Jesus Mari Olaizola, "Txiliku": Kontatzeko idatzitako kontuak

Jesus Mari Olaizola, "Txiliku": Kontatzeko idatzitako kontuak https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/01/06
erreportajea
Samara Velte
Jesus Mari Olaizola, "Txiliku": Kontatzeko idatzitako kontuak
Iturri bat zen Zarauzko Txiliku auzotik gelditzen zen arrasto bakarra; gaur egun, hori ere desagertu da, eta orain izenetan baino ez da existitzen auzo hura: Txiliku Zarautzen ez baita leku bat, pertsona bat baizik.


Jesus Mari Olaizola idazlea (Zarautz, 1951) da auzo haren lekukotza daramana; ezizenaren bidez ekartzen du iragana garai berrietara. Liburuetan ere halaxe egiten du sarri: argitaratu berri duen Bizien gaubeilan, esaterako, ingurukoei entzundakoak diruditen hainbat pasadizo bildu ditu, «lagunartean afaltzen nahiz basoerdi batzuk hartzen» kontatzen diren horietakoak.

Ingeniaritza Teknikoko ikasketak egin zituen Txilikuk, baina ez du inoiz horretan jardun. Aitzitik, Magisteritza ikasi eta Zarauzko Ikastolan aritua da hamabi urtez. 80ko hamarkadaren erdialdeaz geroztik Elkar argitaletxean egiten du lan, editore gisa.

Haur eta gazte literaturagatik da batez ere ezaguna; lehen liburua 1982an argitaratu zuen, Zozoa eta biok. Ordutik hogeitik gora lan idatzi ditu arlo horretan; 2004an  Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso zuen, Osaba Bin Floren liburuagatik.

Irakurleari zuzendutako literatura da Txilikurena, hura entretenitzea eta harekin komunikatzea bilatzen duena. Liburuak, haurrak bezala, “garaian garaiko seme edo alabak” direla esan izan du; horregatik, haur eta gazte literaturan askotan saiatzen da iragana haurren errealitatera egokitzen. Helduentzako narratiban ere aritua da: Bizien gaubeilan-en aurretik, Hontzaren orduak, 101 gau eta Bizitza eredugarriak liburuak argitaratu zituen.

Bizien gaubeilan-ek bezala, lan guztiek edan dute ahozko literaturatik eta folkloretik. Ipuin gehienek dute mito kutsua, behin eta berriz kontatzeko eginak baleude bezala, eta horixe da Txilikuk nahi lukeena ere: “Niri gustatuko litzaidake hemengo ipuinak gero, noizbait, irakurri dituenak berriz kontatzea; uste dut horretarako ipuinak direla”.

Bibliografia


Narratiba
•    Hontzaren orduak (1999, Elkar)
•    101 gau (2000, Elkar)
•    Bizitza eredugarriak (2006, Elkar)
•    Bizien gaubeilan (2011, Elkar)

Haur eta gazte literatura 
•    Zozoa eta biok (1982, Elkar)
•    Papartxuri eta Biboteluxe (1985, Elkar)
•    Muxi eta Puxi (1987, Elkar)
•    Mutiko ausarta eta neska panpoxa (1989, Elkar)
•    2061: Antzinako kronikak (1990, Elkar)
•    Katixa eta Kroko (1992, Elkar)
•    Indianoa (1993, Elkar)
•    Agure jakagorria (1995, Elkar)
•    Hiru lagun (1995, Elkar)
•    Axa mixa zilarra (2000, Elkar)
•    Amona Blasi eta herensuge-kumea (2002, Elkar)
•    Osaba Bin Floren (2003, Elkar)
•    Jokin Galtxagorri (2004, Elkar)
•    Mixi Marrau (2007, Elkar)
•    Zaldun beltzak (2008, Elkar)