Kolonbia: amets posibleak

Kolonbia: amets posibleak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kolonbia-amets-posibleak/@@download/image/colombia.jpg
2009/04/03
erreportajea
Irantzu Pastor
Kolonbia: amets posibleak
Kafe aleak etxe atarietan lehortzen diren bitartean, kolombiar anonimo asko atez ate dabiltza, irtenbide bat bilatu nahian duela 40 urtetik hona bizi duten gatazka konplexuarentzat. Beste Kolonbia batekin amets egiten dute. Eta ametsa posible da.

Medellin inguruko herri txiki bat da Tarso. Bertako kaleetan itxurazko lasaitasuna nabari da; edozein etxe ataritako ateak zeharkatu orduko, ordea, errealitate gordinarekin topo egiten dut. Alargun geratutako emakume bat bere istorioa kontatzen hasi zait: "paramilitarrak iritsi zirenean, gure etxean sartu, eta etxeko atarira atera zituzten senarra eta semea. Belauniko jarrita, bakean utz zitzaten erregutu nien. Behin eta berriro esan nien, gu kafe-biltzaile xumeak ginela, ez gerrilariak. Alferrik izan zen: launa tiro eman zizkieten eta kale erdian botata utzi zituzten, zerraldo, txakurrak bezala".

Herri txikia da Tarso; baina badu zertaz harrotu.  Asamblea Constituyente de Tarso bake prozesuaren aldeko egitasmoa da, eta Alirio Arroyav, ELN (Ejercito de Liberación Nacional) erakunde armatuko gerrillari ohiaren ekimenez sortu zen. Helburu nagusi bat du Asambleak: herri mugimendutik abiatuta, Kolonbiak sekula ezagutu ez duen bake proposamen serio hori bultzatzea. Gobernuak onartzen ez dituen desagertuen, desplazatuen eta eraildakoen senideak dira Asamblearen bultzatzaile nagusiak; begiradan ametsak gordetzen dituzten herritarrak dira, paramilitarren mehatxuei gogor eusten ikasi duten kolonbiar anonimoak. Asambleako kideak atez ate ibiltzen dira Kolonbia osoan, Espacios sin guerra (Gatazkarik gabeko guneak) proiektuaren berri ematen. Etxeetako ateak zabaltzen dizkietenean, galdera hau egiten dute: "...y usted, ¿como sueña Colombia?" (eta zuk, nolako Kolonbia amesten duzu?).

Argazki kamera eskutan dudala, Mercedes Sosaren abesti ezagun bat entzuten dut kalean: "Sólo le pido a Dios que la guerra no me sea indiferente, si un traidor puede más que unos cuantos, que esos cuantos no lo olviden fácilmente..." (Jainkoari bakarrik eskatzen diot, gerrak ez nazala axolagabe utz. Traidore batek zenbaitek baino ahalmen handiagoa badu, zenbait horiek ez dezatela berehalakoan ahaztu…).