Gaizka Izagirreren telesail gomendioa: 'Severance'

‘SEVERANCE’
⭐⭐⭐⭐⭐ (5/5)
Dan Erickson
2 denboraldi
Apple TV+
Mark Scoutek (Adam Scott) lantalde bat zuzenduko du Lumon Industries deituriko enpresan. Bertako langileak prozedura kirurgiko baten eraginpean daude. Prozedura horrek langileen oroitzapen pertsonalak eta lanekoak bereizten ditu, eta bi nortasun desberdin sortuko ditu: bulegoko bertsioa (Innie) eta bertsio pertsonala (Outie). Ideia nagusi horri tiraka, egun dagoen proposamenik berritzaile, ausart eta liluragarriena dela frogatzen jarraitzen du. Intrigazko premisaren eta exekuzio bikainaren bidez, ezbaian jarriko du lanarekin, oroimenarekin eta nortasunarekin dugun harremana. Premisa erakargarriaz harago, elementu guztiak ezin hobeto zainduak eta orekatuak daude: ekoizpen diseinua eta alderdi bisuala txundigarriak dira. Entretenitzeaz gain, galdera sakonak egiten ditu bizitza pertsonalaren eta profesionalaren arteko orekari buruz, eta teknologiak gure bizitzan duen eraginari buruz. Lagunartean eta familian eztabaidak piztuko dituen harribitxia da.
Onena: Guztia.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizkizu: Black Mirror (Charlie Brooker, 2011- gaur egun) eta Lost (J.J. Abrams, 2004-2010)