Langileen aspaldiko borroka

Langileen aspaldiko borroka https://www.gaztezulo.eus/albisteak/langileen-aspaldiko-borroka/@@download/image/20104297779Chicago_istiluak.jpg
2012/12/13
berria
Langileen aspaldiko borroka
Maiatzaren 1a jai eguntzat dute askok, baina borroka eguna da langileentzat. Ba al dakizu noiztik eta zergatik den indarrean Langilearen Eguna?

Maiatzaren 1ak 1886an du sorburua, AEBetan. Makina bat langile ordezkatzen zituen sindikatu antzeko elkarte batek 1886ko maiatzaren 1etik aurrera lanaldia zortzi ordura murriztu zedin eskatu zuen: zortzi ordu lanerako, zortzi ordu lo egiteko eta beste zortzi ordu ikasteko edo etxean egoteko. Hori zen langileek lau haizetara zabaldu zuten aldarrikapena, horrela lanpostu gehiago sortuko zirenaren konbentzimenduz gainera. Andrew Johnson AEBetako presidenteak argi berdea eman zion erreformari, baina ez zuen bere hitza bete eta beharginek karrikak hartu zituzten 1886ko maiatza iristearekin batera.

Greba eta manifestazio eguna izan zen hura han eta hemen. Eta, Chicagon adibidez –AEBetako hiri garrantzitsuenetakoa zen–, luze iraun zuten mobilizazioek, maiatzaren 4ean ere istilu larriak izan ziren hiriko Haymarketen. Protesta jardunaldiek hildakoak utzi zituzten eta poliziak hainbat lagun atxilo hartu eta urkatuta hiltzera kondenatu zituen; hiru kazetari, eta tipografo eta arotz bana. Kazetarietako batek ez zuen parte hartu Chicagoko liskarretan, baina besteekiko elkartasuna adierazteko bere burua entregatu zuen polizia etxean. Atzemandako arotzak bere buruaz beste egin zuen ziegan, urkatu ez zezaten. Bitxikeria gisa, AEBetan maiatzaren 1a lan eguna da; irailean ospatzen dute langilearen eguna, Labor Day alegia.

Euskal Herrian, larunbatean, hainbat mobilizazio egingo dituzte sindikatuek.

- LABek 20 hiri eta herritan deitu du manifestaziora, Langileon borroka, aldaketaren indarra lelopean.

- ELAk, bere aldetik, Bilbon egingo du ekitaldi nagusia; Inoiz baino gehiago sindikatua langileekin izango da leloa.

- CCOO eta UGT Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan aterako dira kalera elkarrekin. CCOOren leloa Beren krisiaren aurrean gure sindikatua izango da, eta UGTrena Eskubidedun enpleguaren eta bermatutako pentsioen alde.