Jon Urionabarrenetxea: “Euskal gazteek beldurra dute"

Jon Urionabarrenetxea: “Euskal gazteek beldurra dute" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jon-urionabarrenetxea-euskal-gazteek-beldurra-dutequot/@@download/image/24p32-1.jpg
2002/11/01
elkarrizketa
Aitziber Iartza
Jon Urionabarrenetxea: “Euskal gazteek beldurra dute"
24 urte ditu, donostiarra da eta Enpresaritza ikasten ari da. Gipuzkoako PPko Nuevas Generaciones gazte elkarteko presidentea da. Bere itzala bihurtutako bizkarzainekin dabil beti eta elkarrizketa ere segurtasun neurriz inguratutako egoitzan egin diogu.

Zein da, Nuevas Generaciones-en iritziz, bakea lortzeko bidea?
Bakea ETAk hiltzeari uztean lortuko litzateke. Baita gizartea nazionalista ez garenok askatasunik ez dugula konturatzen denean ere.

Helburu hori lortzeko bidea Segi bezalako gazte erakunde bat edo Batasuna bezalako alderdi politiko bat legez kanpo uztea al da?
Argi dago terrorista guztiek eta terroristak babesten dituzten erakunde guztiek jazarpena jasan behar dutela. Alde horretatik, ez du zentzurik horrelako erakundeak egoteak. Hala ere, ez dira beraien ideia politikoak gaitzesten, beraien ekintzak baizik. Frogatuta dago Segin eta Batasunan hainbat lagunek kale borrokako ekintzak eta ETA babesten dituztela, denak sare berekoak direla. Talde batek, haien ideiak berak izanda ere, terrorismo mota guztiak gaitzetsiko balitu, ez litzateke legez kanpo utzi beharko.

Batasuna legez kanpo utzita, gizartearen %15-20 ordezkaririk gabe geratuko litzateke. Hori demokratikoa al da?
Alderdien Legeak Euskal Herrian benetako demokrazia izatea bilatzen du. Demokratok argi izan behar dugu Gobernua demokrazia defenditzeko dagoela eta demokrazia batean terrorismoa salatzen ez dutenek eta terrorismoan parte hartzen dutenek ezin dutela lekurik izan.

Palestinan eta Irlandan irtenbide elkarrizketatuaren alde agertu zarete. Zergatik ez Euskal Herrian?
Hemen, dirudienez, elkarrizketa modu bakarra da guri garondoan pistola bat jartzea eta guk independentziaren alde gaudela esatea. Irtenbide elkarrizketatuaz eta beste gaiez hitz egin ahal izango da ETAk hiltzeari uzten dionean.

ETAk hiltzeari utziko balio, Konstituzioaren aldaketaz ere hitz egiteko prest al zeundekete?
Egun, behintzat, ez, ETA hor baitago. Egun euskal herritar guztiak gustura sentitzeko modu bakarra Konstituzioa eta Estatutuaren bidez da. Konstituzioa gaindituko bagenu, euskal gizartearen erdia baztertzen ariko ginateke.

Bizkarzainekin ibili behar duzu. Zein eragin du horrek maila politikoan eta pertsonalean?
Tentsioa nabarmena da, eta ezin dugu bizitza normala egin, baina arlo politikoan horrek ez du eraginik. Bizitza pertsonalean, berriz, eragin handia du. Bi pertsona etengabe atzean izatean intimitate guztia galtzen da, eta hori galtzea askatasun ezaren adierazle da.

Amnesty International bezalako nazioarteko erakundeek baieztatutako bi irudi. Bata, zu bezala, ETAren mehatxuengatik bizkarzainekin joan behar den gazte batena. Bestea, Guardia Zibilak atxilotutako gazte batena, Unai Romano kasu: tortura salaketa latza egin zuen eta haren irudiak jende asko hunkitu zuen. Zein da zuen jarrera azken irudi honen aurrean?
Azken irudiaren aurrean? Irudi hori lehenengoaren ondorio da. Logikoki, pertsona batzuek bizkarzainekin joan behar badute, mehatxu egiten badiete, hiltzen badituzte, beste batzuek horregatik zigorra bete behar dute. Edozein estatu demokratikotan lapurtu edo beste edozein delitu egiten duena bezala, espetxera joan behar dute. Ondorio normala da estatu demokratiko batean.

Zein harreman du zuen erakundeak beste gazte mugimenduekin?
Erakunde demokratiko guztiekin harreman ona dugu, zenbaitekin ezberdintasun politikoak ditugun arren.

Esan daiteke, adibidez EGIren kasuan, gazteen arteko harremanak helduen artekoak baino hobeak direla?
EGIko gazteak kezkatuago daude beraien proiektu politikoaz euskal errealitateaz baino. Hala, gurekiko konpromiso politiko eza dagoela uste dugu, babes handiagoa jaso beharko genuke haiengandik. Harremanak, beraz, nahiko antzekoak dira.

Enpresaritza ikaslea zara. Unibertsitatean ikusten duzuna kontuan hartuta, zer nolako erradiografia egiten duzu euskal gazteez?
Euskal gazteek beldurra dute. Bada gazte talde bat biolentzia erabiltzen duena, mehatxu kartelak jartzen dituena… eta beste batzuk isildu egiten dira. Badakite horiei aurre eginez gero, bizkarzaina eraman beharko dutela, etxea edo autoa erreko dietela... Gainera, gazte gehienek Euskaditik kanpo egiten dituzte planak. Ez diote zentzurik ikusten hemen aurrera egiteari, ez baitute gero babesik izango, zerga iraultzailea eskatuko baitiete...

Zein mezu bidaliko zenioke jende horri?
Askatasunaren aldeko borroka irabaziko dugu. Euskadi oso banatuta dago, baina guk uste dugu Eusko Jaurlaritza aldatzen den unean, behingoz hezkuntza plurala ezarri ahal izango dela, aniztasuna onartuko dela eta hau aldatuko dela.