Gose: "Ernion, gauerdian joko genuke"

Gose: "Ernion, gauerdian joko genuke" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gose-quoternion-gauerdian-joko-genukequot/@@download/image/58p38-1_1366202418.jpg
2005/12/02
elkarrizketa
Gose: "Ernion, gauerdian joko genuke"
Bad F-Line taldearen enbor indartsutik sortutako proiektu berria da Gose. Trikitia eta musika elektronikoa nahastearen ondorio gisa, zapore bitxia dario Oihuka diskoetxeak kaleratutako beren lehen diskoari. Zuek ere gose al zarete? 

Zer dela eta gose izen hori? Zeren gose bizi zarete?
Gauza askoren gose da Gose. Bide berriak arakatu eta gose hori asetzeko erak bilatzearen gose. Aurreiritzi guztiak alde batera utzi, eta nahi denaz gozatzearen gose. Asetu artean izango da Gose gose.

Sexua da diskoaren ezaugarri nagusienetako bat, zer dela eta?

Sexuari buruz hitz egiten dugu edozein gauetan, hemengo edozein neska edo mutilek, ar edo emek, egin ahal duen beste. Baina hitzak gauak daramatza, eta gureak, kantatuta eta idatzita geratzen dira…

Trikia eta musika elektronikoa uztartu dituzue. Oso modan dago lekuan lekuko estikoak eta elektronikarekin esperimentatzea, ezta?

Ez dakigu esperimentatzea modan dagoen, baina asko maite dugu bide berriak arakatzea. Hasieratik izan da gure asmoa, gutariko bakoitzak egiten dakiena uztartzea: sekuentziak eta elektronika (Iñaki eta Tadeos) eta trikia (Ines), baina trikitilari izan gabe.

Harremanik ba al duzue betiko trikitixa munduarekin?

Betidanik ezagutzen dugu trikia; txistorra eta sagardoa bezala. Azken hauek, beti erakutsi izan dizkiguten bezala ditugu gustuko, baina hala ere, trikiaren soinua gustatzen zitzaigun, baina ez hainbeste modua. Gertuago sentitzen ditugun beste erritmo eta soinuekin nahastu nahi izan dugu, eta gugana ekarri, errezeta berria sortu nahian.

Ausartuko al zinateke Ernion aritzera?

Ez dugu uste lekuak garrantzia duenik. Noski ausartuko ginatekeela Ernion jotzera, baina ez igandeko eguerdiko hamabietan, larunbateko gaueko hamabietan baizik.

Zeintzuk dira zuen trikitilari kutunenak?

Mauriziaren jarraitzaile sutsuak gara.

Trikia eraman al daiteke dance klubetara?

Trikia gustatzen zaigu, trikia instrumentu bezala, baina ez soilik fandango, arin-arin eta porrusaldak. Maite dugu trikia, baina ez gara trikitizaleak. Trikia betiko erritmo eta doinuetatik aldendu nahi izan dugu, eta bide berriak ere jorratu ditzakeela erakutsi; ohiko dituen plaza eta erromerietatik atera, eta klubera eramatea.

Zer du Gosek Bad f-Linetik? Eta zer da erabat berri?

Iñaki eta Tadeos -taldearen %66, alegia-, Bad f-linen ari da. Horrez gain, ordenagailua berdin pizten da -ON-, eta sekuentziagailua eta samplerra erabiltzen ditugula abestien oinarria sortzeko. Oinarrian, lana egiteko modu bera da: sekuentziak, baseak, baxuak… Hortik aurrerako guztia da bestelakoa: soinuak, formak, koloreak, erritmoak, ahotsak… Sintetizadore eta gitarrek lekua uzten diote trikiari.