Hurbiletik bizitako gatazkak

Hurbiletik bizitako gatazkak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hurbiletik-bizitako-gatazkak/@@download/image/askapena_1358955024.jpg
2012/11/02
erreportajea
Testua: Maialen Goñi
Hurbiletik bizitako gatazkak
Duela 25 urte, Hego Euskal Herriak NATO-ri ezezkoa eman zionean eta Ertamerikako herriek botere autoritarioen aurkako iraultzak abiatu zituztenean, gurean Askapena erakunde internazionalista sortu zen. urtero antolatzen dituen brigadetan parte hartu izan duten sei lagun ekarri ditugu gurera, nahiz eta askoz gehiago izan zitezkeen.


Rebeka Gomez



Venezuela, 2012ko uda

"Brigadari esker, ezagutza, lagun eta irakaspen anitz jaso ditut. Argi ikusi dut bere buruaren kontzientzia eskuratzen duen herria suntsiezina dela, eta bere historiaren protagonista bilakatzen dela.Venezuelan klaseen arteko gatazka da nagusi, baina gatazka horretako aktoreak ez dira Gobernua eta oposizioa, paraleloki bizi diren hiru mundu bereizten baitira bertan: herri mugimenduek sustatutako prozesu iraultzailea batetik; jarrera argirik hartzen ez duen Gobernua bestetik, kide oportunistaz osaturikoa; eta oposizio eskuindarra azkenik, oligarkiak eta ideologikoki menperatutako klase ertaineko herritarrek babesten dutena.

Baina kontuan izan behar da venezuelarrek kontzientzia politiko eta soziala oso barneraturik dutela, munduko beste edozein herrialdetan baino gehiago eta, ondorioz, etengabeko eztabaidan bizi dira. Horrek bereizten du Venezuelakoa gainontzeko gatazketatik".

Maitane Txapartegi



Bolivia, 2012ko uda

"2005az geroztik, Boliviako Gobernua MAS (Movimiento Al Socialismo) eta Evo Morales Ayma indigenaren esku dago, eta herritarren babes handia dute. Brigadistok ikusi dugunaren arabera, herri mugimenduek eta batez ere sektore indigenek bultzatuta, aldaketa prozesua bizitzen ari da orain herrialdea. Urteetan zehar  baztertuak izan diren herritarrek, egun, lehen aldiz, erabakitzeko ahalmena eskuratu dute.

Jakin dugunez, MAS eta Evo Morales gobernura iritsi zirenean, herritarren parte hartzearen bidez asanblada konstituziogile bat osatu zuten, eta herritar guztien artean eginiko erreferendumari esker Konstituzio berria onartu. Errepublika izatetik nazio anitzeko estatu izatera igaro da Bolivia, eta 36 nazionalitate eta jatorrizko herriri beren nortasuna aitortu diete.Baliabide natural estrategikoen nazionalizazioan aurrerapauso handiak eman direla antzeman genuen bertan egindako egonaldian; horri esker, aberastasuna Boliviara itzuli da, eta hein handi batean osasuna eta hezkuntza hobetzeko erabili dute. Laguntza sozialak ere areagotu dituzte, hala nola, zaharrei eta ama berriei ematen dizkieten diru-laguntza bonoak."

Fredi Paia



Ipar Irlanda, 1998ko uda

"Hegoaldeko euskaldunok espainiar hizkuntza eta kulturarekiko dugun menpekotasunaz jabetu nintzen Ipar Irlandan egindako egonaldian, hizkuntzak muga baitira herrien arteko ezagutzan. Irlandako gatazka nazio askapen prozesu baten baitan kokatu behar dugu. Gatazka horretan erlijioak pisu berezia dauka iraganeko diskriminazio eredu baten ondorioz. Ostera, hizkuntza bezalako aldagaiek, azken urteetan garrantzia irabazi badute ere, bigarren mailako ardura dute.

Irlandako esperientzia oso hezigarria izan zitzaidan politikoki, gure gatazkarekiko antzekotasun handiak ditu eta; gainera, Europako herria izateak eredu errealistagoa bihurtzen du beste garapen eta ezaugarri sozioekonomikoetako lurraldeekin alderatuz. Besteak beste, Omagh-eko ekintza militarra oso hurbiletik ezagutu nuen, lazgarria izan zen eta ondorio nabarmenak izan zituen mugimendu independentistaren baitan. Horrez gainera, wisthela –bertako txirula mota bat– ikasten hasteko aukera eman zidan Irlandak, herri musikarekiko jarreran euskaldunok eurengandik zer ikasi handia dugu eta."

Martxelo Diaz



Palestina, 2007ko uda

"Palestina gatazka bizia pairatzen duen lurraldea da, eta bertara joateak gatazka horren ondorioak gertutik ezagutzeko aukera eman zidan. Jerusalemgo palestinarren etxeen birrinketak, Hebronen okupazioa, porlanazko Apartheid-aren Harresi itzela, errefuxiatuen eremuetako eguneroko bizitza, Israelgo Armadak jartzen dituen kontrolak, kolonia sionistak... Hori guztia gertutik ikusteko aukera eman zigun brigadak. Baina, batez ere, Israelen okupazioari aurre egiten dioten lagunekin egotea izan zen hoberena; 1948tik dihardute euren lurrak defendatzen eta, guztiaren gainetik, lur hori beraiena dela eta bertatik ez direla joango nabarmentzen dute. Duintasunaren eredua.

Gatazkaren muina zera da: Israel soilik judutarren eskubideak bermatzen dituen estatua dela, eta gainontzekoak bazterkerian bizi direla, apartheid egoeran. Nazioarteko legediaren aurka eginez okupazio hori mantendu eta areagotu nahi du Israelek, gero eta lur gehiago bereganatuz. Horren aurrean, bertan mende luzez bizi izan direla aldarrikatzen dute palestinarrek, herri bat direla, eta okupazioari eta nazioarteko konplizitateari aurre egiten diote."

Eneritz Arzallus



Mendebaldeko Sahara, 2012ko uda

"1975ean espainiarrek beren erantzukizuna bete gabe alde egin zutenetik, Marokok ilegalki kolonizatutako lurraldea da Mendebaldeko Sahara. Okupazio militarra ezarri zuten marokoarrek, sahararren lurretara milaka kolono eramanez eta bertako biztanleak ihes egitera behartuz. Ihesaldi horren ondorioz, gaur egun horren ezagunak zaizkigun Tinduf-eko kanpamentuetan bizi dira saharar asko, eta badira indarkeriaren aurrean bertan geratzea erabaki dutenak ere, beren etxeetatik euren eskubideen aldarrikapenei eutsiz. Haien herrialdean bigarren mailako herritartzat dituzte sahararrak, eta militarren presentzia izugarria, adierazpen askatasun eza, etengabeko jazarpenak, torturak, baliabide naturalen lapurreta, blokeo informatiboa… bizi dituzte.

Mendebaldeko Sahara kartzela handi bihurtu du Marokok, eta giza eskubideak etengabe urratzen ditu bertan, sahararren autodeterminazio eskubidea errespetatu gabe.Brigadistok El Aaiun hiriburuan egon ginen nagusiki, eta gertutik bizi izan genuen bertako errealitatea. Egoera latza izan arren, indarra eta konpromisoa dira bertan ikusi eta bizi izan duguna deskribatzeko hitz egokienak; euren borrokarekiko eta herriarekiko erakusten duten konpromisoa, eta borrokan jarduteko eta Marokoren neurrigabeko errepresioari aurre egiteko duten indarra."

Xabi Llodio



Argentina eta Uruguai, 2011ko uda

"Ekoizpen eredu alternatiboak eta memoria historikoaren auzia gertutik ezagutzeko aukera izan nuen. Lehenari dagokionez, Argentinan badira langileek berreskuratutako 200 lantegi baino gehiago, modu asanblearioan eta langileen gestiopean funtzionatzen dutenak; egun Euskal Herrian bizi dugun krisi kapitalistaren aurrean alternatiba erreal bat dira. Testuinguru horretan ezagutu genituen FA SIN PAT motako lantegiak (Fabrica Sin Patron –Ugazabarik gabeko fabrika–) eta Hotel Bauen bezalako lantegi erreferentzialak, baina horiez gain beste dozena bat esperientzia ere ikusteko aukera izan genuen.

Memoria Historikoari dagokionez, kontuan izan behar dugu bai Argentinan eta baita Uruguain ere erregimen faxista bana izan zela nagusi 80ko hamarkadara arte, eta beraz, memoria historikoa bizirik mantentzen laguntzen duten hainbat eragile daude. Garrantzitsuenak Madres de la Plaza de Mayo (Argentina) eta Memoria Plenaria y Justicia (Uruguai) dira."