Joseba Larratxe: “Gaur egun euskal komikia boladan dago eta zorioneko gaude”

Joseba Larratxe: “Gaur egun euskal komikia boladan dago eta zorioneko gaude” Joseba Larratxe Berazadi (Irun, 1985) marrazkilaria 'Josevisky' ezizenarekin ezagutuko duzu beharbada, edo ziurrenik bere marrazkien estilo pertsonalagatik. Izan ere, lerro eta koloreen bitartez, emozio andanak transmititzea da bere pasioa. Argi dago helburua lortzen duela, horren adibide 'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikiagatik eskuratutako Euskadi Literatura Saria. Ez da gutxiagorako. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joseba-larratxe-201cgaur-egun-euskal-komikia-boladan-dago-eta-zorioneko-gaude201d/@@download/image/PUBLIREPOR_joseba_larretxe_01.jpg
2023/12/05
Joseba Larratxe Berazadi (Irun, 1985) marrazkilaria 'Josevisky' ezizenarekin ezagutuko duzu beharbada, edo ziurrenik bere marrazkien estilo pertsonalagatik. Izan ere, lerro eta koloreen bitartez, emozio andanak transmititzea da bere pasioa. Argi dago helburua lortzen duela, horren adibide 'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikiagatik eskuratutako Euskadi Literatura Saria. Ez da gutxiagorako.
Joseba Larratxe: “Gaur egun euskal komikia  boladan dago eta zorioneko gaude”
  • Arkitektoa ikasketaz, nolatan ari zara eleberri grafikoak sortzen?
    Galdera alderantziz da, nolatan ikasi nuen arkitektura –barreak–. Ni betidanik izan naiz marrazkilaria. Marrazkilari guztiek bezala, txikitatik marrazten dut, bazter batean txintxo egoteko papera eta arkatza jartzen zidaten eta apunteetako bazter guztiak marrazkiz betetzen nituenetakoa nintzen. Ikasketa aukeratzeko momentua iritsi zenean, ordea, Arte Ederrak ez zitzaidan serioa iruditzen edo ez behintzat oso bideragarria. Gainera, nire inguruan ez neukan erreferenterik, ez nuen marrazkilari profesionalik ezagutzen. Aldiz, arkitekto ugari ezagutzen nituen, nire aita eta bi osabak arkitektoak baitira, baita anaia ere… Txikitatik etxean ikusi dudana arkitektura izan da eta horregatik ikasi nuen hori. Baina ikasten ari nintzen bitartean marrazten jarraitu nuen eta profesionalki komikiak kaleratzen hasi nintzen. Azkenean, karrera gainetik kentzeko bukatu nuen, ordurako marrazkilari lanean ari bainintzen profesionalki.  



  • Komikiak edo eleberri grafikoak literaturako ahate itsusia direla esango zenuke?
    Orain nire iritzia emango dizut, baina ez dadila oso altu entzun –barreak–. Niretzako komikiak ez dira literatura, zinema edo antzerkia literatura ez diren bezala. Beharbada antzerkia bada literatura, saltzen baitira teatro obrak liburu bezala, baina zinema ez da literatura, ezta? Bada, orduan komikiak ere ez lirateke literaturatzat hartu beharko. Hau, noski erdi txantxetan diot, zeren eskuratu dudana Euskadi Literatura Saria da eta ez diot sariari uko egin nahi –barreak–. Nire ustez komikia hurbilago dago zinematik, literaturatik baino. Azken finean, komikia mutua izan liteke, baina ezin du irudirik gabea izan. Lengoaia bisuala da komikiaren oinarria eta horregatik diot ez dela literatura. Hala ere, literatura dela onartzen badugu, orain arte ahate itsusia izan da, baina azken urteetan hori aldatu egin da. Komikia boladan dago eta liburu-dendetan orain denek dute komiki saila, gero eta handiagoa dena gainera, eta argitaletxe guztiek nahi dute komiki bat eduki. Hori seinale ona da.
  • Horrek esan nahi du erreferente berriak sortzen ari direla…
    Nik uste komikigintza mundu mailan, eta bereziki Euskal Herrian, momentu politean dagoela. Ziurrenik izango du zerikusia zuk aipatu duzun kontzeptuarekin: eleberri grafikoa. Ez dugu ahaztu behar eleberri grafikoak komikiak direla. Komiki formatuari jarri zaion izena da, normalean komikiak irakurtzen ez zituen publiko batengana iristeko. Formatu horrek modu eta jatorri oso ezberdinetako autoreak komikigintzara hurbiltzea ahalbidetu du, eta modu eta jatorri oso ezberdinetako irakurleak erakartzea. Mundu mailako joera hori, beste gauza asko bezala, beranduago iritsi da Euskal Herrira, eta azken bost-hamar urtetatik hona komikiaren goraldia izan da gurean. Hala ere, Euskal Herrian badaude gorakada azaltzen duten faktore batzuk. Batetik, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki aldizkaria. Urte mordoa darama euskal komikia sustatzen. Ez da onuragarria irakurleentzat soilik, baita autoreentzat ere. Xabiroik sare moduko bat sortu du, egileok duinki komikiak marraztu ahal izateko sostengua, soldata onarekin. Aldi berean, saretzeko aukera ere ematen digu, bai marrazkilariok elkarren artean eta baita idazleekin ere. Bestetik, azken bost urteetan Eusko Jaurlaritza komikien sorkuntzarako dirulaguntzak ematen ari da, eta proiektu zahar asko atera eta marrazteko balio izan dute. Faktore horiengatik, gaur egun euskal komikia boladan dago eta zorioneko gaude.



  • Irakurleak aipatu dituzu, badago nahikoa irakurle euskal komikiak irakurtzeko?
    Oraindik ez. Egileak eta editorialak aurretik goaz, baina prozesu bat da. Esango nuke, adibidez, Ni ez naiz Mikel Laboa lanak orain arte komikiak irakurtzen ez zituen jendeak komikiak irakurtzeko balio izan duela. Ziurrenik Mikel Laboaren figuragatik, eta Harkaitz Cano eta Unai Iturriaga zeudelako, baina proiektu berezia izan da. Espero dut horrelako eleberri grafikoak mugarria izatea geroz eta jende gehiago komikietara erakartzeko.
  • Marrazki estilo propioa garatu duzu. Nola definituko zenuke zure estiloa?
    Nire marrazkiak ez dira saiatzen oso errealistak izaten, aurpegietan esajerazioa eta karikatura islatzea gustatzen zait. Oso tresna onak dira adierazkortasuna handitzeko. Baina, aldi berean, saiatzen naiz nire pertsonaia eta paisaiei oso fisikotasun erreala ematen, alegia, bolumena eta perspektibak fin egiten. Kolorea ere ez dut modu errealistan erabiltzen, modu espresionistan baizik. Batetik, denbora aurrezteko –barreak–, eta, bestetik, komiki baten helburua ez delako marrazki politak erakustea, baizik eta istorio bat kontatzea. Eskura ditudan tresnak istorioa kontatzeko erabiltzen saiatzen naiz, eta kolorea beste tresna bat gehiago da horretarako. Istoria azpimarratzeko, errealistak ez diren koloreak erabil ditzaket.
  • ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ komikian hain justu, kolorearen erabilera berezia egin duzu, kapitulu bakoitzari kolore bat emanez…
    Bai, kapitulu bakoitzari kolore bat jarri nion atalak eta giroak ondo bereizteko. Adibidez, Donostia urdina, Bartzelona granatea, Iruñea berdea… honela denbora aurrezten dut, kolore gutxi behar baititut. Baina komikian badaude kolore leherketak. Horietan joko bikoitza egin nahi izan nuen. Batetik, Mikel Laboaren inspirazio momentuak kolore leherketekin adierazi. Bestetik, Zumeta margolariari keinu egin. Zumeta izan zen Mikel Laboaren disko guztietako azalak margotu zituena eta Zumetak kolore biziak eta oinarrizkoak asko erabiltzen zituen –horia, urdina, gorria…–, normalean gainera abstrakziora joz. Bada, horiek erabili ditut.



  • Buruan izan ohi dugun irudia paperean jartzearen prozesua ez da erraza. Beti lortzen al duzu buruan duzuna paperean islatzea?
    Beti daude aldaketak. Buruan funtzionatzen duenak ez du zertan paperean funtzionatu, eta aldatu egin behar izaten dut funtzionatzeko. Momentu horietan espero ez nituen gauza berriak sortzen dira, agian gehiago gustatzen zaizkidanak. Bidean gauza politak gertatzen dira eta buruan nuen ideia beti islatzen ez bada ere, konpentsatzen du –barreak–.
  • Berriki Euskadi Literatura Saria jaso duzu ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ lanagatik. Espero al zenuen?
    Bagenekien komikia izendatuen artean zegoela, beraz, susmoa baneukan –barreak–. Baina kontuan izan 2022a izan dela euskal komikigintzaren historiako urterik oparoena, inoiz baino komiki gehiago kaleratu ziren, oker ez banago hirurogeita bi. 2021ean, berrogei inguru izan ziren, eta 2020an, ez ziren hogeita hamar komikitara iritsi. Zenbat eta komiki gehiago, orduan eta aukera gehiago horien artean komiki onak egoteko. Beraz, susmoa baneukan, baina, era berean, lehia handia zenez, saritua izan nintzela jakitean poza biderkatu egin zen.
  • Honelako sariek konfiantza ematen dizute ala hurrengo lana sortzeko prozesuari presioa gehitzen diote?
    Presiorik ez, agian inkontziente hutsa naiz –barreak–. Oso garbi daukat nik egin dudan lanik onena azkenekoa dela, zeren beti hobetzen dut. Komikilari gehienok hobetzen jarraitzen dugu beti. Orain Mikel Laboaren komikia begiratzen dudanean, gauza asko gustatzen zaizkit, baina beste batzuk ez nituzke horrela egingo. Hurrengo komikia hobekuntza horiek guztiak aplikatzeko aukera berri bat da. Beraz, presioa ez, bultzada bai. Horrenbeste lan hartutakoa jendeari gustatu izana ona da nire buruari honakoa esateko: “Hau da bidea”.
  • Eta zer ikasi zenuen Mikel Laboaren komikiarekin?
    Marratxo kopuru handiak ez duela marrazki bat hobea egiten, alegia, ez dela marrazki bat hobea zenbat eta xehetasun gehiago izan. Egia esan, hau ez da Mikel Laboaren komikiarekin ikasi dudan zerbait. Egiten dudan komiki bakoitzean geroz eta kontzienteago naiz horretaz. Nire buruari etengabe errepikatu behar diot axola duena ez dela marrazkia, istorioa kontatzeko modua baizik, narrazioa. Batzuetan, marrazki kargatuegi batek irakurketa moteldu egiten du, irakurlearen begirada marrazki landuegian geratzen delako. Marrazkilaria izanik kontraesankorra dirudi, baina apurka ikasten ari naiz.
  • Nondik sortu zen Mikel Laboari buruzko komikia egiteko ideia?
    Mikel Laboa Katedraren enkargua izan zen. Beraiek Laboaren memoria kudeatzeaz eta bultzatzeaz arduratzen dira. Mandatua berez Unai Iturriagari egin zioten, bertsolaria izateaz gain, idazlea, gidoilaria eta marrazkilaria ere badelako. Unai Iturriagari, ordea, berak bakarrik egiteko handi geratzen zitzaiola pentsatu zuen, eta Harkaitz Cano eta ni proposatu gintuen. Asteburu batean Lekeition elkartu ginen hirurok. Laboa ezagutzen dutenentzat, oso toki esanguratsua. Bertan ideia zaparrada bota nahi genuen komikia eraikitzeko. Aipatu genuen Laboaren bizitza xehetasunez kontatzen duen liburua existitzen zela ordurako, Marisol Bastidak, bere alargunak, idatzitakoa. Ez zeukan zentzurik liburu horren antzeko komiki bat egiteak, eta erabaki genuen komikiak edozer irudikatzea onartzen duenez, fantasia sartuko geniola. Labur esanda, Mikel Laboaren legatu sentimentala komiki batean harrapatzen saiatzea izan zen gure helburua, berak eta bere arteak iradokitzen zituen metafora bisualak komiki batean biltzea.
  • Nola koordinatu zineten Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta zu komikia sortzeko?
    Lekeitioko egonaldian horma bat paperez estali genuen eta arbel moduan erabili. Bertan Laboak iradokitzen zizkigun lekuak, izenak eta kontzeptuak bildu genituen. Behin hortik kontzeptu batzuk aukeratuta, lanak banatu genituen. Ni pertsonaien diseinua garatzen hasi nintzen eta Harkaitz hasi zen gidoia idazten, berak idatzi zuen lehenengo atala. Harkaitzek markatu zuen komikiaren tonua. Zerbait onirikoagoa egitearen ideia bageneukan, baina ez geneukan ideiarik nondik hasi. Harkaitzen gidoia irakurtzen hasi ginenean, westerna zela ikusi genuen. Oso harrituta geratu ginen, baina, aldi berean, asko poztu ginen bidea hori zela jakin genuelako. Lan egiteko modua kuriosoa izan zen, atalka egin genuen. Harkaitzek lehenengo kapitulua idatzi, nik lehenengo kapitulua marraztu. Ondoren, Unaik bigarren atala idatzi zuen eta nik marraztu. Batek egiten zuen lanak, hurrengoak egingo zuen lana inspiratzen zuen, bazka ematen zigun. Inprobisazio puntu horrekin lan eginez, bestela sortuko ez liratekeen pertsonaiak sortu ziren eta horrek fantasia elikatzeko balio izan zuen.
  • Nola hautematen duzu etorkizuna? Proiektu berririk bai?
    Izaro Arroitak sortutako Lina Plastilina liburuari irudiak jarri dizkiot eta oraintxe kaleratu da. Oso liburu dibertigarri eta polita da, sail bat izango dena eta jada bigarrena prestatzen gabiltza. Horretaz aparte, duela hiru urte kaleratu nuen Asisko Urmenetarekin batera, –berak gidoia egin eta nik marraztu–, Basolatik berri onik ez komikia. Hau Xabiroien argitaratu zen eta hemen ere bigarrena prestatzen gabiltza. Oraingoz, bi horiekin nahiko lan.