Liher Europan: Zürich

20/03/11
Austriatik Suitzara goaz. Egia esan behar badut, beldur apur bat dut Suitzako muga zeharkatzen utziko diguten ala ez pentsatzen dudanean. Euskal Herritik abiatuta, Frantzian, Alemanian eta Austrian egon ondoren, aukera guztiak ditugu Suitzara sarrera debekatu diezaguten. Herrialde gutxi ez, eta Liechtenstein ere zeharkatu dugu! Izen arraroa eduki arren, ikusi duguna oso polita dela esan dezakegu, paisaiak erotuta gauzkate!
Lo hartu dut Monty Python-en lehen denboraldiko atal bat ikusten, eta Lidek pausari ematean esnatu naiz, nire amonari telebistako katez aldatzen diodanean bezala. Innsbruck-Liechtenstein-Zürich! Ailegatu gara Rote Fabrikara! JPk askotan komentatu izan dit hemen Fermin Muguruza eta DUTekin jo zutela 1998an (1998-10-24an, Ferminen web orrian topatu dut data!) eta harrituta geratu zirela; etorkizunean bizi omen dira hemen. Egia esan, oso leku berezia dirudi. Lehen fabrika bat zena, okupatu egin zuten eta gaur egun langileek daramaten kooperatiba bat bihurtu dute.
Milak jaso gaitu bertan. Gazteleraz hasi da eta Burgosekoa dela esan digu. Jai eguna hartu duela Nekane eta guri gaurko egunez laguntzeko. Bertako sukaldean egiten du lan eta aretoa erakusteaz gain, bertako eta bere historiaz mintzatu zaigu.
Nekane Txapartegiren plataformarekin bat egin dugu. Nekaneri buruz gehiago jakin nahi ez gero Freiheit Für Nekane Facebook-eko orrialdean topatuko duzue informazio gehiago.
Laku baten ondoan gaude, leku lasaia dirudi: familiak, haurrak meriendatzen, aiton-amonak paseoan... Eta hasi gara: Bonboa! Tun, tun, tun... Kaxa...! Soinu probarekin amaitu da bakea. Hustu dugu lokala, eta soilik etorkizuneko rockeroak geratu dira bertan belarriak estalirik, hori bai.
Lakua eta lekuarekin txundituta nago. Zer polita den dena. Afalordua iritsi da!
Afaldu ondoren Nekanek hitzaldia eskaini du bere egoeraren inguruan, gauzak nola dauden azaltzeko. Urte batzuk badaramatza hemen, Zürichen, eta babesten duen jendea etorri da. Ondoren goaz gu.
Eman dugu Liherren historiako bigarren kontzertua Zürichen! 60 bat lagun bildu dira, guretzat esperotakoa baino gehiago. Kontzertuaren osteko nekea aurreko eguneko matrakarekin gehitzen da, eta Covid-19aren mehatxuak ez du laguntzen egia esateko.
Bihar irratian elkarrizketa dugu eta saio akustikoa. Ondoren, Basel hirira joango gara.
Esan berri digute Luganon lotuta genuen kontzertua bertan behera geratu dela birus famatuaren erruz eta Italiako mugan izanik, ez direla ausarten ekitaldia aurrera eramaten. A zer pena. Zer egingo diogu... Baseletik zuzenean Berlinera joango gara ziurrenik, ea ez diguten kontzertu gehiago atzera botatzen. Bihar arte!