Liher Europan: Hitzetatik ekintzetara

Liher Europan: Hitzetatik ekintzetara Liher taldearen "Hemen Herensugeak Daude" diskoa labetik atera berria da, baina jada eman du zer esan. Izan ere, diskoa liburu batekin baitator kontakizun bat eskaintzen diona eskuartean daukanari: Rock-opera indartsu honetan bortxaketa baten istorioan sakontzen da. Lan bortitza da zinez, bai gaiari dagokionez eta baita musikalki ere. Diskoaren aurkezpen bira hasia dute eta egun taldea Europako biran sartuta dago bete betean. Eurekin bidaiatzera gonbidatu gaituzte egunean eguneko kronikak eskainiz. Etorri nahi? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/liher-europan-hitzetatik-ekintzetara/@@download/image/8d09445d-b1e4-480c-a6bc-7abfeccb4d28.jpg
2020/03/10

Testua: Liher taldea

Liher taldearen "Hemen Herensugeak Daude" diskoa labetik atera berria da, baina jada eman du zer esan. Izan ere, diskoa liburu batekin baitator kontakizun bat eskaintzen diona eskuartean daukanari: Rock-opera indartsu honetan bortxaketa baten istorioan sakontzen da. Lan bortitza da zinez, bai gaiari dagokionez eta baita musikalki ere. Diskoaren aurkezpen bira hasia dute eta egun taldea Europako biran sartuta dago bete betean. Eurekin bidaiatzera gonbidatu gaituzte egunean eguneko kronikak eskainiz. Etorri nahi?
Liher Europan: Hitzetatik ekintzetara

20/03/05
Promozioaren karga handiena kendu genuen edo amaitu zen Donostian eman genuen kontzertu-hitzaldiarekin. Bilbon aurkeztu genuen diskoa otsailaren 28an, prentsaurrekoa eta lagin akustikoarekin. Eta ondoren Gasteiz, Iruñea eta Donostian izan ginen abestiak era akustikoan jotzen. Pixkanaka burua eta gorputza nekatzen zihoazela nabaritzen genuen. Beraz, momentu egokian iritsi da furgonetara igotzeko eguna, edo beste modu batera esanda: teoria alde batera utzi eta ekintzetara pasatzekoa.

Azkenean berriz ere errepidean kilometro batzuk egiteko unea zen, leku ezezagunetara eta jende berria ezagutzera. Besteetan Euskal Herritik zuzenean Innsbruckera edo Parisera joan izan gara, baina aurten lehen kontzertua Alemaniako Freiburgen dugu, eta lanetik atera ondoren, ez dugu zuzenean joatearen astakeria egiteko asmorik. Beraz, bakoitza bere lanetik ateratzean, Madriletik datorren Marcos Donostiako tren geltokian jaso (honek bai astakeria: Madrid-Vichy), furgonetan sartu eta dena kargatu ondoren atera gara.

Bagoaz disko berria aurkeztera hortik zehar. Hemen herensugeak daude diskoaren aurkezpen bira Europatik... eta berriz ere Irunen gara diskoak lokalean utzi baititugu, hainbestekoa da irteteko genuen gogoa diskoak ahaztu ditugula, sekulakoak gara! Zer egingo diogu, buelta erdia eta berriz lokalera; diskoak jaso eta orain bai, Vichyraino ia gelditu gabe.

Elurra eta haize boladak bidetik, ez da giro frantziar errepideetan. Astebururo kilometroak egitera behartuta dauden horietaz oroitzen naiz haize bolada batek furgoneta kolpatzen duen bakoitzean.

Vichyra iritsi eta lotara zuzenean, bihar beste hainbeste baitugu Freiburgera.

20/03/06
Donostia-Vichy egina, geratzen dena motzagoa da; bagoaz.

Royal Republic, Kase O, Johnny Cash edo Nirvanaren Bleach bozgorailuetatik. Bi biografia daramatzat bidaia honetan: Kurt Cobainena eta Johnny Cashena, asperraldi momentu horietarako.

Iritsi gara Freiburgera. Hemen beti ari al da euria edo zer kristo? 2018an hemen izan ginen hiru egunez, azkenerako atera zen eguzkia baina kostata. KTSn hartu/jaso gintuzten birako “off” egun horiek hemen pasatzeko, eta maitasun handiz tratatu gintuzten. Gaur ere horrela jaso gaituzte, leku hau eta bertako jendea izugarria da. Marcosen komentarioak bete-betean jo du: zein errespetuzkoak diren hemen! Eta hegatik itzuli gara hona, birako lehen kontzertua benetan horrelako lekuek bizirik iraun dezaten lanean ari den jendeari eskaintzera.

Lehen aldiz ez dugu zuzenean etxekoen aurrean aurkeztuko disko berria. Antsietate puntu bat sortzen digu, ez baita inoiz ongi atera aurreko bi diskoetan. Oraingoan oroitzapen on bat genuen lekura etorri gara. Jendea oroitzen da gutaz, bada haientzat lehenengoa!

Jo ditugu Hemen Herensugeak Daude birako lehen abestiak jendaurrean. Kendu dugu karga hori.

Listo! Orain ohera. Hitz hauek idazten begiak ixten zaizkit, errepasatzen ari naiz inozokeria bat idatzi ez dezadan... Bihar gehiago!