Haritz Harreguy: “Musikaria errespetatzen ikasi dut"

Haritz Harreguy: “Musikaria errespetatzen ikasi dut" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haritz-harreguy-musikaria-errespetatzen-ikasi-dutquot/@@download/image/50p16-1.jpg
2005/03/04
elkarrizketa
Rafa Cabeza
Haritz Harreguy txiki-txikitatik murgildu zen musikan, eta geroztik, ez da mundu horretatik atera. Haritz Sen musika taldean ari da, baina horrez gain, teknikari eta ekoizle gisa dihardu Andoaingo Garate estudioetan. Azken urteotan, euskal musika talde ospetsu askoren diskoak grabatu ditu Usurbilgo gazte honek. Horrexegatik, bat baino gehiago "Harreguy zigiluaz" hitz egiten hasia da. 

Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?
Etxean sortu zitzaidan, osabaren bitartez -artzetarren bitartez, alegia-. Berehala hasi nintzen diskoak entzuten. Institutura joan nintzenerako, garbi nuen musika teknikaria izan nahi nuela, eta etxean erabateko babesa izan nuen. Institutuan konpetentzia handia zegoen zein karrera egin, selektibitateko notak... alde horretatik, ni oso lasai nengoen. Hain zuzen, selektibitatearen lehen egunean korrika atera nintzen belodromora joateko, Pantera eta Megadeth ikustera. Hurrengo egunean, azterketa nuen berriro. Ikasketak bukatutakoan Elkar diskoetxearen estudioan sartu nintzen, eta hantxe hasi nintzen. Kontutan hartu behar da hemen ez dagoela horrelako karrerarik, ezta Ingalaterran dagoen prestakuntza maila ere.

Estudioa sartu zinenerako, zure musika propioa egiten hasia zinen…    

Bai. Lehen taldea hamalau urterekin egin genuen: Aiotz. Ondoren, Larrua Truk sortu genuen.

Aiotz talde rockeroa zen, Barricada gogora ekartzen zuena...

Baliteke. Nik uste dut garai hartarako, eta ginen haur mokoak izanda, nahiko ondo zegoela.

Eta ondoren, Larrua Truk taldea etorri zen...

Bai. Larrua Truk taldearekin gehiago mugitzen hasi ginen: kontzertuak egiten, jendea ezagutzen… Estudioan ezagututako jendea kontzertuetan topatzen nuen, eta alderantziz. Bien bitartean, Elkarren estudioan urte batzuk eman nituen "pintxe" edo laguntzaile lanetan. Mikroak jarri, mikroak jaso, mikroak kendu... eta pixkanaka, taldeei grabazioak egiten hasi nintzen.

Garai hartan, Cesar Ibarretxe eta Jean Phocas soinu-teknikariekin aritzen zinen, ezta?

Normalean, Cesarrekin. Poliki-poliki astebururako lantxoak ematen hasi zitzaizkidan, "AEKrako kanta bat grabatu behar da, Haritzek grabatuko du", eta horrela. Egia esan, piloa ikasi nuen. Soinu-teknikari izateko ikasketak Andoainen, Bartzelonan, Madrilen eta abar egin daitezke. Leku horietan titulu bat edo zerbait lortuko duzu, baina ez duzu inon ikasiko estudioan baino gehiago. Hori argi dago.

Azken batean, lanbide bat ekinean ikasten baita, praktikan…

Behin batean, eskutitz piloa bidali nuen Ingalaterrako estudioetara, han laguntzaile bezala lan egiteko. Hilabete eta erdi pasatu nuen estudioz estudio, ate joka, baina ez zuten inor behar. Dirua bukatu zitzaidanean, McDonald´s batean hasi nintzen lanean. Azkenean, etxera itzuli eta Elkarren hasi nintzen berriro.

Garai hartan Kaki Arkarazo ezagutu zenuen, teknikari ospetsua izateaz gain, euskal musika talde handitan aritutakoa –Negu Gorriak, M-ak…- Nola izan zen?

Etzakit taldearen disko baten grabazioan elkarrekin aritu ginen Kaki eta biok. Ondoren, Latzen taldearen diskoa egin genuen. Garai hartan, Kakik esan zidan estudio propioa sortu nahi zuela, eta ea nahi ote nuen berarekin teknikari bezala aritu. Nik beldur pixka bat nuen, Kakik curriculum handia duelako. Egundoko zortea eduki dut, egia esan. Zuzeneko emanaldiek ere asko lagundu didate. Izan ere, Latzen taldearen zuzenekoetara teknikari gisa joaten hasi nintzen, eta jende gehiago ezagutu nuen. Bestalde, orduantxe Sen taldea sortu genuen, eta lehen diskoa Garateko estudioan grabatu genuen. Halaxe hasi nintzen lanean: diskoak grabatzen, entsegu lokaletara joaten...

Kaki Arkarazok itzal handia du euskal musikan. Zer ikasi duzu haren ondoan?

Gauza asko. Kaki oso musikaria da, eta oso azkarra. Segituan ikusten du taldea nondik eraman behar duen. Ez da tontakeriekin ibiltzen. Gitarra bati soinua jarri behar badio, di-da egiten du. Kakirekin ikasi nuen musikaria errespetatzen, eta hari erraztasunak ematen. Musikariari denbora asko galarazten badiozu, pentsatzen hasten da bere instrumentuak ez duela soinu onik ateratzen, ez duela ondo jotzen... Alde horretatik, Kaki oso zuzena da.

Disko batean produktore lana egiten duzunean, musika taldeen lokalera joan ohi zara, taldea bertatik bertara entzuteko. Produktorearen lana al da hori?

Begira, niri iruditzen zait hemen errazegi erabiltzen dela produktore hitza. Produktore batek zera esaten du: "Honek horrela izan behar du. Gustatu edo ez gustatu, horrela izan behar du. Bestela, ni ez deitu". Gure merkatu honetan, ezin dugu musika talde baten lokalera iritsi, eta harro-harro horrelakorik esan: "Begira, txikito honek ez du grabatuko"; izan ere, musikari horren ilusio handiena grabatzea baita. Hemen produktorea kanpotik etorritako norbait da; taldeari laguntzera, kanpoko ikuspegi bat eskaintzera etorritako norbait. Elkarlan moduko bat da. Nik taldeari gauza bat proposatu diezaioket, behar bada, uste dudalako kanta batean indar gehiago hartuko duela zati batek, edo gitarra konponketa bat… horrelako proposamenak izaten dira.

Musika talde batean sartzea, familia batean sartzea bezala da. Berehala ikusten da kapitaina nor den, liskarrak ote dauden...

Bai. Segituan nabaritzen duzu sheriff-a nor den, kantak nork egiten dituen, eta norekin hitz egin behar duzun. Ezin duzu ibili edonori esaten kantak nolakoa izan behar duen. Taldeetan beti daude pare bat lagun pisu gehiago dutenak. Egin behar dena da haiei lotu, hitz egin, eta estudiora joateko garaian, gauzak garbi eduki. Izan ere, estudiora lan gehiena aldez aurretik eginda joan behar da. Diskoen aurrekontuak ez dira ikaragarriak izaten, eta estudiora, bateriari soinua hartu eta grabatzera sartu behar duzu. Klaketak eta gidak prestatuta eraman behar dira lanean hasteko. Lokalera joaten naizenean, musika taldeei horixe esaten ahalegintzen naiz.

Grabatu dituzun diskoetatik, zein saldu da gehien?

Soziedad Alkoholika: 40 mila bat ale saltzen dituzte. Baina beste batzuk ere ari dira saltzen: Barricada, Ken 7...

Madredeus taldea ere aritu zen zuekin... zer moduz?

Bi disko nahastera etorri ziren. Dena den, hau bezalako lan batean arituta, mitoen kontu hori kendu egiten zaizu. Madredeus taldekoek errespetua ematen zidaten; izan ere, ez dakizu nolako jendea izango den: 45 urte inguruko jendea, folka egiten duena... baina, azkenean, sagardotegian bukatu genuen parrandan! Oso jende naturala da. Ez dakit zenbat milioi disko saltzen dituzten, baina oso-oso jende jatorra da.

Asko arduratzen al zaitu diskoen salmenten kontu horrek?

Bai. Azkenean, estudiora etortzen zaizkizun musika taldeekin adiskidetasuna egiten duzu, eta beti pentsatzen duzu: "Nahikoa saltzen ez badute, agian ondorengo diskorik ez da izango". Eta bai, azkenean arduratu egiten zara alde horretatik. Ondoren, beti galdetzen diezu taldekoei ea zer moduz joaten ari zaien. Diskoa kaleratu eta jendeak entzun arte, beti arduratu samar ibiltzen zara. Gustatzen zait taldeak kontent gelditzea.

Oso kritikoa al zara zeure buruarekin? Zuk grabatutako diskoak entzuterakoan, zer etortzen zaizu burura?

Askotan, kanta bat entzuten duzu lokalean, eta pentsatzen duzu kanta hori diskoan izugarri ondo geratuko dela. Baina gero, agian, gauzak ez dira zuk espero bezala gelditzen. Eta alderantzizkoa ere gertatzen da: kanta batzuk askoz hobe gelditzen direla grabatu eta gero. Diskoekin gauza bera da: zenbaitetan, ikusten duzu ondo asmatu duzula, eta beste batzuetan, berriz, ez zarela hain fin ibili.

Aurten, zein talde dituzu grabatzeko zain?

Ken 7 akustikoan grabatuko ditut. Surfing Kaos, Madrilgo talde bat... lana badago.

"Gozamena da Barricadakoekin lan egitea"



Zer moduzko esperientzia da Barricada bezalako talde mitiko batekin lan egitea?
Silvio Rodriguezen bertsio bat grabatzera etorri ziren. Bi egunetarako aurrekontua zuten, eta oso bitxia izan zen, dena lehenengo saiakeran grabatu baitzuten. "Drogas" kantatzera sartu zen estudiora, eta lehenengo saioan oso ondo egin zuen. Gero guregana etorri zen, eta "nik uste ondo dagoela", esan zuen. Eta nik esan nion: "Baina... lehenengo saiakera da eta". Eta berak erantzun: "Bai, baina ez dakit zer hobetu daitekeen hemen". Egia esan, primeran abestuta zegoen. Kantariak nahiko zorrotzak izaten dira, eta hauek Barricada izanda… harrigarria izan zen.
Dena grabatu genuen, eta ni nahasketa txiki bat egiten hasi nintzen, hurrengo goizean jarraitzeko. Nahasketarekin hasi eta esan nien: "Zerbait ikusten baduzue, esaidazue". Eta beraiek: "Jarraitu. Oso ondo entzuten da". Eta une bat iritsi zen, ez nekiena zer egin! "Oso ondo zagok. Gorde ezak eta kitto". Azkenean, bi egunetarako aurrekontua izan arren, egun bakarrean egin genuen lan guztia. Ondoren, disko bat grabatzera etorri ziren. Hilabete osoa Barricadakoekin, hori luxu handia da! Konfidantza osoa jartzen dute zugan, eta oso apalak dira. Gozamen hutsa.

“S.A.-koek mehatxu gogorrak dituzte”



Astebukaeretan Soziedad Alkoholika taldearen zuzeneko teknikari gisa aritzen zara. Zer moduz?
Niretzat gozamen hutsa da. Oso harreman ona dut taldekoekin; oso jende jatorra da. Gainera, izugarrizko soinu ekipoa jartzen didate, toki guztiak leporaino betetzen dituzte, bidaia egiten dut... zer gehiago behar du batek? Gainera, ni ez naiz oso parrandazalea; kontzertua bukatu eta berehala hotelera joaten naiz, eta hurrengo goizean etxera.

S.A-koak boikot latza jasaten ari dira, baina gogor jarraitzen dute…
Bai, harrigarria da. Izugarrizko mehatxuak dituzte. Nonbait kontzertua ematen badute, web orrian sekulako mehatxuak agertzen dira. Hil behar gaituztela, kontuz ibiltzeko... baina gero, kontzertura nola demontre gerturatuko da faxistaren bat! Bi mila pertsona daude-eta aretoan! Jendea kanpoan sarrerarik gabe gelditzen da... eta ikuslegoa taldearekin bero-bero egoten da.

Etxean ere denbora pixka bat egin beharko duzu, ezta?
Def Con Dos taldekoek eskaini zidaten haiekin urte osoan biran joatea, eta bikoteak animatu ninduen aurrera egiteko: Argentina, Mexiko, AEB, Japonia, Italia, Espainia... baino gehiegi iruditu zitzaidan. Gainera, estudioko lanarekin eta SA taldearekin kategorian nago! Oso gustuko dut neskarekin egotea, lagunekin bokata bat jatea, Reala ikustea...