Liher Europan: Off egunak

20/03/8-9-10
Innsbrucken jaso gaituzte libre ditugun hiru egunak pasatzeko Joshkaren anaia eta bere pisukideek. Berez, ez genuen pentsatua Austria zapaltzea, Ulm inguruan geratzeko asmoa genuen, baina Ulmeko kontzertura etorri dira eta Innsbruckera joateko gonbita luzatu digute. Nola esan ezetz? Beraz, Ulmeko Hexenhaus atzean utzi eta Innsbruckera! Alemaniatik Austriara!
Martxoaren 8ko manifestazioa hemen 9an egin da eta bertan izan gara. Covid-19aren itzala nabari dugu denbora guztian eta orain arte sinisten ez genuen arren, orain agian serio hartzeko kontua dela uste dugu. Manifestazio, kontzertu, ekitaldi... edozein tokitan omen dago kutsatzeko arriskua. Ez dakigu Europatik barna egiten ari garen bira ere amaituko dugun... Bitartean, gure partetik ez dago hau gelditzeko asmorik!
Innsbrucken gaude jada eta libre ditugun egun hauek aprobetxatuko ditugu furgoneta eta aretoetatik at bizitza apur bat egiteko.
Mendira igo eta Lurrean hegan abestia grabatu dugu akustikoan. 2016ko Hauts diskoko abesti hau aproposena da mendi tontor baten jotzeko egia esan. Eskiatzera ere eraman gaituzte Xotil eta Astridek. Beraz batean mendira eta bestean eskiatzera joanez kirola egiteko denbora ere izan dugu! A zer rockeroak!
Hemengo mendiak eta paisaiak izugarriak dira. Glaziarrek sortutako formak gu ohituta gauden bailaren oso ezberdinak dira. Orain paisaia hau zeharkatu eta Suitzara goaz. Bertan Nekane Txapartegi eta bere Free Nekane mugimendua dugu zain eta bertan 3 kontzertu joko ditugu: Zürich, Basel eta Lugano.