Kimuak katalogoko zazpi film laburrak aukeratu dituzte

Kimuak katalogoko zazpi film laburrak aukeratu dituzte Iratxe Fresneda, Koldo Almandoz, Izibene Oñederra eta Alba Lozanoren lanak ikusi ahal izango dira, besteak beste, katalogoan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kimuak-katalogoko-zazpi-film-laburrak-aukeratu-dituzte/@@download/image/gjq1kywxuaacoc21.jpg
2024/05/14
Iratxe Fresneda, Koldo Almandoz, Izibene Oñederra eta Alba Lozanoren lanak ikusi ahal izango dira, besteak beste, katalogoan.
Kimuak katalogoko zazpi film laburrak aukeratu dituzte

Kimuak programaren 27. edizioaren deialdira aurkeztutako berrogeita zazpi proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak 2024 urteko katalogoa osatzeko: Koldo Almandozen Dinosaurioak, Iratxe Fresnedaren Errotatiba, Izibene Oñederraren Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu), Jorge Moneoren Exergo, Aitor Abioren Patrimonio, Joana Moyaren Todo lo cubre la sal eta Alba Lozanoren Utländsk.

Katalogoak fikzioa, ez-fikzioa, entsegua, dokumentala eta animaziozko lanak biltzen ditu. Filmetako bat euskara hutsean egina dago, beste bat euskaraz eta gaztelaniaz, eta beste bat euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Bi osoki gaztelaniaz eginak daude, eta bik ez dute elkarrizketarik. Lau lan emakumezkoek zuzendutakoak dira.

Koldo Almandozen (Donostia,1973) Dinosaurioak fikziozko lanak Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Iñigo Aranbarri, Maria del Amor Zubiaur, Laura Villanueva eta Martin Almandoz aktoreak ditu protagonista, eta "aro baten amaiera mingotsaren aurrean jartzen du ikuslea". Iratxe Fresnedaren (Arrigorriaga, 1974) Errotatiba, berriz, "oroimenaren hauskortasunari eta hura babesteko gizakiak sortzen dituen lekuei buruzko ez-fikzioa" da: "Pertsonak desagertu egiten dira, bizi izan zireneko eraikinak edota lan egin eta zoriontsu izan zireneko tokiak bezala. Aurpegi eta bizitza horiek, noizbait idatzizko oroimenaren parte izandakoak, desagertuko den oroimenarekin batera galduko dira, ezer ez delako betiko".

Izibene Oñederra (1979) zuzendari azkoitiarrak egungo gizarteren beldurrak islatu ditu Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) animazioan. Ingurumen krisia dela-eta kolapsoan dagoen komunitate txikiko biztanleria ahal bezala moldatuko da bizitza berrira. Pribilegiatuak carpe diem pentsakizunari lotuta, bizirauteari eutsi nahian besteak.

Jorge Moneo Quintanaren (Gasteiz, 1988) Exergo saiakerak Bilboko Arte Ederren Museoko margolan batzuen xehetasun periferiko eta ezkutuetatik abiatuta, iraganeko eta egungo artisten baldintza sozial, ekonomiko eta psikologikoekin lotutako hainbat gai aztertzen ditu. 

Aitor Abioren (Durango, 2000) lehen film laburra da Patrimonio, izaera sozialeko fikzioa. Mikelek bere aita Karlosen enpresan lan egiten du. Konpainiak saltzea eta plantillaren erdia kaleratzea erabakitzen duenean, Mikel lankideen alde egongo da. Bere asmoak onak diren arren, langileek sabotaje plana ezkutatu diote. Xabier Elizalde, Mikel Laskurain, Iñigo Aranburu, Eder Marcos, Gonzalo Solla-Landa eta Juan Zuluaga dira aktoreak.

Joana Moyaren (Bilbo, 1985) Todo lo cubre la sal lanak kostaldeko sare-konpontzaileak ditu protagonista. Berrogeita hamazazpi sare-konpontzailek egiten dute lan Euskal Herriko kostaldean: "Eskuak gatzez estalita dituztela, etengabe ehuntzen dute, isil-isilik. Emakume horiek itsasoaren eta haren misterioaren parte dira".

Alba Lozanoren (Barakaldo, 1996) Utländsk filmeko protagonista, Esti, Oiartzunera itzuli da sei urtez Suedian bizi ondoren. Bere buruari ez zela itzuliko agindu bazion ere, ezegonkortasun ekonomikoak eta lan-prekarietateak bueltatzera behartu dute. Herriak aldaezin jarraitzen duela konturatzen da, eta Esti ez dago egokitzeko prest. Izaro Nieto eta Dorleta Urretabizkaia dira aktoreak.

Euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko da.