Ilazki Goenaga: "Itsasoak etorkizun iluna du"

Ilazki Goenaga: "Itsasoak etorkizun iluna du" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ilazki-goenaga-quotitsasoak-etorkizun-iluna-duquot/@@download/image/56p56-1_1366327226.jpg
2005/10/07
elkarrizketa
Ilazki Goenaga: "Itsasoak etorkizun iluna du"
Ilazki Goenaga 22 urteko azpeitiarra, Ambar, Itsas Faunaren Kontserbazio eta Ikerketarako Elkarteko kide da. Ambar elkartekoak lan handia egiten ari dira gure kostaldeko zetazeoak babesteko, eta Kantauri itsasoaren aberastasuna ezagutarazteko. Lehorratutako zetazeoak itsasoratu, behaketak egin, itsasontzian irtenaldiak antolatu, ikastetxeetan hitzaldiak eman… itsasoaren maitale nekaezin hauek galtzak bete lan dabiltza.

Oso zabaldutako ustea da, euskal balea XX. mende hasieran desagertu zela. Egia al da, baina?
Euskal balea ia erabat desagertua dago. Espezieak oso egoera larria bizi du, soilik 300 bat ale geratzen direla uste baita. Horrexegatik, ahalegin handia egiten ari da ama/kumeak babesteko, eta espeziea aurrera atera dadin. Ipar Amerika eta Kanadako kostaldetan balea taldeak ikusi dituzte, eta baliteke Asia ekialdean ere talde batzuk geratzea. Bizkaiko Golkoan, ez dakigu balearik ba ote den.

Biodibertsitateari dagokionez, Kantauri itsasoa, itsaso “ilun” eta “pobretzat” jo izan da askotan. Izan ere, espezie ugaritasunaz ari garela, bestelako itsasoak etortzen zaizkigu gogora: ur gardenak, koralak, koloretako arrainak…

Kantauri itsasoko ura ez da batere gardena, eta gehiegizko arrantza eta kutsaduraren eraginez, hondoak oso hustiatuta daude. Noski, Kantauri itsasoan ez dugu koloretako arrainik aurkituko, baina Bizkaiko Golkoko hondoaren erliebea dela eta, gurea elikatzeko gunea da zetazeo eta itsas-hegazti ugarirentzat. Izan ere, 3.000 metroko sakonerak ditugu kostatik kilometro gutxira. Ez dago Hawairaino joan beharrik izurdeak ikusi ahal izateko.

Garai batean, legatza eta bisigua galdu genituen euskal kostaldean. Orain, antxoa galtzear daukagu. Erabat pobretzen ari al da gure itsasoa?

Gehiegizko arrantza oso kaltegarria izaten da. Itsasoa azkarregi suntsitzen ari gara, eta hondoak oso pobretuta daude. Zenbait espezie gehiegi hustiatzen ari gara, eta ondorioz, kate trofikoak desorekatu egiten dira. Gehiegizko hustiapen horri beste bi faktore gehitu behar zaizkio: lurraren berotegi efektua, eta kutsadura. Horrela jarrituz gero, itsasoak etorkizun iluna du.

Zer egin daiteke pobretze horren kontra? Zer eskatu behar zaie erakundeei, eta zer herritarrei?

Erakundeei ingurunearekin konpromisoa eskatu behar zaie; itsasoaren garrantzia nolabait “ofizialdu” egin behar da, eta behingoz, erabaki egokiak hartzen hasi behar lukete, beranduegi izan baino lehen. Herritarrek naturaren edertasuna sentitu behar dute, eta natura babesteko nahi hori sakon landu. Guztiok zerbait egingo bagenu, arazo askori aurre hartuko genieke denbora laburrean.

20 metroko balea baten ondoan ordu erdiz egonda, haren soinuak entzunez, haren mugimenduak ikusiz… zer sentitzen da?

Sentimendu hori deskribaezina da. Halako “tonto” aurpegia geratzen zaizu, eta bihotza ziztu bizian jartzen zaizu,  taupadaka. Askotan, argazkiak atera ezinik geratzen zara!

Gizakiaren aurrean, nola jokatzen dute animalia hauek? Mesfidatiak dira, abegikorrak, oldarkorrak?

Orokorrean, jakinmina sentitzen dute. Ez dute inolako oldarkortasunik erakusten, baina hala ere, ez da ahaztu behar baleak animalia basatiak direla, eta haientzako joko txiki bat dena, baliteke guretzako jokoa ez izatea. Hori horrela da, beraz.

Tarteka, kostaldean lehorreratutako izurde edo baleen berri izan ohi dugu komunikabideen bitartez. Zergatik gertatzen dira horrelakoak, eta nola jokatu behar da kasu horietan?

Normalean, osasun arazoak direla-eta lehorreratzen dira zetazeoak: indarrik gabe geratu direlako, edo olatuek hondartzetaraino eraman dituztelako. Beste kasu batzuetan, aldiz, orientazioa galtzen dute, eta hondarrean harrapatuta geratzen dira. Horrelakoetan, animalia ez ukitzea, eta  gehiegi ez gerturatzea komeni da, gutxieneko distantziara geratuz, eta animaliari ahalik eta estres gutxien eraginez. Horrelakoetan, SOS Deiak-era edota Ambar elkartearen Lehorreraketa Sarearen telefonora deitu behar da (656-719686).

“
Prestrige txiki” asko gertatzen al dira egunero, hiritarrok horren berri izan gabe?
Tamalez, hala da. Itsasontzi askok era guztietako zaborra botatzen dute itsasora: gasolina, garbiketa produktuak… eta beste hamaika zikinkeria. Askotan, petroliontziek itsaso barrenean garbitzen dituzte tankeak, eta ur zikin horrek ozeanoan amaitzen du. Horrelakoak salatzen hasi behar dugu.