Jaiak eta nortasuna

Jaiak eta nortasuna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jaiak-eta-nortasuna/@@download/image/42p32-1_1368032536.jpg
2004/06/04
erreportajea
Unai Brea
Jaiak datoz. Gozamena, gaua, dantza, izerdia... Serio egoteko garai desegokia da, baina jaia oso gauza serioa da. Izan ere, badakizue zer den jaia? Zein da haren esanahia, nondik dator? Josetxo Martinez antropologo arabarrak jaien arima ezkutua biluztu digu.

Josetxo Martinez antropologo arabarrak jaiaren definizio mordoa eman digu. Horiek denak dira jaia, noski, eta beharbada gehiago ere bai. Baina, tira, hel diezaiogun lehenbailehen mamiari: zer demontre da jaia? "Talde baten nortasuna baieztatzeko egiten den ospakizuna", dio Martinezek. Ildo horretatik, talde askok egiten dituzte jaiak. Badira lanbide jakin bati lotutako festak —San Jose eta arotzak, adibidez—, edo familiari lotutakoak —urtebetetzeak—, edo nazioari —Aberri Eguna, esaterako—, edo erlijioari lotutakoak…

Euskal Herrian udan egiten diren jaiak, aldiz, herri batekin, giza-talde jakin batekin lotutakoak dira. "Lurralde baten parte izatea ospatzen da udako jaietan. Antzinako grekoen ustez, leku bakoitzak bere jenioa zuen, bere izpiritua. Gaur egun, oraindik ere uste dugu nortasuna, nola edo hala, izpiritu bat dela, leku bakoitzarekin zerikusia duena", dio antropologo arabarrak.

Eta denok sentitzen omen gara leku baten zati: "Euskal Herrian, oso harreman estua izan ohi dugu bizi garen tokiarekin, eta horren lekuko dira oraindik bizirik dauden jaiak".

Santuak, totemak

Jakina da Euskal Herrian ia jai guztiak santuen inguruan egiten direla. Jakina da, halaber, Eliza Katolikoak ekarri zituela santuak, baina festak lehenagokoak dira. Elizak kristautasunaren aurreko sinesmenak eta ohiturak bere egin eta egokitu zituen. Beraz, gaurko santuak lehengo totem-en ordezkoak lirateke. Lurraldearen totemak, alegia. "Nekazariaren eta bere santuaren arteko lotura oso estua da. Santua zaindu egin behar da, lurraldearen ezaugarri batzuk hari egozten zaizkiolako: hemen ez du txingorrik botatzen gure santuak babesten gaituelako, adibidez", dio Josetxo Martinezek.  

Beraz, zaindariak, taldearen baloreen eta nortasunaren ikur izaki, jaien ardatza dira. Hala ere, gauzak asko aldatu dira azken urteotan, gizartea, eta gazteak batik bat, gero eta urrunago baitaude Elizatik.   

Gizartearen sendagai

Jaien beste alderdi nagusietako bat gizartea berregiteko ("sendatzeko", nahi baduzue) ahalmena da. Eguneroko bizimoduak nekea eragiten du, borroka eta gatazka dakartza… Irizpide horren arabera, jaia nekatutako gizartea indarberritzeko ahalegina da. "Gizarteak etengabe berriztatu nahi ditu bere izaera eta bere ordena, iraun ahal izateko". Eta horretarako, bitxia bada ere, ohiko bizimoduaren guztiz kontrakoa hautatzen da. Hau da, nahaspila baliatu, ordenak iraun dezan. Martinezek dioenez, "jaia mundua hankaz gora jartzea da. Kaosera itzultzea, alegia, legerik ez zegoen garaira bueltatzea. Festa odolik isuri gabe egiten den iraultza sinbolikoa da".

Aldarrikapenak

Jai gehienek lehen aipatu ezaugarriak dituzte. Beste leku askotan ez bezala, ordea, Euskal Herriko jaietan alderdi bi nabarmendu behar dira, beste herrialde batzuetako festetatik bereizten dituztenak: lurraldetasuna eta aldarrikapen soziopolitikoa.

Lehenengoari dagokionez, Euskal Herrian berebiziko garrantzia du. "Lurraldeak nortasuna ematen du eta hori aldarrikatzen da festetan. Horregatik egiten dira Izaroko uhartekoa bezalako ospakizunak, edo herrietako mugetan dauden baselizetako erromeriak". Hau da, bermeotarrek Izaro eurena dela —eta ez mundakarrena— aldarrikatzeko egiten dute festa. Beste hamaika adibide ere badugu Euskal Herrian.

Beste alderdia aldarrikapen soziopolitikoa da. "Edozein jai nahi baten azaleratzea da", azaldu digu Martinezek, "eta norberaren nahi bat ez denean behar bezala aitortzen —hizkuntza, lurraldea, nazio-nortasuna…—, hori jaian ere islatzen da".

Festa integraziorako deia ere bada, Martinezek dioskunez: "Den-denak taldearen zati direla kontuan hartzea. Munduko festa guztietan dago falta direnen presentzia, hildakoena, esaterako. Hemen, Euskal Herrian, beste talde bat ere falta dugu: preso politikoak".

Jai herrikoien aldeko manifestua


Kultur, kirol eta musika munduko eta jai eragileen ordezkaritza zabalak Jai eta Herri Kulturaren aldeko Manifestua aurkeztu zuen duela hiru aste eskas. Ekimenaren antolatzaileek diotenez, Euskal Herriko jai eredu partehartzailea egoera larrian dago eta euskal kultura, zentsurapean. Horregatik, jai herrikoiak defendatu beharra ikusi dute. Bilboko Konpartsen Federazioako lehendakari Iñaki Uriarteren arabera, "festak merkantilizazioaren menpe erortzeko arriskua du, gero eta gune murritzagoak ditu eta diru laguntzetan ere murrizketak daude. Jaia gure kulturaren muinetako bat da, gure benetako barne izaera adierazten baitu".

Ekimenak kalearen erabilera sustatu eta herritarren eta erakundeen arteko elkarlana bultzatu nahi du. Sustatzaileek, bestalde, euren herrietako jaietan parte hartzeko eta manifestua sinatzeko dei egin diete herritarrei. Informazio gehiago izanez gero, www.manifestua.org helbidera jo dezakezue.

Euskal Herriko jaiak, bereziak?


Euskaldunok harro gaude gure jaiez. Eta ez da gutxiagorako, munduko hoberenak dira eta. Hala ere, munduko beste jaiekin alderatuz gero, hain desberdinak al dira? Antxon Agirre etnologo donostiarraren ustez ez. Badira aldeak gure jaien eta munduan egiten diren beste jaien artean, noski, baina jaiaren mamia, antzekoa da Agirreren ustez. Pisu handiagoa du batzen gaituenak aldentzen gaituenak baino.

Antxon Agirrek dioenez, jaiaren zergatia betebehar ezatik dator: "Neanderthal gizon batek, mamuta ehizatu ostean, astia zuen denbora puska batean nahi zuena egiteko. Zer egiten zuen? Ondo pasa". Gerora, beste elementu batzuk sartu ziren jaian: "Denboraz, jainkoak agertu ziren. Beraz, jaiak haiei zerbait eskatzeko edo eskertzeko egiten ziren". Hortaz, biziraupena da ardatza, edozein giza eginkizunetan bezala.

Agirrerek dioenez, ez gara Cro-magnon gizakiaren, ez eta gaur egungo japoniar baten, horren desberdinak, eta hori jaietan ere islatzen da. "Mundu osoko jaietan elementu komunak ageri dira: jatea, edatea, musika… Bestea, desberdintasuna, azalekoagoa da". Agirrek garbi du gure jaiak bestelakoen antzekoak dira: "euskal jaietan oraindik badiraute kristautasunaren aurreko elementuak. Esaterako, udako eta neguko solstizioak. Hala ere, horiek sekulako garrantzia dute munduko kultura guztietan".