Liher Europan: Ulm

Liher Europan: Ulm Liher taldearen "Hemen Herensugeak Daude" diskoa labetik atera berria da, baina jada eman du zer esan. Izan ere, diskoa liburu batekin baitator kontakizun bat eskaintzen diona eskuartean daukanari: Rock-opera indartsu honetan bortxaketa baten istorioan sakontzen da. Lan bortitza da zinez, bai gaiari dagokionez eta baita musikalki ere. Diskoaren aurkezpen bira hasia dute eta egun taldea Europako biran sartuta dago bete betean. Eurekin bidaiatzera gonbidatu gaituzte egunean eguneko kronikak eskainiz. Etorri nahi? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/liher-europan-ulm/@@download/image/IMG_8833.JPG
2020/03/11

Testua: Liher taldea

Liher taldearen "Hemen Herensugeak Daude" diskoa labetik atera berria da, baina jada eman du zer esan. Izan ere, diskoa liburu batekin baitator kontakizun bat eskaintzen diona eskuartean daukanari: Rock-opera indartsu honetan bortxaketa baten istorioan sakontzen da. Lan bortitza da zinez, bai gaiari dagokionez eta baita musikalki ere. Diskoaren aurkezpen bira hasia dute eta egun taldea Europako biran sartuta dago bete betean. Eurekin bidaiatzera gonbidatu gaituzte egunean eguneko kronikak eskainiz. Etorri nahi?
Liher Europan: Ulm

20/03/07
Lau hizkuntzen artean gabiltza: Bertakoekin alemanez eta ingelesez, Marcosekin gazteleraz eta gure artean euskaraz. Helburu bat daukat: Marcosek euskara hitz egiten amaituko du. Freiburgeko etxean (KTSn) fundamentuzko gosaria prestatu digute, aurrekoan bezala. Hemen, gauzak egiteko beste modu bat dagoela erakutsi ziguten 2018an eta gaur ere berdin jarraitzen dutela ikusten dugu. Poztekoa da gizartearen ertzetik at bizi diren hauekin horrelako esperientziak elkar trukatzea. Hauek ere dragoi artean. Espero dugu laster itzultzea.

Friburgotik Ulmera bidaia ez da oso luzea, 300 bat kilometro ditugu aurretik. Oihan beltza zeharkatuko dugu ekialderantz, eta lo kuluxka bat egiteko aprobetxatuko dut.

Marcosen “Joshkak buruan dituen kakahueteak jango ditut” esaldiarekin esnatu naiz. Nahastuta nago. Marcos, ez dut ezer ulertzen. “Zenbat jende dagoen Alemanian, ezta?” dio Lidek, ez du laguntzen esnatu berritan. Ulmera iritsi eta mugikorrean markatutako kokapenera iristean ikusi dugu XIX. mendeko gotorleku batean joko dugula. Dorredun gaztelu baten antzeko eraikinean sartu eta metal estetikako elementu ugari, guk ordea metaletik gutxi, beharrezkoa eta justu-justu.

Gurekin oholtza partekatuko duen Municheko taldea, Chang deitzen da. Hauek ere metal gutxi egiten dute. Gure musikatik gertuago daude Metallica-tik baino. Furgoneta hustu, anplifikadoreak eta trasteak agertokira igo eta check, check, check. Iñaki Zubia oñatiarra dugu teknikari bira honetan. Ez dago oso gustura nahasketarekin, eta aretoko arduraduna presa sartzen ari da 20:00tan ateak ireki nahi dituelako. Zubiak denbora gehiago behar du, baina ezin da. Rock and roll, eta xaukena xauk, aurrera dagoenarekin!

Chang-ek ireki da kontzertua, egurra stoner eta blues-rock erritmoekin. Atzoko augetak ez dira oso nabariak, pixka bat berotu eta gure txanda! 70 bat pertsonek ordaindu dute sarrera, Ulm hirian guretzat kristorena da. Hasi dugu kontzertua atzo baina solteago, jada ez da lehen aldia, nabari da presio hori joan dela.

Egin dugu! Moshpit ero bat sortu da 2. edo 3. kantuan kontzertua amaitu arte. Alemaniar hauek erotuta daude! Oso ondo pasatu dugu, publikoak gu animatu gaitu eta ez alderantziz! Jendea gustura geratu dela dirudi, aretotik Liherren kamisetak ikusten dira. Dena jaso eta hasi dira gorputzak nekea nabaritzen. Lotara joan aurretik eskerrak eman dizkiegu aretokoei, oso eskertuta gaude jasotako tratuarekin. Itzuliko gara hona uzten badigute behintzat!

 

Hau interesatu bazaizu interesatuko zaizu...

Liher Europan: Hitzetatik ekintzetara