Iker Ozkoidi: "“Zakurrek uste baino gehiago ematen dute beti”"

Iker Ozkoidi: "“Zakurrek uste baino gehiago ematen dute beti”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iker-ozkoidi-quotzakurrek-uste-baino--gehiago-ematen-dute-betiquot/@@download/image/2011145973iker__1361551746.jpg
2011/01/07
elkarrizketa
Iker Ozkoidi: "“Zakurrek uste baino  gehiago ematen dute beti”"
Esan ohi da zakurra gizakiaren lagun minena dela. Hortaz asko daki Iker Ozkoidi musher nafarrak. 26 zakur ditu eta haiek gidatzen dute bere lera lasterketetan. Harremana ez da, ordea, lehiara mugatzen. Zakurrak eta Ozkoidi, Ozkoidi eta zakurrak bat dira.

Jurasetik, Frantziako Alpeen bihotzetik, erantzun dio GAZTEZULOren deiari Iker Ozkoidik. Bezperan, Suitzan zen. Halakoa izaten da negua musher nafarrarentzat. Elurrak zuritutako eta zakurrek tiratutako leran aritzeko toki egoki bila, edozein lekuk ez baitu balio mushingerako. Duela hiru urtetik Baqueiran (Herrialde Katalanak) bizi da, eta hilaren 23an hastekoa den Pirena lasterketan parte hartuko du. Otsailaren 5a bitartean, musherrek eta euren zakurrek Pirinioak mendebaldetik ekialdera zeharkatuko dituzte. 2009an Ozkoidi gailendu zen proban. "Garai batean, norvegiarren edo alemaniarren atzetik ibiltzen ginen, baina orain euskal herritarrok haien pare gabiltza". Lasterketa hau ez da Ozkoidiren erronka bakarra izango. Martxoan Norvegian izango den Munduko Txapelketan ariko da.

Nola bilakatzen da mutiko bat mushing edo lera lasterketa zale?

Aita, musherra ez izan arren, zalea zen. Nik 11 urte nituela, txakur emea erosi genuen, gurutzatu eta kumaldia etorri zen. Kirol honi buruzko dokumentalak ere ikusten genituen eta horiei jarraiki hasi ginen lerak egiten. Hasierako haiek oso etxekoak ziren, xumeak

Zeinekin aritzen zara lanean erosoen, gizakiekin ala animaliekin?

Batzuekin zein besteekin egin behar izaten dut eta errazagoa da zakurrekin lan egitea; poz handiagoa ematen dit. Urte osoa ematen dut haiekin, iraila aldean entrenatzen hasten gara, eta lasterketetan zakurrek aurrez egindako sakrifizioari nola erantzuten dioten ikusteak asebetetzen nau.

Irailean hasten zaretela entrenatzen diozu, baina urte osoa ematen duzula animaliekin.

Eskiatzaileek, negua bukatutakoan, eskiak gordetzen dituzte datorren urtera arte. Baina zakurrek urte osoan zehar jan behar dute, garbitu behar dituzu, haiekin jolastu behar duzu… Azken batean feeling-a sortu behar duzu haiekin gero lehiatzeko. Lursail zabala dut, eta bertan ditut animaliak. Udaran izaten naiz denbora gutxien haiekin; hiru bat ordu baino ez, lanagatik.

Eta nola garraiatzen dituzu toki batetik bestera?

Normalean nire kabuz moldatzen naiz. Autokarabana moduko batean eramaten ditut zakur guztiak. Pirenan, aldiz, laguntza izaten dut.

Kirolaz ari garela, nork bere burua gainditu beharra aipatzen da askotan. Hori landu al daiteke animaliekin ere?

Bai, noski. Nik neure burua gainditzeko nahia dut, eta baita zakurrek ere. Oso zintzoak dira, eta korrika egiten gozatzen dute. Batzuek pentsatzen dute animaliek leratik tiraka sufritu egiten dutela, baina oker dabiltza. Oso urduri jartzen dira trineora lotu bezain pronto, berehala lasterka hasi nahi baitute.

Zure burua zaldizko batekin alderatuko al zenuke?

Ez dakit zehatz mehatz nola jokatzen duen zaldizko batek zaldiarekin, baina esango nuke musherrok harreman estuagoa dugula zakurrekin. Egia da batzuk bakarrik neguan izaten direla euren animaliekin eta urteko gainerako hilabeteetan beste norbait arduratzen dela haien zaintzaz, baina niri horrek ez dit balio. Izan ere, zakurrekin gertuko harreman horren bidez, animaliek barneratzen dute zu zarela jaten ematen diena, haiekin jolasera edo paseoan ateratzen dena…

Zaila al da harreman estu edo konplizitate hori  lasterketetara eramatea? Alegia, lehia iristen denean gogor egin behar al diezu?

Lasterketetan ezer gutxi agindu behar zaie: bidegurutzetan ezkerrera edo eskuinera egin behar duten, eta une jakin batzuetan motelago joan behar dutela. Dena dela, haien ilusio nagusia korrika egitea da. Pirena hasten denean, zuk badakizu nolakoak izan diren aurreko entrenamenduak eta, beraz, jakitun zara noraino irits daitezkeen zakurrak. Eta nekatuta daudenean, esaterako, konturatzen zara, motelago doazelako. Hori bai, beti uste baino gehiago ematen dute.

Garaipenetan zeinek du meritua, zakur taldeak ala haiek gobernatzen dituenak?

Talde lana da. Zakur onenak izateak ez du ezer ziurtatzen. Lera gidatzen jakin behar duzu, zakurrak trebatzen jakin behar duzu... Animaliek egiten dute ahalegin gehien, nahiz eta gu ere, batez ere Pirena bezalako lasterketa aldapatsuetan, nekatzen garen. Zerbait nahi bezala ateratzen ez bada, nire buruari bota ohi diot errua. Zakurrek edozer jokabide dutela, ni naiz erantzulea, behar bezala hezi ez ditudalako. Udaran, adibidez, entrenatzen ez garenez, haiekin diziplina lantzeko aprobetxatzen dut.

Nolakoa da Pirena lasterketa?

14 zakur inskribatu ditzake parte hartzaile bakoitzak, eta egunero 12rekin lehiatu. Ni normalean 10ekin lehiatzen naiz, egun bakoitzean lauk atseden har dezaten. Proba ohitura bilakatu da, urte askotan parte hartu dudalako. Europako lasterketarik gogorrena dela esango nuke. Etapa bakoitza toki batean hasten da; hau da, lasterketak eragindako nekeari leku aldatzeena eta estresa gehitu behar zaizkio.

Ze asmorekin parte hartuko duzu aurten?

Entrenamenduak ez dira nahi bezain onak izan. Azaroan Norvegiara joan behar nuen, baina Baqueiran gelditzea erabaki nuen elurra zegoelako. Gero, euria hasi zuen eta elurra urtu egin zen. Horrez gainera, zakurrak zaharrak ditut. Edozein modutan, irabazten saiatuko naiz; paseatzera ez naiz joango, ba!

Bizimodua ateratzeko lain ematen al dizu kirol honek?

Ezta pentsatu ere! Dirua uzten duzu! Kirol txikia da, eta ez dago Norvegiara edo Alaskara bidaia ordainduko dizunik. Udaran, entrenatzen ez naizenez, Baqueiran beste batzuen zakurrak zaintzen ditut, eta ateratzen denari heldu behar zaio bizimodua ateratzeko; arotz lanak egiten ditut, adibidez. Udaran oporrak hartu beharrean, ahalik eta lan gehien egiten dut, denboraldirako dirua aurrezteko.