertsonaia sinesgarriak lortzen dituzte, eta horiek ikusten ditugu aktoreak berberak direla ohartu gabe. Nik uste konfiantzagatik egiten dutela, zuzendariek nahiago izaten dutela ongi moldatzen diren horiekin lan egin ez arriskatzeko. Gainera, batzuetan aktoreak modan jartzen dira…

[Txillida Lekuren hamargarren urteurrenaren harira,  Miriam Cabeza Valla Semanitako aktorea eta biak Angel Conde argazkilariaren kamera aurrean jarri ziren ezkontza erreportaje moduko bat egiteko. Argazki bilduma 943 aldizkarian argitaratu zuten.]

Beti pentsatu izan dut modelo ona bere irudiaz gaindi igortzen duen norbait dela, ez maniki hutsa.
Egia esan, argazkien kontua da gutxien gustatzen zaidana. Ez naiz modeloa, eta ez dut nire burua gai sentitzen zer eskaini behar duten eta zer ez esateko, baina aktoreoi beti errepikatzen digute "Zuei kamerek ezin dizuete beldurrik eman, horien aurrean jartzen zarete egunero!", eta ez da egia, oso ezberdina baita. Antzezteko unean kamera desagerrarazi behar duzu, egongo ez balitz bezala aritu. Modeloek ere interpretatu egin behar dute, bai, baina badakite kamera hor dagoela, eta hori jakinda posatzen dute. Niri hori oso zaila iruditzen zait. Aipatu duzun erreportaje hori egiteko aukera Zinemaldiaren ondorioz sortu zitzaidan, eta aitortu behar dut oso ondo pasatu genuela. Baina horren helburua gure lanari buruz hitz egitea zen, jendeak filma ezagutu zezan. Hori saihesteko aukera izan banu, uste dut dudarik gabe egingo nukeen! –barrez hasi da–.

Orduan, jo dezagun apenas ukitu dugun baina gure artean horren ezagun egin zaituen pertsonairengana: Goenkaleko Joana. Sumatzen duzu bere falta?
Kariñoa diot, baina pertsonaiari baino gehiago lantaldeari. Lau urtez antzeztu dut Joana eta, egia esan, aldaketa pozik hartu nuen. Normalean zera gertatzen da, pertsonaia barneratzen duzula, lasaitu egiten zarela eta ez diozula zure buruari horrenbeste exijitzen. Horregatik, Mariarekin hasteak bizitza eman dit, ilusioa piztu dit. Badakit Joanak egin nauela ezagun Euskal Herrian, eta Goenkalek azkartasuna eta kamera ezberdinekin lan egiten irakatsi didala, baina bereziki lankideak ditut gogoan, lagun on bilakatu direnak.

Hemeretzigarren denboraldia du aurtengoa. Amaierarik izango al du…?
Telesailaren benetako jarraitzaileei, betidanik jarraitu izan gaituztenei, ez zaizkie Goenkaleko istorioak ahazten, eta jarraitzen badu arrakasta duelako da. Aktoreoi ikasteko eta honetatik bizitzeko aukera eman digu, eta ikuslegoak disfrutatu egiten du. Horrela izaten jarraitzen duen bitartean, segi dezala aurrera!

Loretoren kuttunak


Liburu bat: L’ Elegance du herisson (Muriel Barbery, 2006).
Film bat: Match point (Woody Allen, 2005).
Aktore bat: Juliette Binoche.
Leku bat: Begur (Herrialde Katalanak).
Inoiz ez duzu ahaztuko: La Maquina de pintar nubes (Aitor Mazo eta Patxo Telleria, 2009) egiteko hartu nindutela esan zidaten eguna.